Lehen euskal hiztegi bateratua / Edición al cuidado de Ricardo y Begoña Arregui.-- Bilbao : Kriselu, [1969?]
Karpeta 1. ; 35 cm.-- (Hastapenak ; 1)
Makina-izkribu argitaragabea.
Testuingurua
Euskara batuaren prozesu konplexu horren beste adar bat da Arantzazuko biltzarraren (1968) erabakien argitalpena eta hedapena. Euskaltzaindia bera, eta prozesuan engaiaturiko euskaltzaleak oro har, oso ohartuak ziren hedapen masibo eta, aldi berean, egoki baten beharraz. Baina, jakina denez, testuinguruak ez zuen askorik laguntzen: euskal argitalpengintzak oraindik urte luzeak beharko zituen gutxieneko normalizazio batera iristeko.
Irudian duzuena da, agian, Arantzazuko erabakiak zabaltzeko lehen ahalegin sendoa. Rikardo eta Begoña Arregi anai-arrebek oinarrizko testu-bilduma bat prestatu zuten; asmoa, itxura guztien arabera, Kriseluk argitaratzea zen, baina makinaizkribu gisa baino ez zuen argia ikusi, eta horrela zabaldu zen orduko euskaltzaleen artean.
Hau da edukia:
- Luis Mitxelena jaunak Arantzazuko Biltzarrean zuen ponentzia
- Hiztegi bateratuari Luis Mitxelena jaunak ipini dion ataria
- Lehen euskal hiztegi bateratua
Rikardo Arregi
Profila
“Rikardo Arregi Aranburu Andoainen jaio zen , 1942-ko irailaren 22-an.
Eta hil, 1969-ko uztailaren 10-ean hil zen, auto-ixtripu batean, Motrikuko lurraldetan (Mendaro ondoan), Bilbaorako bidean Euskaltzaindiaren Biltzarre batera zihoela.
Rikardo euskal herrietan oso ezaguna zen, euskal kultugintzako gazteetarik ezagunena, dudarik gabe. Ezaguna bezin estimatua zen Rikardo bai artikulari gisa, bai alfabetatzaile bezala. Bi hildo hautan erain zituen Rikardok bere dohainik hoberenak.
[...]
Beste euskaltzale batzuekin, 1966-garrengo urtarrilean egin zion Euskaltzaindiari Alfabetakuntza sortzeko eskabidea. Eta geroztik bera izan zen eragilea, bai alfabetatze-kanpainak antolatuz eta bai herriz herri hitzaldiak emanez. Alfabetatze Batzordearen idazkaria zen.”
(Joan Mari Torrealdaik 1972-04-18an Okzitaniako Tolosan idatzitako hilberri txostenetik hartua, hemen argitaratua: Euskera, 17 (1972) 287-289).
Rikardo Arregi, “Euskal alfabetatzearen lehen epea” txostena, 1969, ABA-EUS 1.206.03.1969-32 (KEA 0048)).
Aipamena
“Bere hasiera hontan garai txarra tokatu zaio euskal alfabetatzeari, hortan gebiltzan asko sakabanatuak aurkitu baigera. Horregatik gauza gehienak nolabait besterik ez dira egin. Probisionalki eginak izan dira neurri handi batean.
Baina orain eskarmentua ba dugu ta serio lanari ekiteko ordua heldu dela uste dugu. Kontu-emate hau, horregatik, oso laburra izango da. Estadistika eta gainontzeko zeaztasun guztiak ez baiditugu behar bezala jaso. Zirkunstantzie txar batzuetan ahal duguna besterik ez da egin. Sentidu hortan irakasleentzat agiri gehiegi zabaldu ditugu ta beste zenbait oker ere egin ditugu.
Horregatik alfabetatzaile guztiok Biltzar bat egiteko asmoa dugu, eskarmentuak erakutsi diguna jasoteko ta etorkizuenean serio[a]go lana egiteko.”