Batasunaren kutxa / Euskal Idazleen Elkarteak Luis Mitxelenaren agintaritzapean hartutako erabakien gainean Gabriel Arestik eta Xabier Kintanak moldatutako liburua.– Donostia : Lur, 1970. 239 or. o. [1] tol. ; 18 cm.– (Hastapenak ; 0-bis).
Testuingurua
Euskara batua ez zen bat-bateko miraria izan, baizik eta prozesu luze, korapilatsu eta, une batzuetan, baita gatazkatsua ere. Euskaltzale asko izan ziren hautatu zutenak beren iritzia publikoki adieraztea, alde edo kontra, eta zergatik.
Euskara batuaren aldezleen artean, apika, Gabriel Arestik aparteko aipamena merezi du. Ezaguna denez, berau izan zen Euskaltzaindiaren 50. urteurreneko biltzarra euskararen batasunari eskaintzea proposatu zuena. Orobat, behin eta berriro agertu zen batasunaren sustatzaile sutsu bezala, mila modutara. Garrantzitsuenetako bat izan zen Batasunaren kutxa (1970) liburu ospetsua argitaratzea Xabier Kintanarekin batera. Helburu bikoitza zuen: batetik, Arantzazuko erabakiak garatzea eta zabaltzea, baina, bestetik, eta honetan nabarmendu zen bereziki Aresti, Euskaltzaindiarentzat sostengu publikoa sortzea euskaltzaleen artean. Horregatik, liburu horren atarian, “Baionako zina eta mezua” izeneko manifestua txertatu zuten, hirurogeita hiru euskaltzaleren sinadurarekin batera.
Norbert Tauer eta Gabriel Aresti Loramendiren omenaldian, Arrasateko Bedoña auzoan (1959-09-20) (Arestik lehen “Loramendi” saria irabazi zuen).
Profila
Argazki honetan Gabriel Aresti agertzen da, Arrasateko Bedoña auzoan, 1959ko irailaren 20an, Euskaltzaindiak Loramendi poetaren gorazarrez antolatutako omenaldian. Aldamenean daukana Norbert Tauer (1898-1983) euskaltzale txekiarra da. Ez dakigu nortzuk diren umeak, ezta haiekin batera argazkia egiteko arrazoia ere.
Izan ere, Euskaltzaindiak Loramendiren, hots, Frai Joakin Bedoñakoaren, izena eta lana ospatzeko literatura lehiaketa bat antolatua zuen, eta Gabriel Aresti izan zen poesia atalaren irabazlea.
Saritutako lana ospetsu bihurtu da: Maldan behera poema luzea, batzuentzat Arestik idatzitako lanik osoena eta gorena. Euskara batuaren ikuspegitik ere garrantzitsua da, 1959an idatzia izan arren jada bete-betean agertzen dituelako gero euskara batua izango zenaren tankera orokorra eta ezaugarri asko. Euskara batua ez baitzen izan soil-soilik hizkuntzalarien hausnarketen emaitza; literatura ere, zaharra eta berria, erabakigarria izan zen prozesuan zehar.
Lehena, Gabriel Aresti; azkena, Koldo Mitxelena (14-15 or.).
Aipamena
Gabriel Aresti izan zen Baionako zina bezala ezagutzen den adierazpen publikoaren lehen sinatzailea. Azkena, Koldo Mitxelena bera, eta, tartean, beste hirurogeita bat euskaltzale. Beren asmo nagusia, Arantzazuko Biltzarreko (1968) erabakiei bultzada bat ematea eta Euskaltzaindiaren autoritatea berrestea.
Eta, horrekin batera, Euskaltzaindiaren barruan Mitxelenak zeukan gidaritza eta itzala aho batez aldarrikatzea:
“1) Liburuaren argitaraziotik 1971-garreneko azken egun arte, hemen agertzen diren moldeez eta erregelez baliatuko gara.
[…]
3) Bitarte horretan hartutako zuzenketa guztiak eta liburua bera, Mitxelena jaunari emanen zaizkio orduan giltzarien eskuetatik, eta berak erabaki beharko duena behin eta betiko beteko dugu.”
(“Baionako zina eta mezua” in Batasunaren kutxa, Lur, 1970, 11-15. or.).