Liburua Euskal klasikoen bila deitzen da eta, galdera bat badu azpi-titulu gisa: Autore zaharrak zertarako ditugu? Liburu horretan euskal literaturaren klasikoak dira aipagai. Baina, zer da euskal klasiko bat gaurko ikuspuntutik? Gure memorian eta euskal kultura, bizirik gelditu diren lehengo obra nagusi eta idazle ezagunak ditugu «klasikoak» deitzen. Bistan dena, orain arte idatziak izan diren liburu guziak ez dira klasiko bilakatu. Literaturaren munduan erabiltzen diren ezaugarri kritiko berezi batzuen arabera, batzuk gelditu dira agerian (Axular, Elizanburu, Txomin Agirre, Lizardi) eta beste batzuk, asko, ezkutuan gelditu dira (Arrese-Beitia, Kirikiño, Zaldubi, Barbier). Klasikoak Europako literatura garatu guzietan asko ohoratzen dira eta eskolan ikasten dira, unibertsitatean lantzen dira. Ontsalaz, edozeinek ezagutzen dituen eta aipatzen ahal dituen autoreak eta obrak dira. Gainera, klasikoak etengabe berrargitaratzen dira. Sakelako edizio fidagarri eta merkeak egiten dira eta aurki daitezke liburu saltokietan. Euskal munduan, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen: gure klasiko gehienak ez dira aise atzematen liburu dendetan. Behin agortu eta, komunzki ez dira berrargitaratzen. Ondorioz, ez dira asko irakurtzen, guti aipatzen hedabideetan, ez dira aski irakasten eskolan eta unibertsitatean. Hots, klasikotzat behar genituzkeenak ez ditugu behar bezala ezagutzen. Beraz, liburu hau egina dut gure klasikoen aipatzeko, argitan eta agerian emateko gisa. Hots, gogoeta bat galdetzeko zer harreman nahi dugun gure lehengo obra eta idazleekin. Zertarako ditugu lehengo autoreak?
Junes Casenave-Harigile (1914-2018) zuberotar apezak utzi dizkigun zubererazko lanak anitz dira. Horietan argitaratu ez ziren dokumentu anitz baziren ere, alor frangotan. Liburu honetan, olerkia da gaia. Beste alor baino gutiago landu du olerkigintza eta liburu honek huts hori betetzen du. Bi dosier badira. Lehen dosierreko 138 olerkietan denetarik badugu aipagai: natura, liliak, animaliak, iragaten eta egiten den denbora, jendea, bizitzaren gorabeherak, sentimentuak... Bigarren dosierrak erlijioneari loturik diren hamalau olerki biltzen ditu.
Liburuak aztergai du euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipena Gaubeako iparraldean eta Erriberagoitian (Araba) eta Burgosko Berberana eta Junta de Villalba de Losa udalerrietan. Horretarako sistematikoki arakatu da leku horietako toponimia historikoa, iturri dokumental zaharren argitan. Antzinatik garbiro inguru erromantzeduna izanik ere, euskararen presentzia ahulxe baina hala ere agerikoak erakusten du gutxienez Erdi Arotik bazirela bertan gizatalde euskaldunak.
Lan kolektibo honetan, hizkuntza-zuzenbidearen inguruko xedapen nagusiak euskaratu dira, bai Europakoak, bai mundu-mailakoak; bereziki barruratu dira Espainiako erresumako eta Frantziako errepublikako xedapenak. Horrela, lurralde euskaldunetan aplikatu beharreko legeria euskaraz laburbildu da.
Adierazpen horietako asko Akademiaren Euskera aldizkarian argitaratu izan dira eta beste batzuk Azkue Bibliotekako Artxiboan daude.
Erabat sakabanaturik zeudenez gero, Sustapen batzordeak argitalpen berezi batean biltzea erabaki du. Hala egin zuen 2006. urtean ordura arteko 32 adierazpen biltzen zituen Euskaltzaindiaren adierazpenak izenburuko argitalpenean (Jagon bilduma, 3). Euskaltzaindiak, geroztik ere, zeregin horretan jarraitu du eta jadanik 70 dira eman dituen adierazpenak. Hori dela eta, Sustapen batzordeari egoki iruditu zaio adierazpenen bilduma eguneratua argitaratzea.
1920n Euskera agerkaria sortu zen eta 100 urtean Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa eta bere lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak argitaratu ditu. 2021tik aurrera, Akademiaren bizitza akademikoaren berri emateko asmoz, Euskaltzaindiaren buletina sortu zen. Aldiz, Euskera ikerketa aldizkarian bestelako eduki zientifikoak argitaratzen jarraitu dira.
Batzuetan, historiak pertsonaia aipagarri zenbait ahaztu egiten du, tamalez, eta aintzat ez hartze horrek haiekin zorretan egotea dakarkio gizarteari. Hainbat motibo dela medio, idazle, musikari, pentsalari eta abarren izenak gogotik aldenduak dira, urte andana joan eta berriz agerira ekartzen diren artean. Horixe gertatu zaio Karmelo Etxegarairi (Azpeitia, 1865 - Gernika, 1925). Ikertzaile izugarria, historialaria eta poeta, euskal munduaren inguruan iker zitekeen guztia ikertu zuena. Bidegabe izan dugu, baina, gaur arte bazterrean utzia Karmelo. Testu-bilduma honek Etxegarairen poesiazko eta prosazko ekoizpena jaso du, egungo irakurleei haren sena erakutsi guran. Horretarako, testuok dakarten azalpen dibulgatzaileak lagungarri izango zaizkio azpeitiarraren obran murgildu nahi duenari.
