“Propuesta de Reglamento para Euskaltzaindi y Euskaltzaindiaren Laguntzalleak” (ABA-EUS, 1.206.03.1959-17 (KEA-0027)).
Testuingurua
Jean-Louis Davantek antzeko hitzez behin baino gehiagotan adierazi duen bezala, “Koldo Mitxelena izan zen euskara batuaren aitapontekoa. Baina aita, Txillardegi, hori garbi dago” (Naiz, 2018-09-13). Zaila da balioespen biribilagoa egitea.
Denok dakigunez, horrelako prozesu baten konplexutasunak azalpen luzeagoak behar ditu, baina edozein kasutan ukaezina da Txillardegiren protagonismo handia hasiera-hasieratik. Baionako Euskal Idazkaritzaren Biltzarrean (1964) izan zuen gidaritza argia alde batera utzirik ere, merezi du gogoratzea lehenagotik ere hasia zela euskara batuaren aldeko lanean, beti Euskaltzaindiaren barruan jardunez. Hemen duzue, adibidez, 1960ko ekainean Euskaltzaindiari aurkeztu zion “Propuesta de Reglamento para Euskaltzaindi y Euskaltzaindiaren Laguntzalleak” txostena, ildo horretan kokatzen dena.
Jatorrizko proposamena, egileak berak sinatua, Akademiaren artxiboan gordetzen da. Txillardegik berak argitaratu zuen Euskal Herria helburu liburuan (1994, 153-156 or.).
Txillardegi hizlari Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarrean (1978), Bergarako Errege Mintegian.
Ezkerretik, Koldo Mitxelena eta Luis Villasante; eskuinetik Juan Antonio Letamendia.
Profila
“Txillardegiri etiketa bat jartzekotan, poliaitzindaria zela erran nezake, zeren aitzindaria izan zen lauzpabost alorretan: frankismo denborako abertzaleberria, sozialista librea, Iparraldekoen lagun goiztiarra, idazle polifazetikoa, bide berrien urratzailea …
[...]
1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzuk hilabetero bildu ginen horren inguruan, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzak Enbataren aldamenean zeukan gelan, euskara batuari buruzko lehen urratsen finkatzeko. Lehenik argitu dezadan zer zen Euskal Idazkaritza. Kultura elkarte hori mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte batzuek hirurogeiko hamarkada hastean sortu genuen euskararen zerbitzuko. Bereziki oroitzen naiz Lauaxeta sari bat asmatu zuela, urtero ematekoa, eta urte pare batez bederen eman zuela, behin San Martini, bestean Rikardo Arregi kazetalari gazteari. Gero oroimenak ihes egiten dit, salbu euskara batuaren kasuan.”
(Jean-Louis Davantek 2013-01-25ean Euskaltzaindiaren Ageriko bilkuran irakurritako hilberri txostenetik hartua, hemen argitaratua: Euskera, 57 (2012,1-2) 377-382)
“68-ko txostenari buruz zenbait ohar”, in Euskera, 23 (1978, 2) 607).
Aipamena
“Mitxelenaren beraren orduko hitzak gaur birresanez, “ezin daiteke batasunera jo, inor –geurok lehenik garela– mindu gabe” (I.4.). Urte hauetan barrena ezagutu ditugun tirabirak, hortaz, aldez aurretik somatu ziren; eta, hein batean, onuragarri ere izan zaizkigula esango nuke. Ezin izan daitezke (inolaz ere, zentzuz jokatuko badugu) hurrengo urratsa orain egitetik hastantzeko aitzakia, edo aurrera beharrari buruz uzkurrago agertzeko oinarri.”