- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
haitz. Hitz honen azpian haitz eta gaitz sarrera-buru nagusiak bildu dira. Haitz-en azpisarrera modura aitzur, aitzurre, aizto eta aiztur daude; gaitz-en azpisarrera modura, gaitzi, gaixo, gaizki, gaizko eta gaizto.
Proposaturiko familia honetako bi sarrera-buruak arazorik gabe lot daitezke esanahiaren aldetik. Formazkoa da zalantzarik handiena, haitz-en aldaeratzat hartu behar baita gaitz, onartuz elkartuetan sortua dela herskaria, gero forma beregain bilakatzeko.
♦ haitz (1007: GuipAlb [Ayçpe, Aezquoien]; atx ~1214: ArchDonem [Ortun Hurtiz de Axpuru]). ■ Hitz orokorra izana. Hegoaldeko hitza da gehienbat historikoki, nahiz iparraldean Etxeberri Ziburukoa, Oihenart eta INabig-en agertzen den eta Baigorri aldean gorde dela adierazi izan duten Azkuek eta J. Etxeparek gutxienez. Hasperena du iparraldean (ik. behean Arabakoak). Atx da bizkaierazko forma; Landucci eta Lazarragagan ere atx agertzen da (Erdi Aroan, ez XI. mendean, baina bai XIII.eko Axpuru-n, adibidez). Orreaga-ren Olaztiko bertsioan (1880) aritz aldaera dago. Ohartzekoa da aurreneko bi bokal sudurkarirekin dakarrela Larrasketek Ahazparne herri-izena.
Usu erabilia izan da gogortasunarekin lotutako testuinguruetan (Lazarg zu bazina pedernala, / edo ni sufritzeco baninz atxez, Mogel daukeez biotz batzuk atxak baño gogorraguak).
□ Erdi Aroan, ezin konta ahala adibide daude euskal eremu osoan: antzinakoenen artean, cf. hasperenarekin Arabako Hazpurua, Haizcoeta, Haizpilleta, Hassarte (SMillán 1025); diptongoa bakunduta, antzinakoak dira Iohannis de Izlavarra (SMillán ~1022), eta, itzulpenarekin, Sancte Marie de Izpea, subtus penna (SMillán 1051); e-rekin, cf. Ezquival (SMillán 1049).
Bokalismoarengatik eta <h> dutelako dira interesgarriak Ahezbarrene (OnomNord 1247) eta Sant Martín d’Ahezcoytia de Yraurgui (ArchAzkoit 1324); lehenagoko Ahece (LivOr 1083) eta Ahezcoa (DocArtaj 1136) ere hitzaren adibidetzat jo izan dira (Orpustan 1999: 300). Hasperenaren iraupenaren zantzutzat hartu ohi da Hondarribiko Jaizquibel (ArchRentI 1397), Gazquibel 1399an (ArchHondI); cf. orobat Jaizubia (HondTop 1548; Gaizubia 1581ean).
Esanguratsua izan daiteke, sudurkaria duelako, Arriasgoitiko Aynquriaga (LibRediez 1268; Aynçuriaga aurkibideetan), Ayçuriaga (SPedRib 1334) geroago; ez urrun, Ainzuriaga (OnomVasc 17) jaso da Artozkin. Cf., bestalde, Martin de Aynçuriça (ArchDebaI 1484), baina bakana da, aurrekoa bezala.
Lostau datchurriqueyn (CenSoul 1377) atx aldaeraren adibidetzat du Orpustanek (1999: 138), Zuberoakoa izanik ere. Arantzazu aldeko Aitzurdintza hitzaren adibidetzat hartu izan da (Salaberri 1994: 34, 151. oh.; 589); baina Areiz Urdinza (ArchAspar 1454) leku-izen horren adibide baldin bada, ez litzateke hala.
● haitzarte Astar (atxarte); Maurice Harrietek JJMogel aipatzen du; 1025eko Hassarte-z gain, cf. Ayçartea (ArchAtaun 1404), Lope de Acharte (ArchAran 1503).
● haitz-buru EtxZib; goiko Hazpurua-z gain, cf. Ayzpuru (AGNComp1 1266), Hayzpuru (ArchSegI 1335), Bernart, seynor de Ayzpurue (CenBNav ~1350), eskualde ezberdinetakoak.
● haitzulo Mburu (aitz zulo); cf. Aychuloa (GalarTop 1581).
● haitzurdin Azk/Lhande (zub.); cf. agian Aytzurdineta (ColIrach 1198), ik. goian Aitzurdintza-z esandakoa; cf., bestalde, Urdinayzpuru (NavOccit 1302).
● haizpe (Iturr (aitz-pe); ik. goian Ayçpe eta Izpea.
haitz-arrain (TxAgir (atxarrañ)), haitz-arrano (atxarrano Azk/Arzdi (bizk.)), haitz bizi (Izt), haitz-harri (‘kare-harri’: ArreseB (atxarri)), haitz-katu (katu mota bat: Izag AranOñ), haitz-mutur (ArreseB (atx mustur)), haitz-negar (‘estalaktita’: atx- Azk (bizk.)), haitzune (‘haitzulo’: Arana), haitz-ur (Azk/Izag (bizk.)), haitzuspe (‘haitzulo’: Arana), kare-haitz (Izt).
