Gaztetxoentzako Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1986an sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateekin, eta 1990a arte iraun zuen. Urte haietan ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik. 1991tik aurrera Bilbao Bizkaia Kutxaren eskutik Euskaltzaindiaren baitara bildu zenez, hemen beraren berri oso-osorik ematea erabaki da, eta horregatik ageri dira bertan aldi hartako sarituak eta haien idazlanak.
Atal honetan sarituak izan diren haur eta gazteen idazlan guztiak zerrendatu eta oinarrizko informazioa eskaintzen da. Horretaz gain 1991tik aurrera saritutako narrazio eta olerki guztien bertsio digitala eskaintzen da. Esan gabe doa, jarraiko urteetan sarituko diren lanak, molde berean, atal honetan integratuz joango direla. Aukera aparta urte hauetan sarituak izan diren idazleen zerrenda oparoa ikusteko. Horietarik batzuk badira nor gaur egungo euskal literaturan.