Donostia’n, Diputazioaren jauregian, 1964-X-30. In:. Euskera. — Reed. — Bilbao : Euskaltzaindia ; Donostia-San Sebastián : Sendoa , 1982 . — 17. libk. (1937-1953 ) ; 184-185 or.
Testuingurua
1964-10-30ean eman zen Euskaltzaindiaren Osoko bilkuran Baionako erabakien berri, batzar-agirian jasotzen den bezala. Orduan Euskaltzaindiak batzorde bat eratu zuen erabaki horiek balioesteko, lau euskaltzain izendatuz: Fernando Mendizabal, Santi Onaindia, Luis Villasante eta Koldo Mitxelena.
Tamalez, egun horretako batzar-agiria (orduko beste hainbat bezala) ez zen 1982ra arte argitaratu, Sendoa argitaletxeak Euskera agerkariaren edizio faksimile bat argitaratu arte, zeinetan eranskin gisa ordura arte argitaragabeko hainbat material erantsi zen.
Luis Villasante
Profila
“Aita Luis Villasante Kortabitarte Gernikan jaio zen 1920ko martxoaren 28an eta Arantzazun hila da 2000garreneko abenduaren 2an.
Gaztetxo zelarik, Frantziskotarren Ordenan sartu zen. Lehen ikastaroak Arantzazun egin zituen (1931-1934) eta jarraian Foruan (1935-1936). Hurrengo urtean egin zen fraide. Gerra ondoan Filosofia ikasketak burutu zituen Oliten. Han hasi zen Jose Benito Mendiaren eraginez euskararekin arduratzen. Gero, 1944tik 1947ra arte, Teologia ikasketak Comillas-ko Unibertsitatean burutu zituen.
1945ean ordenatu zen frantziskotar fraide eta handik bi urtera Teologia irakasle izendatu zuten Arantzazuko frantziskotarren komentuan, 1978ra arte. Aldi berean euskarazko irakaskuntzan arduratsu. Bere ustez, euskara Euskal Herriko ondore ezaugarria zen. Euskaraganako lan eta jokabideengatik, 1951n euskaltzain izendatua izan zen. Gainera, 1970eko irailetik 1988ko abendura arte Euskaltzainburu. Bere merezimenduengatik, 1992an omenez eskaini zion Euskaltzaindiak askoren artean osaturiko lker-6 liburuki gotorra.”
(Juan San Martinek 2001-04-07an Euskaltzaindiaren Ageriko bilkuran irakurritako hilberri txostenetik hartua, hemen argitaratua: Euskera, 46 (2001,1) 483-487)
Villasanteren txosten argitaragabea (azken zatia): ABA-EUS 1.100.01.1964-11 (KEA-0034)
Aipamena
“Eta azkenik, Euskaltzaindiak legezko indarra eman bear ote die Erabaki hoei? Hori bearbada geigitxo izango litzake. Oraingo erabaki batzuk, lehenago, Euskaltzaindiak berak artutako erabakien kontra baitaude. Gaiñera, Euskaltzaindiak erabakitzea aski izaten da batzuk kontra jarri ditezen. Menturaz onena izango da begi onez ikusten ditugula esatea edo gomendatzea, eta utzi ea denborakin indarra artzen duten.”
(Luis Villasanteren txosten argitaragabea [azken zatia], 1964ko azaroa)