Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiak plazaratzen dituen datuak hiru atal nagusitan daude sailkatuta: deiturak, pertsona-izenak eta lekuak. Banaketa horretan islatzen dira onomastikaren jakintza-arloari aitortu ohi zaizkion bi sail nagusiak: antroponimia (pertsona-izenak, deiturak) eta toponimia (Euskal Herrikoa, mundu mailakoa).
Datutegiaren bidez, Akademiak berezko duen zerbitzu arauemailea gauzatu nahi du, gizarteari izen berezi horiek euskaraz nola erabili behar diren adieraziz, aholkatuz edota iradokiz. Datutegian erakusten diren informazio guztiak, hala ere, ez dira Euskaltzaindiaren lanen emaitza eta, ondorioz, ez dira Akademiak bermatutako aldaerak. Izan ere, datutegian ikus daitezkeen deitura, pertsona-izen eta toponimo hauetako batzuen idazkera akademikoa arau baten bidez finkatua du Euskaltzaindiak; beste asko Onomastika batzordearen beraren lanen emaitza dira, eta haren bermea daukate; azkenik, asko dira irizpide egokiei jarraituz egindako ikerketen emaitzak, baina ikerlari edo ikerketa-talde batzuek egindako lanetatik hartu dira, eta ez dute, beraz, Euskaltzaindiaren berariazko oniritzirik.
Erregistro guztietan ematen da aditzera zein den proposatutako idazkeraren berme-maila eta, askotan, erabiltzaileak neurtu beharko du aldaera bakoitza noraino izan daitekeen behin betikoa, behin-behinekoa edota zalantzazkoa.
Corpus onomastiko honetan, hirugarrenen lanen edukiak sartu dira, arloan ospea eta gaitasuna dutelako. Ondorio horretarako, behar diren baimenak eta lizentziak eskatu ditu Euskaltzaindiak, eta, horrenbestez, behar diren jabetza intelektualeko eskubideak eskuratu, oker edo hutsik ezean. Edukiren batek hirugarrenen eskubideak hausten dituela uste baduzu, eman iezaiozu berehala horren berri Euskaltzaindiari (honako helbide elektroniko honetara idatziz: info@euskaltzaindia.eus), beharrezko neurriak berehala har daitezen.