► Ziurtasunez *ahetz berreraiki daiteke eta, Erdi Aroko Aynçuriaga moduko bakanak eta, batez ere, zub. Ãhãzparne leku-izenetako sudurkariak aintzat hartuta, *anetz protoformara ere iritsi gintezke.[1] Bilakaera (*anetz >) ahetz > *haetz > haitz izan daiteke: hasperenaren lekualdatzerako, cf. *enuskara > heuskara; diptongoaren bilakaerarako, cf. hamaeka > hamaika (FHV 117), eta atx aldaerarako, cf. gaitz > gatx (FHV 103). Erdi Aroko Haz- aldaeretako bakuntzea ahaide/ahakoa, ohoin/ohorgo bezalakoekin konparatzen du Mitxelenak (19733: 249, FHV 487); Ez- dutenetan eragin erromanikoa ikusten du (1956c: 176). Agian ez da erabat baztertzekoa jatorrizko bisilabatasunaren hondarra egotea aritz aldaera berantiarrean.
Zaila da osagai ezberdinak bereiztea: *a-netz zatituta ez legoke argi zer den ustezko *netz erroa. Egiantzekoagoa izan daiteke *an-etz zatitzea, lehen osagaia *han-ekin lotzeko, handi-ko bera, eta esanahiz ‘handi’ edo izan liteke (ik. gaitz); kasu honetan, *hanetz > *hahetz > ahetz moduko bilakaeraren bat izango genuke, hasperenaren lekualdatzerik gabe, baina haren disimilazioarekin. Bigarren zatiaren xehetasunak argitu beharko lirateke, ordea: *han-e-tz analizaturik, *hane izango genuke lehenik (cf. atze), eta gero -tz (cf. beltz, hortz).
Hitzaren jatorrizko esanahiaz esan genezakeenak ere ez du argitzen hitzaren osaera: ‘haitz’ da adiera nagusia, eta ‘harri’ adierarako bidea egin duela esan genezake, gehienez ere, aitzur, aizto, aiztur ustezko eratorriak kontuan hartzen baditugu (ik. behean). Hizk. indoeuroparretan, hainbat esanahitako hitzekin lot daitezke ‘haitz, harri’ esanahia duten hitzak: ‘labar, amildegi, mendi’, ‘zorrotz, puntadun’, ‘sendo, gotor, zurrun’, ‘gogor, latz’, ‘moztu, zatitu’ esanahiak dituzten hitzetatik eratortzen dira (Buckek s.v. stone); baina ez dago bide garbirik haitz esanahi horietakoren bat duen euskal erroren batekin lotzeko (‘mendi’-ren aukera aipatzen du Vinsonek, 1909: 353). Gaitz ‘handi, gogor…’ hitzarekin izan lezakeen loturaz, ik. han.
Puntu honetan, ohargarria izan daiteke haitz-ek ez izatea harri-k bezainbeste eratorri zahar, eta agian ‘haitz, harri’-z bestelako jatorrizko esanahiren baten aldeko zantzutzat har liteke hori; era berean, baliteke zuzenekoa ez izatea tresna izenetako erroaren esanahiaren eta ‘haitz, harri’ adieraren arteko lotura, baizik jatorrizko erroak adierazten zuen ezaugarria egotea bietan —zorroztasuna, gogortasuna…—, besterik gabe (ik. behean Tylorren oharra).
*Anetz protoformaren hipotesian, aukera egon daiteke hitza aitzur, aizto, aiztur hitzekin lotzeko (baita aizkora-rekin ere, mailegu ez balitz), aldaera hasperendunak eta sudurkaridunak dituztenez haien ustezko lehen osagaia *ani(t)z berreraiki baitaiteke, haitz-ekin lotuz gero *ane(t)z protoformara ere eraman litekeena (Mitxelena 1949b: 211).[2] Aspaldidanik egin izan da lotura hau, cf., besteak beste, Baudrimont (1854: 80, 129).
Esanahiari dagokionez, harriz egindako tresnak ziratekeelako lotzen dira hitzarekin; alde horretatik, ez dago arazorik: cf. gr. πέτρα-ren ‘haitz’ ← ‘harri’ bilakaera (Buck s.v. stone/rock).[3] Dena den, bigarren osagaia zein den argitzea da arazoa horietan guztietan: zer dira zehazki -kora, -to, -tur, -(z)ur? Mailegutzat jo ohi da aizkora (< lat. asciola), eta arazo hori gaindituko litzateke horrela, ik. han; aizto-ren kasuan, aski egiantzekoa da -to ttikigarria egotea; baina aiztur eta aitzur-en kasuan osaera ez da argia.
Beste hizkuntzetan ere aski arrunta da ‘harri’ adierazten duen hitza aurkitzea halako tresnen izenetan: cf. ing. zah. hamor ‘mailu’, jatorrian ‘harrizko tresna’ (Buck s.v. hammer); bestalde, familia berekotzat hartu ohi dira lat. saxum ‘harri, haitz’ eta isl. sax, goi alem. sahs ‘labain, ezpata labur’, goi alem. saga ‘zerra’, ing. secg ‘ezpata’ (< germ. *saksa-), eta tresna-izen germaniko horiek lat. secāre ‘moztu, urratu’-ren kognatuak dira (Buck s.v. knife, stone/rock, ErnMeill s.v. saxum, secō).[4]
Interesgarria da Bucken oharra, garai bateko harriaren erabilerez (etzana gurea): “The inherited word, common to Balto-Slavic and Indo-Iranian, is from the root of words for ‘sharp, pointed’; and this seems to reflect what was one of the most conspicuous uses of stone in early times, namely as material for tools and weapons”. Buckek ezartzen duen zuzeneko lotura honen aurrean, halere, ez da ahaztekoa Tylorren oharra (1865: 214): tresna-izenetako erroa (gurean, aitzur, aiztur…) eta harria izendatzeko hitza (gurean, haitz), biak etor daitezke erro beretik, ezaugarri komun bat izenda lezakeena (zorroztasuna, gogortasuna…), baina bata bestetik zuzenean etortzea ez da ezinbestekoa.
