Auspoa bilduma Antonio Zavala (1928-2009) euskaltzain osoak sortu eta gidatutako liburu-bilduma da. Hasieran, izen bera zuten argitaletxeak eta bildumak. Baina 1994tik 2003ra Sendoak hartu zuen Auspoa bildumako liburuak argitaratzeko ardura eta, azken data horretatik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Auspoa bilduman hiru sail bereiz daitezke. Lehena eta ugariena, Auspoa liburutegia deitua; arrunki Auspoa bildumarekin identifikatzen da eta 2006ra arte 302 zenbaki argitaratu zituen. Horretaz gain, bada beste bilduma laburrago bat: Auspoa liburutegi nagusia deitua, 12 zenbaki atera dituena. Eta, azkenik, hirugarren saila: izenik eta zenbakirik gabea, zortzi liburuz osatua. Antonio Zavalaren gidaritzak ematen die liburu guztiei batasuna.
Hasieran, Auspoan mota aski desberdinetako liburuak argitaratu ziren: bertsoak, antzerki herrikoiak, nobelak, itzulpenak, ipuinak... Baina, urteen poderioz, bertsoak eta bertsolariei buruzko liburuak nagusitu ziren; eta gero, azkenean, oroipen-liburuak eta biografiak, bertso-liburuekin batera.
Artxibo honetan, Auspoa bilduman 2006ra arte plazaratutako liburu guzti-guztiak dituzu zerrendatuak. Liburu bakoitzeko PDF artxibo bat sortu da, OCR aplikazioaz hornitua. Beraz, testu-bilaketak egin daitezke, nahiz eta emaitzak ez diren erabat zehatzak; izan ere, OCR aplikazioak oraindik ez du horrelako kalitate-mailarik eskaintzen.