ABA-EUS 1.209.1968-24 Mitxelenaren txostena
Testuingurua
Irudian dagoena Mitxelenaren jatorrizko txostena da (Arantzazu, 1968), gero Euskeran argitaratu zena. Euskaltzaindiaren ondoko araugintza guztiaren lehen harri edo giltzarritzat hartu izan da beti, eta Akademiak berak hala aitortu zuen zero arau gisa sailkatu zuenean bere webgune ofizialean. Zaila da bere garrantzia neurriz gain hartzea.
Lehen argitalpen ofiziala hemen izan zuen:
“Ortografia” / Luis Mitxelena, in Euskera, 13 (1968) 203-219 or.
Jatorrizkoa, berriz, Akademiaren artxiboan dago, hemen:
ABA-EUS 1.209.1968-24 (KEA-0043) Mitxelenaren txostena.
Koldo Mitxelena 1968ko udan Erronkaribarren, erronkariera ikertzen, Joan Coromines eta artzain ezezagun batekin.
Profila
“1987ko Urriaren 11n zabaltzen da berria, berri latza: ustegabean eta ia supituki hil zaigula Mitxelena (G.B.). Albiste honek beronek bazterretan altxarazi duen oihartzunak aditzera eman du -erarik adieragarrienean eman ere- Mitxelenak euskal kulturaren munduan duen izenaz eta balioaz guztiok jabetzen ginela.
[...]
Koldo Errenterian jaio zen. Haren familia, ekonomi aldetik, ez zen, dirudienez, lasaiegi bizi. Aita saskigilea zen. Ama, berriz, jatorriz, Iparraldekoa. Pobrea izanik ere, orduan “bachillerato elemental” deitzen zena Donostiako Institutuan egin ahal izan zuen Koldok.
Berberak aitortu duenez, haur eta gazte denboran, erabat uzkur eta lotsati zen; gero, berriz, adinarekin eta hartutako masailekoekin beldurra eta lotsa, bi-biak galdu omen zituen.”
(Luis Villasantek 1987-12-18an Euskaltzaindiaren Ageriko bilkuran irakurritako hilberri txostenetik hartua, hemen argitaratua: Euskera, 33 (1988, 1) 139-143).
Ortografia / Luis Mitxelena
Aipamena
“Ezin-bestekoa, il-edo-bizikoa, dela uste dugu euskera batua batasun-bidean jartzea. Haur eta gazteei euskera irakasten baldin bazaie, eta euskeraz irakatsi behar euskera biziko baldin bada, premiazkoa da guztiei batera edo bateratsu irakastea. Nahi eta behar dugun batasun hori, lehen urratsetan behintzat, euskera idatziarena, izkribuzkoarena, da. Eta, euskera idatziaren barrutian, irakaste-lanean dugu beharrenik batasun hori, irakurlearen atseginerako egiten den literatura “ederrean” baino areago.”
(Koldo Mitxelena, “Ortografia” [Arantzazuko biltzarrean aurkeztutako txostenaren lehen paragrafoa], in Euskera, 13 (1968) 203).