Honenbestez, Bucken bidea hartu zein Tylorrena hartu, argi geratzen da ezin direla euskal hitzok erabili (aiztur, aitzur, aizto…) euskararen berezko antzinatasun bat aldarrikatzeko, ez inolako ustezko lehentasun kronologikorik ezartzeko hizkuntzen artean. Gogoan har bedi, gainera, hitzaren jatorrizko esanahiaz (‘handi’-ren aukera aipatu dugu) goian esandakoa.
aitzur (xi. m.: ColIrach [in loquo quem dicunt Aiçurtucua]; atxur ~1580: Lazarg; ainzur ~1650: Pouv). ■ Hitz orokorra. Forma hasperenduna Urte eta Haranederrengan (haintzur) ageri da aurrenekoz (OihAtsot, Leiz aitzur; Pouv ainzur); badirudi gerora hai(n)tzur erabiliagoa dela iparraldean aitzur baino. Forma sudurkariduna (-n(t)zur) Pouvreaugan aurkitzen da jad., eta aski erabilia da iparraldeko testuetan Haranederrengandik hasita (a(i)ltzur darabil Lizarragak, eta badirudi horixe dela goinafarreraz gehien erabiltzen den aldaera). Atxur da mendebaldean nagusi, nahiz eta gipuzkeraz aitzur ere erabiltzen den (goinafarrerazko zenbait lekutan eta erronkarieraz ere aurkitzen da atxur). XIX. mende bukaeraz geroztik, berezko esanahiaz gainera, ‘mozkorraldi’ eta ‘bizar-xafla’ adierak ere baditu mendebaldean.
□ Erdi Aroan, aitzurtu partizipioaren adibide izan daiteke lehen lekukotasuna, leku-genitiboarekin (‘aitzurtutako tokia’). Horretaz gain, hitzaren adibidetzat jo ohi da Ayçurra (ColRonces 1284) saroi izena. Aycurgui (LibRediez 1268) ere hitzaren adibidetzat du Artzamendik —orobat Orpustanek (1999: 220)—, baina badirudi Urraulgoitiko Aizkurgi dela (cf. hurbileko Aizpurgi). Ez dirudi hitzaren adibidetzat har daitekeenik Juan de Ayçura (ArchRentII 1490), Ayçuria izan daiteke-eta.
● aitzurketa Urte (haintzur-), Mogel; atxurreta(n) Mogel; euskal -eta/-keta atzizkiarekin.
● aitzurkulu ‘horzbiko’: Arak (gip.), Mogel; aitzur + urkulu, haplologiaz.
● aitzurrotx LuzErrem; aitzur + hortz, dardarkariaren galera disimilaziozkoarekin.
● aitzurtu Leiz; cf. azal-aitzurtu ‘sakondu gabe aitzurtu’; cf. lehen lekukotasuna.
aitzurgintza (‘nekazaritza’: atxurkin- Larm, Izt), aitzur-kirten (Mogel; ‘(asta)kirten’: Apaol), aitzurko (‘aitzur txikia’: Azk/Izag (gnaf., erronk.)), aitzur-lan (Añib), aitzurlari (‘nekazari’: Urte, Kardab), aitzurle (Pouv, TxAgir), aitzurre(a)n (‘aitzurrarekin lanean’: haintzurrean Urte, Harand; atxurren Mogel, inesibo mugagabearekin), aitzurtzaile (Lazarg (atxurzala)). Cf. gorotz-aitzur, hondeaitzur, karobi-aitzur, korta-aitzur, larre-aitzur, mahasti-aitzur, ongarri-aitzur, otaitzur, sats-aitzur, su-aitzur, ukuilu-aitzur, etab.
► Aldaera hasperendunak eta sudurkaritasuna aintzat hartuta,[5] eta hitza bi osagaitan banatuta, lehen osagaia *anitz edo *anetz berreraiki daiteke; bide horretatik, ustez haitz duten beste batzuekin lotu izan da, hala nola aiztur eta aizto.
Ustezko familia horretako beste hitzetan bezala, ez da erraza bigarren osagaia zein den erabakitzea: urra(tu) aditza ikusten du Intxauspek (1875: 219), baina hainbat xehetasun geratzen da argitu gabe (amaierako -a, besteak beste; ik. aiztur). Beharbada egiantzekoagoa da zur izatea bigarren osagaia, eta tresna osatzen duten bi zatiei egingo lieke erreferentzia hitzak: zurezko giderra, eta harrizko burua —antzeko aukera da hur ‘urritz’-etik abiatzea—.
