Baiona’ko Biltzarraren erabakiak : (1964-eko agorrillaren 29-30) / Idazkaritza’ko Hizkuntza Saillak ; [antolatzaileak, Txillardegi … et al.].– Baiona : Euskal Idazkaritza, 1964 (Imp. des Cordeliers), 7 or. ; 22 cm.
Testuingurua
Baionako Euskal Idazkaritzaren biltzarra (1964) ez da oso aipatua izan euskaltzaleen artean, baina garrantzi itzela izan zuen euskara batuaren historian. Han hartutako erabakiek, liburuxka xume-xume baten gisa zabaldurik, bete-betean iragartzen dituzte lau urte geroago, aldaketa batzuekin, Arantzazuko biltzarrean (1968) hartuko direnak.
Jean-Louis Davantek parte hartu zuen biltzar aurreko bileretan eta biltzarraren sarrera mintzaldiaz kargutu zen; behin baino gehiagotan mintzatu da bilkura haren garrantzi historikoaz eta, berriki, Euskaltzaindiak jardunaldi batzuk antolatu ditu Baionan haren kariaz (2018ko irailaren 13an), berau ere hizlari zelarik.
Jean-Louis Davant (Juantxo Egañaren argazkia)
Profila
Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa) jaio zen, 1935eko uztailaren 5ean. Lanbidez agronomia ingeniaria, erretiroa hartuta dago Hazparneko Laborantza Eskolan irakasle izatetik.
Euskaltzain urgazle izendatua 1965eko irailaren 24an eta oso 1975eko otsailaren 28an. Euskaltzain emeritua da 2010eko uztailaren 23az geroztik.
1963an, Baionako Euskal Idazkaritza Elkartearen kide izan zen, euskara idatziaren batasunari bidea bilatzeko. Zortzi hilabetez astero bildu zen horretarako Txillardegi eta hainbat lankiderekin. Baionako Biltzarraren Erabakiak 1964an aurkeztu zituzten, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean.
Jean-Louis Davant, Baionako Idazkaritzaren sarrera mintzaldia, 1964-08-29an egina eta hemen argitaratua: “Baionako biltzarra (1964)” in Nerekin yaio nun : Txillardegiri omenaldia, 2005, 217-217 or.
Aipamena
“Batasuna, Euskaldunen betiko ametsa eta nahikaria… Batasuna, harri zaharretan eta erredoletan, bai eta behinere baino gehiago, euskal bihotzetan barna sartua den helburua… Batasuna, Euskal Idazkaritzak zuekin Euskaltzaindiaren inguruan, bilatzen duen xedea…
Batasuna, oroz gainetik eta lendabizikorik, gure mintzaia maitean finkatu behar dugun oiñarria… Batasuna izan dadila, gaur eta gero ere, gure griña, gure kezka, gure arrangura lehena. Batasunari esker, agian luzaz biziko dira gure populua, gure Herria, gure Aberria, beste populu, Herri eta Aberri ororen artean.”