Zumaiaz azterketa ugari egin dira, baina gutxitan izan da euskara muina. Oraingoan euskara eta historia aztertzen dira, elkarren ondoan ipinita. Horretarako beharrezkoa da betaurreko bereziak jartzea, gertaera historikoak beste begi batzuekin begiratzeko. Halaber, betaurrekoak bifokalak izatea komeni da, urrutikoa eta hurrekoa ikusteko balio digutenak: batetik, urrunekoa, inguruari eta garai osoari begiratzeko, gertatu zen hura hobeto ulertzeko; eta bestetik, gertukoa, xehetasunak eta laginak jasotzeko, eta horiek elkarrekin lotuz, bilakaera osorik ikusteko eta ulertzeko.
Orain dela 200 urte Etxebarrian egindako hilketaren errudunaren auzi-agirietan ageri diren gertaerak eta Euskal Herrian ospetsu bihurtu zen bertsopaperean esaten dena erkatzen dira, egia eta egiantzak bereizteko. Hori ez ezik, orduko Bizkaiko Jaurerriko foraltasun osoaren berri ematen da, bai eta hizkuntzaren aldetik Lea-Artibaiko, Busturialdeko eta Durangaldeko orduko biztanleen hizkuntza-jakitea ere.
Galda bildumako lehen aleak Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenean sei poetari luzatutako galdera bat du jatorria: zer ikusten duzu Arestiren ispiluak janzten dituzunean?
Pertsona izen multzo txiki batekin, iragan denboretako mintzaira baten nolakotasuna azal ahal daiteke? Banaka hartuta, aztarna horietan atzemandako tasunak ez dira adierazle erabakigarriak, ez dute hizkuntzaren izaera argiro ezaugarritzea ahalbidetzen duen irudi gardena sortzen; batera hartuz gero, aldiz, guztien artean, erromatar garaian, Euskal Herriko eremu zabal batean erabilitako –Akitaniakoaren eta Ebro ibaiaren arrokoaren alor bereko– euskal mintzairaren berri ematen dute, neurri (txiki) batean.
Euskaltzaindia 2023an hasi zen Irailekoak poesia-jaialdia antolatzen. Hortaz, hirugarren aldia izan da aurtengoa, Lekeition antolatu dena.
Euskal Herri osoarentzat eginiko jaialdia da Irailekoak, poesiak bere toki-denborak izan ditzan udazkenaren hasieran gure artean.
Egitasmoarekin batera argitaratzen da Iraileko Paperak aldizkaria, egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, «oroigarri intelektual-poetiko gisa». 2025ean, Sonia Rueda sortzaileak edertu du jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatu den argitalpena.
Hemeretzigarren mendearen bukaeran, 1891ko azaroan, Erroma eta Jerusalem izenburuko liburu bat argitaratu zen Baionan. Liburuaren egilea Martin Ducq izeneko euskal idazlea zen, Hazparneko Misionest-etxeko misionesta. Liburuaren izenburuak salatzen zuenez, bidaia-kontakizun baten berri ematen zen: liburuaren idazleak Erromara eta Jerusalemera egindako bidaia bateko berriak kontatzen zituen. Bidaia, edo zehatzago esateko, beila bat. Edizio honetan, Kaltzakortak liburuaren edukia aztertu du, ohar filologiko ugari eginez, eta, halaber, lanaren ezaugarriak azaltzeko hitzaurrea prestatu du.
Txomin Peillenen adiskidea zen Joseba Sarrionandia. Josebak liburu honekin Peillenek idatzitako saiakera-lan ugariak argitaratu nahi izan ditu. Horretarako, lanen edukia errespetatuz, testuak moldatu eta bateratu ditu. Lanak sei ataletan bereiztu ditu: idazlan autobiografikoak, idazlan antropologikoak, gure hizkuntza, Zuberoako kantari eta idazki zaharrak, literatura garaikidea eta politika itzulinguruak. Halaber, hitzaurrean, Txomin Peillenen bizitza eta lanen zertzelada batzuk eskaintzen dizkigu.
Junes Casenave-Harigile. Zortzi pastoral berri (I. tomoa) liburuan lau pastoral bildu ziren: Agosti Etxekopar, Atarratze, Barkoxe eta Dabid. Bigarren tomo honetan beste lau bildu dira: Judit, Larraine, Lüküze Xarles Laugerrena eta San Frantzisko Xabier. Lehen tomoan bezala, beharra balin bazen, pastoralen eskuizkribuak moldatu dira. Lau pastoralen aurretik, Allande Socarros zenaren eta Jean-Louis Davanten testu batzuk erantsi dira, Junes Casenave-Harigile nor zen eta zeintzuk lan egin zituen adierazteko.
2023ko edizioan Resurreccion Maria Azkue haur eta gazteentzako literatura sarietan sarituak izan diren idazle gazteen narrazioak eta olerkiak.