‘Mozkorraldi’ adiera azaltzeko, gogora ekar daiteke aitzurrean aritzeak dakarren berezko makurtzea (edo aitzurraren pisua, besterik gabe): lotura egin liteke horrela, aitzurrean ari denean bezala makurtzen delakoan jende mozkorra. Bestalde, ‘bizar-xafla’-ri dagokionez, tresnaren forma antzekoa delako hartuko zuen adiera hau.
Sabaikaritzea gertatu da atxur aldaeran, i bokalerdiaren ondotik, cf. bakoitz/bakotx (FHV 192). Onarturik sudurkaria etimologikoa dela (*aĩtzur > aintzur), disimilazioz azal daiteke ailtzur aldaerako albokaria (FHV 338-339), cf. arrauntza > arraultza, eta gogora ekartzekoak dira aitzin-en aintzin eta ailtzin aldaerak. Badirudi Mitxelenak ez duela jatorrizkotzat hartzen sudurkaria (1965b: 119), eta aitzur > *airtzur > aintzur iradokitzen du (dardarkariaren oihartzunez eta disimilazioz, hurrenez hurren), baina aukera honek ez ditu azaltzen aldaera hasperendunak.
aitzurre. ■ Leizarragagan aurkitzen da ‘aitzur-lan, aitzurketa’ esanahiarekin: aitzurrerik ezin daidit. Izen oso gisa dago erabilia.
► Bukaerako -e berranalisiz egin da izenaren parte, aitzurr-e-(a)n, aitzurr-e-ra eta gainerakoetatik; cf. aitzine (Leiz unzi aitzinea ‘ontziaren aitzineko aldea’).
aizto (1745: Larm). ■ Hiztegigileek XVIII. mendeaz geroztik jaso duten hitza da. Aîzto da Erronkariko forma, diptongo sudurkariarekin. Testuetan XX. mendean berreskuratzen da, ia hegoaldean bakarrik, nahiz eta lehenbiziko agerraldia FedProp-ekoa den (aizto edo kanibet).
● aiztaga ‘lantza’: Olab; aizto + (h)aga; neologismoa da, Azkueren hiztegitik aizto hartuta, eta orobat beste eratorriak, guztiak XX. mendekoak.
aiztoka (BAizkibel [zugatzari aiztoka asten]), aiztokadaka (Kkiño), aiztotxo (-txu Erkiaga), sakelaizto (Azk).
► Aldaera sudurkariduna aintzat hartuta, *anizto edo *anezto berreraiki daiteke. Lehen osagaian ustez haitz duten hitzen taldean sartu ohi da: cf. aizkora, aitzur eta aiztur. Multzo horretan, hitz hau izan liteke bigarren osagaia zein den erabakitzeko arazo gutxien izan lezakeena: -to ttikigarria izan liteke (edo -ko, disimilazio batekin, ik. gaizto), besterik gabe. Hala balitz, ‘haitz txiki’ litzateke jatorrian; txikigarriarentzako paralelo moduan, cf. gazt. machete (DCECH 3, 746a).
aiztur (~1620: Volt (aistor); haixtur ~1714: Urte). ■ Ipar-ekialdeko hitza gehienbat (cf. guraize eta artazi hego-mendebaldean); badira, hala ere, Urruzuno, Txirrita, Otxolua eta abarren adibideak. Voltoire eta Pouvreaugan ageri ez bada ere, iparraldean hasperenduna (h-) da forma erabiliena. Sabaikaria (-xt-) Pouvreaugan aurkitzen da aurrenekoz eta ia orokorra da iparraldean. Erronkarin diptongoa sudurkaria da (aĩztur); cf. halaber hains-/hainxtur Martin Harrietengan. Dantzako mugimendu bat adierazteko ere erabiltzen du Elizanburuk (nik egiten nituen piko edo haizturretarik bat). Aĩzter (erronk.; ‘guraize handi’ esanahiarekin)[6] eta aiztor (gnaf.; ‘guraize txiki’ esanahiarekin) formak ere jasoak izan dira.
□ Ez dirudi hitzaren adibidetzat har daitekeenik Joan Martines de Ayzturri (ArchMondVI 1518).
aizturko (-terko Arak (erronk.); aixtorko GureH 1926 [aixtorko xorrotzale]), aiztur-kolpe (Barb (haixtur)), aiztur-pare (MElizanb [haixtur pare bat bihotzean]), aiztur-ukaldi (Laf (aixtur)), artaiztur (‘ardiak mozteko aizturrak’: Azk/Gorosurreta/Larrasket (bazt., bnaf., zub., erronk.) [< ardi + aiztur]), mahats-aiztur (‘mahatsa mozteko aizturrak’: TourLaf, Herria 1968), ohol-aiztur (‘gurutzatutako oholak’: Azk/Izeta (bazt.)), sudur-aiztur (betaurreko mota bat: Azk (lap.)).
► Aldaera hasperendunak eta sudurkaritasuna aintzat hartuta, *aniztur edo *aneztur berreraiki daiteke; ez dago argi zein neurritan diren esanguratsu -tor eta -ter bukaerak berreraiketarako, ik. behean. Lehen osagaian ustez haitz duten hitzen taldean sartu ohi da: cf. aitzur eta aizto. Hitzaren harira, eragozpen bat gehiago ikusten du Traskek (s.v.) haitz-en hipotesirako: dioenez, bitxiak lirateke harriz egindako guraizeak.
