- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
gutun / kutun (guthun 1571: Leiz; kutun ~1597: EspGut; buthun 1643: Ax). ■ Hitz orokorra. Herskari hasperenduna (-th-) du eskuarki iparraldean. Forma g-duna iparraldeko testuetan ageri da; k- hegoaldekoa da gehienbat, eta b- Axular eta Haranederrengan aurkitzen da (Urdiainen ere jaso izan da).
‘Eskutitz, idazki’ esanahia du iparraldean (Leiz hetarik guthunak anaietara harturik, AdZibTH (1616) adbertitzen zitüt güthün hunzaz, EtxZib zeruetako guthunetan beregainki gordea); zubereraz, badu ‘liburu’ adiera ere (Gèze eta Intxausperen arabera, pluralean; “livre, librü, güthünak” Gèze). Hegoaldean ‘amuleto’ adieran erabili izan da; cf. jad. IbargC: “nóminas que las llaman kutunak, para con estas reliquias defenderse de los truenos, relámpagos y la piedra llovediza”; maiz poltsatxo bat izan ohi zen, lepotik zintzilik ibiltzekoa (Barrutia begizkorik eztegizuen bulartxorean isegi), eta erlikiak, erlijiozko hitzak idatziak zituen paper-puskaren bat, edo beste gauza preziatu edo baliozkoren bat izaten zituen barruan (AgirAst erlikia oriek kutunen bat edo zer dira?). Hortik dator testuetan XVIII. mendean agertzen den ‘pertsona, gauza… maiteen, gogokoen’ adiera (Larm teologo guzien gallurra… Eleizaren kutuna, Kardab Erregiñaren konfianzarik andieneko kutuna, AgirAst beren kutun ta adiskide laztan ardoa); izenondo moduan ere oso erabilia da (Kardab dama kutun laztana, Añib adiskiderik kutunenak, ArreseB o! egun kutuna!); kuttun forma sabaikariduna XX. mendeko testuetan agertzen da.
□ Martín de Cutuneguieta izena dago agiri zaharretan (ArchEib 1513), baina ez dakigu hitzaren adibide den (Mitxelena 19733: 117). Bestalde, iberierazko kutur-ekin lotzen du euskal hitza Ferrer i Janék (2014: 252-253); eztabaida honetan, autore berak gogora dakar bere ustea, zeinaren arabera euskara eta iberiera ahaidetuak dauden (zenbatzaileak ditu uste honen oinarri; honen aurka, ik. de Hoz 2011); alabaina, jarraian, euskaldunek iberierari harturiko mailegutzat du gutun. Iberierazko hitzak, dioenez, ‘testu, idazki’ zukeen esanahia, eta espezializazioz ‘mezu, gutun’ garatuko zuen. Euskal hitzak ‘amuleto’ esanahia ere izatea iberierazko kutur-en erabilera botiboekin lotzen du. Idazkera sistemekin iberieraren bitartez izango zuten euskaldunek lehen kontaktua, eta idazketa jardunekin lotua dagoelako azaltzen du Ferrer i Janék hitz honen mailegatzea. Ageri denez, argudio honek ez du irozgarri sendorik: ez da oraindik ezagutzen euskaraz idatzitako idazkun iberiarrik, ez eta Antzinateko lekukotasunik horrelako ezer pentsatzera eraman gaitzakeenik; euskal hitzak Antzinatean inoiz modu sistematikoan idatzi baziren, idazkera latindarrarekin idatzi ziren (cf. akitanierazko lekukotasunak). Horretaz gain, ohar bedi ez dakigula ziurtasunez iberierazko hots segida horren esanahia, usteak uste, eta, bestela ere, euskarazko hitz bukaerako -n > -r- bakarrik elkartu-eratorrietan gertatzen da, ez maileguen egokitzapenean, eta ez -r > -n norabidean.
gutundegi (‘postetxe’: Larm (-tegi); ‘liburutegi’: Azk, Zerbitz [Frantziako gutuntegi-nausian]), gutunkari (‘postari’: FedProp 1900), kutuntasun (Arana [Jaungoikoarekin adiskidetza ta kutuntasunik andienarekin tratatzea]), kutuntxo (Etxag [nere kutuntxo laztan maitea]).
► Dirudienez arabierazko kutub du jatorri, kitab ‘idazki, liburu’ hitzaren pluraleko forma, Schuchardtek fr. coton-ekin erkatzen badu ere (1922a: 69). Wartburgek (FEW 19, 102b, quṭun) Schuchardt aintzat hartzen du, baina bertako zerrendan euskarazko kutun “Brief” nabarmen ageri da erromantzezko aldaera guztien artean, bakarra baita kotoiarekin zerikusirik ez duena.
Mitxelenaren ustez (1964b: 128) arabierari zuzenean hartutako hitz bakanetakoa izan liteke, bitarteko erromantzerik gabekoa. Hala bada, aipagarria da euskarak artikulurik gabeko forma mailegatu izana, hizkuntza ibero-erromantzeetan gertatu ohi zenaz bestela (cf. algodón); ohartzekoa da, halaber, pluraleko forma mailegatu izana. Ez dakigu bi auzi hauen arrazoi zehatza zein den, ez eta lotuta dauden ere.
Hastapeneko g- herskari ahostuna duen forma joera orokor ezagunaren erakusgarri da (cf. bake, dorre…); buthun aldaera aise azal daiteke (cf. gurdi/burdi; FHV 259). Zub. ez dago khütün aldaerarik, baina ez dakigu hau maileguaren antzinatasun zantzu moduan har litekeen (cf. zub. thiti, thorre, phützü baina bake). Bukaerako -b, ezinezkoa euskaraz, -n hotsarekin egokitu bide zen.
Iparraldeko esanahiak arabierazkotik oso hurbil daude; hegoaldeko ‘amuleto’ adiera euskararen barreneko bilakaera dirudi, lepokoen barruan erlijiozko testutxo bat eramateko ohituraren ondorio.