Mintzola Fundazioa 2021ean azkendu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegia izango da aurrerantzean. Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren lan-eremua, lehentasunezko lan-ildoak eta jarduerak finkatu ditu eta horiek guztiak landu nahi ditu, euskarazko ahozko jardunaren inguruan lan egiten duten eragileekiko lankidetzan.
Mintzola Fundazioak 2008-2021 aldian egindako ibilbidea ezagutu nahi baduzu klikatu hemen.
Mintzolaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna izango da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera.
Ahozkotasuna oso errealitate zabala da. Ahozko hizkuntza ekintza komunikatiboen ugaritasun eta aniztasun izugarrian mamitzen da, eta bertan ekintzaren aldagai askotarikoek parte hartzen dute. Aldagai jakinen batuketak eraikitzen dituzte testuinguru formal edo informalak eta bi muturren arteko continuum batean uler litezke ahozkoaren “unitate” sailkagarriak, testuinguruaren arabera. Horrela hitz egin liteke hizkera eraikiaren eta hizkera eraikigabearen arteko bereizketaz, edota diskurtsoaren eta jarioaren artekoaz, formalkiago eta informalkiago eraikitakoaz eta abar, beti ere continuum batean ari garela jakinda.
Eguneroko hizkeraren antolaketa formalaren maila txikienetik hasita, formaltasun mailan gora doazke hizkera antolatuak (hitzaldiak, klaseak, albistegiak...), eta ahozko jardun eraikiaren adar berezia osatzen dute kulturgintza-adierazpideek.
‘Eguneroko hizkera’ dei dezakegun jario, elkarrizketa-multzo eta jardunak, antolaketa formalaren maila txikienekoak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena osatzen du. Beronetan daukagu egungo euskal komunitatearen garapenerako galdegai nagusietako bat. Eguneroko hizkeraren arloan, euskararen komunitateak ataka bereziak ditu. Horri erantzutetik abiatuko da ikerketaren jarduna. Asko dira problematika horren inguruko alderdiak: euskaldun tipologia zabal batengan ahozko adierazkortasunean nahikotasun maila lortzeko arazo egiturazkoak, gaztelera edo frantsesaren aldean, adierazkortasun erlatibo apala, euskalkien lekua, euskararen aldaeren funtzioak, digitalizazioaren eraginak eta beste hainbat gai korapilatzen dira inguru horren bueltan.
Eguneroko hizkera zer nolakoa den ezagutu nahi da; bai eta adierazkortasun baliabideak lantzeko bideak eta tresnak sortu ere.
Eguneroko hizkeraren galdegaiak erdigunean direla, ahozkotasunari helduta, maila desberdineko ikerketa-jardunak sortzen dira. Batetik, abiapuntuko ikerketak: objektua bera kokatzea, eguneroko hizkeraren ezaugarriak aletzea, euskal komunitateak arlo horretan duen egoera diagnostikatzea. Beste batzuk, ikerketa aplikatuagoak: eguneroko hizkeraren hobekuntzan eragiteko tresnak hezkuntzan, hedabideetan eta bestelako bideetan. Hauek izan litezke ildo horri lotutako azpilerro nagusi batzuk:
- Eguneroko hizkera informalaren ezaugarriak eta horren egoera euskal komunitatean. Oinarriak, corpusa eta diagnostikoa.
- Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: jardunbideen azterketa, eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
- Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hezkuntza arautuan lantzeko bideak eta tresnak.
- Aisialdi antolatuan eta hezkuntza ez-arautuan adierazkortasun-baliabideak lantzeko bideak eta tresnak.
- Eguneroko hizkerarako adierazkortasun-baliabideak hedabideetatik eta ingurune digitaletatik sustatzeko bideak eta tresnak.
- Eguneroko hizkerarako adierazkortasun-baliabideak lantzeko bestelako bideak.
- Hitanoa lantzeko eta hedatzeko bideak eta tresnak.