Hitz honetan ere, lehen osagaian haitz ikusten duen hipotesian, bigarren osagaia zein den asmatzen dago arazoa; are gehiago -tor eta -ter aldaerak ere azalpen beraren pean ezarri nahi baldin badira. Intxausperen ustez (1875: 219), hitza aizto-ren eratorria da, eta bigarren osagaia urratu-rekin lotu behar da: dioenez, ‘urratzeko harri txikiak’ litzateke hitzez hitz; baina aukera honek ez ditu osaerazko xehetasun guztiak argitzen. Egokiagoa izan daiteke haitz + *bur moduko osaeraren batean pentsatzea, *bur erroak ‘labur, txiki’ moduko esanahi bat baldin bazuen, batez ere (ik. labur); elkarketako fonetismoetarako, cf. aztarren (< hatz + barren).
Erabat bestelako hipotesia dakar Gorostiagak (1958: 61): bere ustez, ahizpa hitzarekin lotu behar da; paralelo moduan, aipatzen du lapur hizkeran ahizpak deitzen zaiela guraizeei. Ahizpa hitzean *aniz- moduko lehen osagai bat berreraiki baldin badaiteke ere, osaerazko xehetasunak ez leudeke argi hipotesi honetan ere.
Erronkarierazko ainzter-en ‘guraize handi’ esanahia kontuan harturik, *der erroa ekar daiteke hizpidera, gogoraturik ‘eder’ ← ‘handi’ bilakaera aski arrunta dela (cf. eder bera; ik. bazter eta laster). Hau onarturik, agian ez da baztertzekoa bigarren osagaian jatorri ezberdineko erroak izatea, are gehiago gogoan hartuta hitz ezberdinak direla ainzter eta ainztur erronkarieraz.
Dantzako mugimenduaren adierarako, ohar bedi dantzako urrats bat izendatzeko erabiltzen dela fr. ciseaux ‘aizturrak, guraizeak’ hitza ere.
! ♦ gaitz (1102: DocLeire [loco que uocatur Ugaizeta]; gatx 1246: ColAlmun [dompnus Sancius de Lop Gacha]; ik. gaizko). ■ Hitz orokorra. Ga(i)tx aldaera arab. (Lazarg, ez Land), bizk. eta erronk. eremuan aurkitzen da.
‘Handi, eskerga, izugarri’ esanahiarekin iparraldeko testuetan gorde da gehienbat (Leiz plaga bat gaitzik, EtxZib gose gaitz), nahiz eta hegoaldean ere aurkitzen den (bestalde, ‘-egi’ superlatiboaren funtzioan jasotzen dute Añibarrok (on-gatx) eta Azkuek (edergatx, andigatx)); ‘txar, gaizto’ moduan orokorra da antzinako testuetan (Etxep fama gaitzik eztemala, Lazarg poeta gatxa; cf. Etxep pena gaitzena, ‘handiena’, ‘txarrena’ edo ‘gogorrena’ izan daitekeena); ‘zail, gogor’ ere orokorra da (Etxep horrein gaitz ziraden gero, RS gatx da atsedeiten; Haranb zu bazine… gaitz eta terrible). Izen bezala ere (‘kalte, oker, gaizki, eritasun, akats, erru…’) orokorra da (Zalgiz hona bere gaitzareki, Etxep enekila minzatziaz gaitzik ezin dukezu, Leiz eztugu deus gaitzik eriden gizon hunetan, Lazarg ene desditxadua, / gaitxez rodeadua, Ax malizia gabe, sinpleki, gogoan gaitzik eztaukala, Urte on eta gaitzaren zientzia, Kardab gaitz andi batek artu). Oso maiz ageri da era desberdinetako elkartuetako bigarren osagai moduan: harkaitz, ekaitz, zorigaitz, ekurugaitz, moldakaitz, helgaitz…
□ Erdi Aroan, lehen adibideaz gain, uhaitz-en adibide dira Pedro de Ugaiçeta (SJuan 1235) eta Hugayzqueta (LibRub xiii. m.), eta interesgarriak dira, -h- dutelako, Urhaiztovi eta Urheiztovi (Arzam 1452). Ik. uhaitz.
Zuhaitz-en bigarren osagaian gaitz ikusiz gero, are lehenagokoa litzateke Blasco Sanxo de Zuahz (CartAlbeld ~947). Ik. zuhaitz.
Lehen lekukotasunetako eratorri horietan bezala, izenondo moduan agertzen da maizenik gaitz Erdi Aroan (cf. halaber gaizko): berastegui gaiz (SMig 1178), Rodrigo de Argaiz (DocLeire 1196), Roderico de Argaiz (AGNII 1201), bassagaiç (SMig 1267), Michaelem Petri de Argayç (SJuan 1268), Argaytz (LibRediez 1268), Bassagaytz (LibRediez 1268), Hecoyen Gaytz (LibRediez 1268), Blasteguigaytz (LibRediez 1268), don Pero Roiç de Argayç (AGNRealIII 1277), don Miguel de Bassagaiz (SJuan 1285), Ecoyen gayz eta Ecoyen gayç (LibRub xiii. m.), Ferrando, dicto Arraulçegayç (AGNComp7 1300; gaizkile baten izena), Miguel Garcia de Arraulçe-Gaytz (GacetHist ~1331), Hjturgajça (SEngPamp 1314), la peyrera de bassagaytz (OnomNord 1351), Per Arnalt, seynor de Vassagayz juson (CenBNav ~1350), Pes, seynor de Bassagayz suson (CenBNav ~1350), Bs de bassagaytz (OnomNord 1351), Aguerre Hergaytz (PobNav 1366; Aiherran), Pero Sanchiz Yturgayça (PobNav 1366; Ziraukin), Pero Periz Apezgayz (PobNav 1366), Michelco Beretergaitz (ColBNavI 1378), Michel de Guerminieta, dit Beretergayz (OnomNord 1381), M. Guillem, seynor de Bassagaytz (CenBNav 1412), Marina de Yturgaycaga (ArchTolII 1450), etab. Zuzenean izen ttikiari loturik, cf. Sancho Gayça (PobNav 1330), Johan gaytz, gayz (OnomNord 1343, 1347, 1371, 1381).
Baliteke hitzaren adibide izatea Gerrikaitz ere: Mitxelenaren ustez, Gerrika + gaitz izan daiteke (FHV 563). Adibide zaharrenen artean, cf. Guerricaiz (ArchGuerric 1366), Guerricas, Guerricaç (ColCenar 1387), etab., eta esanguratsuak izan daitezke etimologiarako -aes duten adibideak: Juan Sanches de Guerricaes (ArchDurIV 1456), Juan Saes de Guerricaez (ArchOchand 1457), villa de Guerricaes (ArchDurI 1459).
Izen gisa ere ageri da: cf. gayces berme (FuerGNav xiii.-xiv. m.; cf. ones berme, paragrafo berean), Graçia Gayçesque (PobNav 1350), pieça de Iohan Garcia Gaiz Esque (ColIrach 1395), eta cf. agian villa de Gayçarin (AGNComp3/4 1290), Martin de Gaytçarin (NavOccit 1296). Ez dago argi hitzaren adibide den Pero Gaizmel (ColIrach 1397).
Gatx aldaerari dagokionez, ekialdekoa da lehen adibidetzat jo duguna. Bizkaian, cf. Johan Peres d’Iturgacha (ArchLeqI 1338), Diego Lopez de Largacha (ArchBizkII 1415), Pedrro de Yturrgacha (ArchLeqI 1468), heredades de Vasagach (ArchBizkII ~1510), etab. Beheko bokalaren igoerarekin, cf. San Esteuan de Largache (ArchLeqI 1416), eta agian sel en Vrietagachia (ArchDurI 1462); atx(e) bide dago, ez gatx, Çubilagache (ArchOñat 1489) izenean, Zubilaga-ri gehituta, eta cf. orobat Juan Martines de Çubilugacha (ArchBilbIV 1513). Araban, cf. Martin Gacha (PobNav 1366; Bernedon, orduan Nafarroako lurralde), Pedro Gacha (ArchSalvatI 1393), çerrillo que dizen Sargacha (ArchSalvatIII 1488), en el lugar do dizen Garçalgacha (ArchSalvatIV 1518), cerro de Ozarasgacha (ArchDonem 1518), en el dicho lugar de Garasgacha (ArchDonem 1518).
Esan daiteke ‘handi, eskerga’ eta ‘txar, gaizto’ adierak bederen daudela horietan.
● gaizkile -gile Leiz; Mitxelenak dioskun bezala gaizkigile baldin bada zaharra (1974a: 83, 3. oh.), gaizki-ren eratorria da; alabaina, gaitz + -gile osaera ere ez da baztertzekoa.
● gaizkoatu ‘(zauria…) gaiztotu, gaizkiagotu’: Leiz; gaizkoadura Ax (gaixto da zauria, baiña gaixtoago gaizkoadura); gaizkoatu, eta halaber gaizkondu, gaizko-rekin lotuak egon litezke, nahiz eta kontuan hartzekoa da EtxZib-en gaizkoa ere, ik. behean. / gaizkondu ‘gaizkoatu’: FedProp 1890 (gaizkondu zitzaion mina).
gaitzaldi (Ax [itsasoak, haserre denean, bere gaitzaldiak dituenean]; Larm, Kardab [lepraz ta gaitzaldi guziaz beterik]), gaitz-egile (Lazarg (gatx egile)), gaitzeko (‘handi, eskerga’: HiriartU), gaitz-eragile (Larm, frBart (gatx-eraginla)), gaitzera(tu) (Ax [gaitzerarik eta haserreturik]), gaitzerdi (AgirAst), gaitz erran (Etxep [andren gaitz erraitea]; gaitzerraite(ka) Leiz), gaitz-estali (Lardiz [gaitz-estali edo hipokritak]), gaitzetsi (Etxep [ehor erho eztazala ezetare gaitzetsi]), gaitzez (Etxep [gaitzez lagola enzun nuien]; cf. Erdi Aroko gayces berme), gaitz-gura (Mburu), gaitz-ikusi (‘zaildu, eskarmentudun’: Izt [jende gaitz-ikusiagoa, ekaitzak izutzen zituen gudari makalak baino]), gaitz iritzi (Leiz [gaitz eritziren draukak eure etsaiari]; gaitzerizko(a) Materra; gaitziritzi Kapan [gatxeretxiagaz]; gaitzirizte Etxep (-erizte)), gaitz izan (‘gaitzi izan’: Belap [hura gaitz zaiola]), gaitzizen (gatx- ArreseB), gaitzondo (Ax [gaitz ondorik erakutsi gabe]), gaitz ustel (‘tuberkulosi’: JEtxep), gaizkide (OihAtsot [lankide, gaizkide]), gaizkin (Ax), gaizkintza (OihAtsot [behiari darraikala doha gaizkintzetara xahala]), gaizkoa (EtxZib [suportatzeko iguzki beroaren gaizkoa]; -goa atzizkia), gaizpide (Harrt (-tzb-), Kardab [gaitz bide ta eskandalo itsusian]), gaiztasun (Haranb), gaizteria (Etxep [gaixteria ialgiten da bethi gizonetarik]), gaiztu (‘gaiztotu’: Leiz [itsaso gaiztua]; ‘gaitzitu’: Materra [pazientiki eta gaiztu gabe]). Cf. bekaitz, ekaitz, uhaitz, zuhaitz…
► Argudia daiteke haitz hitzean duela jatorria, eta zatiketa lexiko bat gertatu dela. Formaren aldetik, baliteke bigarren osagai moduan, izenondo legez agertzeak erraztu izana herskariaren agerrera; ohar bedi hasiera hasieratik dugula erabilera hori, eta, ia ezinbestean, hala agertzen dela Erdi Aroko adibideetan, cf. berastegui gaiz, Bassagaytz, Arraulçegayç, Apezgayz, Yturgayça, etab. Aukera honetan, beraz, beregain egin da forma berria (cf. kide); baliteke gisa berekoa izatea une eta gune bikotearen arteko harremana. Bestela, cf. gau, gori, geben… erakusleen bilakaera (< hau, hori, heben…).
Bi ohar gehigarri egin daitezke, formari dagokionez: batetik, haitz-en ondorengoa delako, hura baino berriagoa delako azalduko litzateke **gaetz modukorik ez izatea (cf. ahez- ugariak), hau da, diptongoaren -ae- > -ai- bilakaeraren ondotik gertatuko zen zatiketa lexikoa; bestetik, pentsa genezake, Kuryłowiczen lege ezagunei jarraikiz (Trask 1996: 112-114), forma berriak, gaitz-ek, hartu zuela funtzio edo esanahi nagusia, ‘handi’-rena, eta forma zaharra ‘arroka’ esanahi sekundarioan espezializatu zela.
Era berean, beste bi datu ekar daitezke aukera honen alde. Bokalismoari dagokionez, Gerrika + gaitz analizatzen badugu Gerrikaitz, esanguratsuak izan daitezke Erdi Aroko Guerricaez moduko formak. Kontsonantismoari dagokionez, baliteke egokiago ulertu ahal izatea zuhaitz eta uhaitz elkartuen gorabeherak: osaeraz zur/ur + gaitz baldin badira, agian hobeki azaldu liteke horietako -h-, baldin gaitz-en jatorrian ere h- baldin bazegoen. Cf., gainera, Urhaiztovi.
Beste maila batean, adierazgarriak izan daitezke harkaitz hitzarentzat emandako bi etimologiak: Uhlenbeckek zein Azkuek harri + *kaitz azaltzen dute, baina lehenak haitz-en protoforma ikusten du *kaitz horretan, eta bigarrenak gaitz (Gavel 1921: 386-387). Orobat izan daiteke adierazgarria, betiere gogoan hartuta datuaren eremu murritza, Hondarribiko Jaizkibel/Jaitzubia izen bikotea (mendia eta auzunea/erreka, hurrenez hurren), Gaizkibel eta Gaitzubia aldaerak ere badituztenak, cf. Gasquivel (HondTop 1639) eta Gaizubia (HondTop 1581); etimologikoki, haitz dute lehen osagai gisa.
Esanahiari dagokionez, iradoki dugu, ‘handi, eskerga’ litzatekeela hitzaren jatorrizko esanahia (cf. uhaitz eta, agian, zuhaitz). Honek erraztu egiten du haitz-en *anetz protoforma *an-etz zatitzen, eta *han errora hurbiltzen, zeina handi hitzaren oinarrian baitago. Bi puntu interesgarri daude, bestalde, esanahiaren aldetik: batetik, gaitz-ek badu ‘-egi’ erabilera (cf. edergatx, andigatx ‘ederregi, handiegi’); -egi gehiegitasunezko atzizki konparatiboaren oinarrian hegi ikusi nahiko balitz, haitz-en esanahitik hurbil geratuko litzateke. Bestetik, badu ‘zail, gogor’ adiera ere eta, Buckek dakarrenez (s.v. stone/rock), hain zuzen ‘zail, gogor, zurrun, lakar’ esanahia duten hitzetatik eratorri ohi dira ‘haitz’ esan nahi dutenak ere hizkuntza indoeuroparretan; horretaz gain, aski agerikoa da ‘handi’ eta ‘haitz’ hitzen hurbiltasuna, haitzen berezko ezaugarria baita handi izatea.
Hitzaren beste esanahiei dagokienez, ‘handi’, ‘txar’ eta ‘gogor’-en arteko loturarako, cf. Etxep pena gaitzena, eta baita, beharbada, -gatx superlatiboa; ‘handi’ eta ‘zail, gaitz’ adierak orobat aurki daitezke beste hitz batean ere, eskerga-n (cf. RS mun egiten eskerga “difícil de besar”). Oinarrizko ‘handi, eskerga (izugarri)’ batetik, beraz, ‘txar, gaizto’ dugu batetik, eta ‘zail, gogor’ bestetik; izen gisa dituen adierak ‘txar, gaizto’-tik azaltzen dira.
Goiko bokalak eraginiko sabaikaritzez dugu gatx aldaera, cf. bakotx < bakoitz (FHV 103).
gaitzi (1545: Etxep). ■ Ekialdean (lap., bnaf., zub., erronk.) erabilia. Gehienbat aurkitzen da gaitzi izan (Etxep malizia gaitzi zaika, Ax gaitz eta gaitzi (zaiku) gutitzea eta bihurtzea, ibid. hura gaitziago zaika) eta gaitzitu eran (Leiz; Mendig gatxitu).
gaitzialdi (Duv), gaitzigarri (Duv), gaitzikor (Harrt, Duv).
► Osaeraz, badirudi dela gaitz + -i izenondo eta partizipioetakoa; ‘txar, gaizto’-tik du esanahia.
gaixo (gaxo ~1496: RS; gaixo 1545: Etxep; gaizo 1571: Leiz). ■ Hitz orokorra. Ga(i)xo da forma erabiliena; ge(i)xo bizkaieraz aurkitzen da (arab. [Land, Lazarg] gaxo); gaizo iparraldean erabiltzen da, maiz ga(i)xo-rekin batean eta, zenbaitetan, balio desberdinekin; gajo (/-x-/) gipuzkeraz ageri da,[7] maiz emakumeez bakarrik esana.
Esanahi orokorraz gainera (errukarri, zorigaitzeko, pobre, inozo… denaz esaten da; Etxep ni, gaixoa, Lazarg neska gaxoa; cf. RS aberats / txiro gaxo, eta OihAtsot aberats / gaxo kontrajartzeak; izenaren aurretik ere joan daiteke: Etxep gaixo bekhataria!), mendebaldean ‘eri’ ere bada (MLastur gaxo naxala, Lazarg Doridogaiti gaxo nax, OArin eri edo gaxo; ‘eritasun’ ere bai: RS dokek goxera gaxoa).[8] RS-n badu ‘gaitz, gaizto’ esanahia ere: gibeleko on dana areko gaxo; izena ere bada: digaran artean, ez urteagati gaxorik esan; aditzondoa ere badago, -to atzizkiarekin: gaxoto irabazia.
□ Erdi Aroan, ez dirudi hitzaren adibidetzat hartu behar denik Johanne Gayço (PobNav 1350; Villafríakoa): baliteke gaitza-ren maskulinoa izatea, morfologia erromantzearekin. Orobatsu Maranero de Zabalgachoa (ArchBizkII 1450), Juan Gacho (VecVizcII 1514), Yñigo de Ybaigachoaga (ArchBizkII 1520), etab.
gaixoaldi (Larm (gaiso-), Añib), gaixobera (‘erikor’: Azk (bizk., gip.)), gaixoetxe (Mogel), gaixoño (Maister [librü gaxoñü hunen argiala ager erazitzera]), gaixorik (Lazarg [amoreminez gaxorik]), gaixotasun (‘eritasun’: Lazarg [daukazun gaxaesun orretarik]; “abiectio” Urte: Materra [ene gaixotasunari behatu gabe]), gaixotegi (Añib), gaixoti (Larm, Añib), gaixoto (‘gaizki’: RS [gaxoto irabazia, iratxoen da irazia]), gaixotto (Artxu [egurkari gaixotto bat]), gaixotu (‘eritu’: Lazarg [gaxoturik oean]; ‘aitzakiak jarri’: Maister [ezpeitü gaxotzen direnez kasürik egiten]), gaizokeria (Urte (“abiectio”), Goihetxe [gaizokeria hori: / utzirik funtsezko gauza lotzea airekoari]). Cf. gizagaixo.
► Mitxelenaren ustez (FHV 350), gaizto-ren aldaera da, eta guzti > guzi ematen du herskariaren galeraren paralelo gisa. Hala, gaizto > gaizo > gaixo > gaxo bilakaeraren bitartez azaltzen dira aldaerak, lepokariaren sabaikaritzearekin, eta sorturiko igurzkari sabaikariak diptongoaren bokalerdia beretuta. Paradoxikoki, bilakaera horren kronologiaren aurkako datak ematen dituzte lekuko idatziek. Gaztelaniazko aldaketa fonetikoaren arabera dugu gaxo > gajo; ik. FHV 194-195.
Zuzenean gaitz-en eratorritzat joz gero, ez legoke argi zer litzatekeen -o; cf. agian atzo eta *ardano. Aukera honetan, pentsatu beharko genuke aski osaera zaharrekoa dela, bukaerako igurzkaria afrikatu baino lehenagokoa.
Esanahiaren aldetik, ez dago eragozpenik gaizto-rekin, eta azken buruan gaitz-ekin, lotzeko: ageri denez, ‘txar, gaizto’ edo ‘kalte, oker, gaizki, eritasun, akats, erru…’ modukoetatik abiatu behar da ‘errukarri, pobre…’ zein ‘eri, eritasun’ azaltzeko, ez ‘handi, eskerga’-tik. Partekaturiko adieretarako, cf. RS gaxo ‘gaitz, gaizto’. Ubillosen eri gassó “pobre enfermo” ekartzen du gogora Mitxelenak (FHV 350, 9. oh.), esanez halakoetarik garatuko zuela gaxo-k ‘eri’ balioa.
gaizki (~1520: