- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
egotzi (1545: Etxep). ■ Hitz orokorra. XVIII. mendetik aurrera gutxiago erabiltzen da lap. eta bnaf. eremuan; hegoaldean XIX. mendean gertatzen da erabileraren gutxitze hori (cf. aurtiki, jaurti(ki), bota). Egoitzi aldaera bat badago (Pouv, Tartas, Mercy, Egiat, Monho, Goihetxe; cf. egoitz aditzoina Maister-engan, ego(i)tx-ekin batera); egotxi zub. (ez Belap) eta erronk. testuetan ageri da; autore batzuetan (bereziki zaharrenetan: Etxep, Leiz, Belap…) egotzi-ren ondoan egoizte aditz-izena dago. Oihenartek agozke aditz-forma trinkoa darabil (arraika ahunzari, agozke [‘egotziko hau’] kaparrari).
Ego- formen ondoan bada eko- hasieradun formen sail bat (jad. Oihenartengan ekoizte, ekoizpen, ekoizle), egite, emate eta ugaltzearekin loturiko esanahiak dituena.
□ Ez dago argi Egoçqueta (GuipAlb 1007), Osoa de Iguçcunea (SJuan ~1198; cf. Eluira de egoçcune (SMig 1238)) eta Egozco (PobNav 1366) izenek hitzarekin zerikusirik duten. Orobat Martin Fernandes de Egoça (ArchBergIII 1484; Hegoça ere ageri da).
egotzarazi (UskLiB), egotzondar (-undar TBLap [Leiz ruina]), egozgale (‘goragale’: Lizarg), egozka (jolasa: Azk [azpiraketan edo beera botaten edo egozka]), egozketa (‘inputazio’: Mogel [egozketa edo testimonio falsua]), egozki (‘fruitu, emaitza’: Urte [lurrak… ekharri zuen bere egozkia]), egozle (Ax [maradizino heken egotzlea]), egozte (Leiz [ur egoizte], Mogel [esku egozte loi]). Cf. haur-egozte, zinegotzi.
(eko-):
● ekoitzi ‘egin, sortu’: Intxpe (semiaren ekhoiztia, eta erraitia: hau da ene semia); partizipio berria, -k-rekin, ekoizle eta ekoizte modukoetatik sortua.
● ekoizle ‘emankor’: Oih (o zuhatz orsto-zabala… / horl’ ukenzu, horl’ ekoizle); geroagokoa da ‘egile, produktore’ esanahia, XX. mendekoa; ik. goian egozle, baina honek ez du esanahi berria hartu.
● ekoizpen ‘fruitu, emaitza, ondorio’: Oih (zuhatzetan hi lehena… / dohatsu hir’ ekoizpena), ZubDot (oliadüraren ekhoitzpenak); ‘probetxu’: Intxpe (fededün güzien ekhoizpenetako); ‘emankortasun’: Artxu.
ekoizdun (‘emankor’: Artxu), ekoizte (‘fruitu’: Oih [gauz’ orok ber’ ekoiztea / bera iduri du egiten; cf. Harr egozte edo fruitu]; ‘argitaratze’: Intxpe [lehen ekhoiztea edo edizionea]).
► Egoitzi eta egotxi aldaerak kontuan hartuta (cf. halaber egoizte aditz-izena, ekoizpen, ekoizle eratorriak…) pentsa liteke egoitzi dela forma zaharrena; hala balitz, egoitzi > egotzi bilakaera proposatu beharko genuke, baina ohartzekoa da oi diptongoa ongi gorde ohi dela, eta ia ez dagoela oi > i bakuntzearen adibiderik (FHV 106); horretaz gain, diptongodun aditz-erro bakarra genuke. Beste aukera da egotzi formatik abiatzea, eta egoitzi sekundariotzat jotzea, gogoan hartuz txistukari + herskari taldeen aurretik -i- sortzeko joera badela (cf. azken/aizken, ebatsi/ebaisten, berezi/bereizten… FHV 159); hori onartuta, pentsatu beharko genuke -oi- diptongoa egoizte/ekoizte bezalakoetatik zabaldu dela egoitzi, egotxi eta halakoetara. Honen alde legoke eragotzi eratorriak aditz-izenean bakarrik izatea -i- (cf. eragoizte, baina ez **eragoitzi).
Honenbestez, e-gotz-i analizatu daiteke: e- aditzetako marka da, eta -i partizipioarena (cf. ekarri, ibili, etorri…); erroa *goz litzateke, baina kasu honetan erroaren forma berri afrikatudunaren gainean osatua da aditza (cf. gatz/gazi, hats/haserre… FHV 288-289; ik. egosi). Hitzaren erro berarekin, baina forma zahar igurzkaridunarekin, cf. jauzi (< *ja(g)ozi < *e-da-goz-i), erauzi (< *e-ra-goz-i, baina ik. eragotzi) eta urgazi/urgatzi (< *e-da-ra-goz-i).
Aipagarria da egotzi/ekoizte bikoteak erakusten duen g/k txandakatzea; cf. ebaki/epaile, ebatsi/epaskoa, egosi/ekosari, etab. Mitxelenak dioskunez, datuen urritasunak ez digu uzten bilakaera morfonologikoren bati dagokion zehazten (1957b: 122, 15. oh., FHV 231-232). Baina fonetika hutsaren bidetik bila daiteke azalpena, ahoskabearen aldeko asimilazioa proposatuta: egoizte > ekoizte; cf., bestalde, kalte, koipe eta halakoak, eta baita bake eta pekatu modukoak ere.
Erro honen jatorrizko esanahirako, pentsa daiteke ‘bota’ edo ‘sakatu’ moduko adieretan, erraz eman lezaketenak ‘eman, produzitu’; cf., bestalde, eragotzi eratorriaren ‘bultza egin’, zeinak urgatzi-ren ‘lagundu’-ra ere hurbildu gaitzakeen.
eragotzi (1571: Leiz). ■ Hitz orokorra. Leizarraga eta Belapeyregan eragoizte aditz-izena dago. Iparraldean, XVI. eta XVII. mendean, ‘egotzi, aurtiki, bultza egin’ esanahiarekin aurkitzen da (Leiz erhautsaren oinetarik eragoiztea, EtxZib norat ere baita eragotzten zuhaitza; Belap aragizko bekhatiala eragotzi). Oihenartek aditz-forma trinkoa darabil (kanpora deragotza). Hegoaldean ‘galarazi, debekatu’ adieran erabili da gehienbat (Lazarg eragotziko deraustae / damaok serbietea, LeitzAuzi eztiazola eragotzi niork); ‘aletu, irakurri’ (gnaf.) edo ‘eradoski’ (bizk.) moduan ere jaso izan da. LizaurEtx jo ta eragotzi esaldiaz, ik. halaber López-Mendizabal (1962: 197). Izen bezala frai Bartolomek darabil (leengo zortzi aginduen ta eragotzijen gainera).
● eragozka ‘gaitzets, gaitzetsi’: “eráoska, eráoskia, (el) cordero que no es amado por su madre” Izag (bizk.); ez dago argi zein -ka den, esanahiarengatik, zaila dirudi -ge ‘gabe’ izatea. Ik. behean erauzkin.
eragozgarri (‘zurigarri’: Ax [buru-eragotzkarri bezala]; ‘eragozpen’: Larm, Mogel [atzerabide ta eragozgarri]), eragozle (‘eragozpen’: frBart [ainbeste ezinen eta eragozlaren kontra]), eragozpen (Mogel), eragozpide (Mogel).
► Egotzi-ren arazlea da, -ra- artizkiarekin. ‘Galarazi, debekatu’ adiera esplikatzeko, ‘(aukera…) egotzarazi, bota’ ← ‘(atzera) bota, baztertu’ moduko bilakaera batean pentsatu behar da, cf. fr. repousser eta rejeter, oinarrian ‘bultza egin’ eta ‘bota’ esanahia duten aditzak izanik ‘baztertu’ esan nahi dutenak. Osaera berekoa izan daiteke erauzi (< *e-ra-goz-i), baina jatorrizko igurzkari zaharrarekin; cf. orobat jauzi, biak ala biak herskari belarra galduta.
erauzi (1571: Leiz). ■ Erdi-ekialdeko hitza (gip., gnaf., bazt., lap., bnaf., zub.; cf., gainera, bizk. erauzkin); XX. mendeko mendebaldeko zenbait autorek ere badarabilte. Aldaerak dira erauzi (gnaf., bazt., lap., zub.), erautzi (gip., gnaf., bazt., bnaf.; EtxZib), eautzi (bnaf.), irauzi (gip., gnaf.; EtxZib) eta irautzi (gnaf.; EtxZib); -tu bukaerarekin erauzitu (Larm) eta irauzitu (Kortazar) ageri dira. Leizarragak erautze aditz-izena darabil.
Esanahiak dira ‘edeki, atera, kendu’ (Leiz prokonsula fedetik erauzi nahiz, EtxZib atheak… gondetarik irauzi), ‘baztertu, urrundu (igaitz.)’ (Leiz egiazko bidetik aldaratzen eta erautzen baikara), ‘onetik atera, burutik jauzarazi’ (Leiz enkantamenduz adimendutarik erauzi baitzituen, Ax kolerak erauzirik dagoen hark), ‘buruz behera jarri’ (Leiz nahi dute erauzi Kristen Ebanjelioa), ‘asaldatu’ (Leiz altxa zedin… eta erauz zezan populu handi bere ondoan), ‘egotzi’ (Materra nehori falseriarik erauz eztiazogula), ‘lur joarazi’ (Duv hiriak erauzi eta hondatzerainokoak), ‘jauzi eginarazi’ (Egiat), ‘(fruituak) kendu, jaso’ (Salab, Duv, Azk/Aspiroz/Satr (erauzi lap., erautzi gip., gnaf., bazt., bnaf., eautzi bnaf., irauzi gnaf., irautzi gnaf.)), ‘alde eginarazi’ (lap. herri-kanta Donibane huntarat aitak nau erautzi), ‘(hantura zornatsu bat) lehertu’ (irauzi Larm, Azk (gip.)) eta ‘(lurra) jaso’ (irauzi Larm, Azk (gip.)).
● erauzkin “(cordero) abandonado de su madre” erauskin Izag (bizk.); ohar bedi Erauskin deiturak ez duela zerikusirik hitz honekin, cf. Pasqual de Erausqin (ArchAtaun 1504), baina lehenagoko Juan de Asteis de Herauscain (ArchAtaun 1399); ez dago argi Eraso izenarekin lotu behar den, cf. bilduma bereko 1404ko Herasolaça, eta cf. herauts. Ik. goian eragozka.
erauzarazi (Ax [erauzarazi zeraukan falso testimonio gaixto bat]), erauzgarri (Leiz [eztela… othoitz egiteko egiazko formatik nehoren erauz eta aldaragarri baizen]), erauzimendu (‘eromen’: Leiz [bethe zitezen erauzimenduz]), erauzketa (Haranb [nihori baiak eta iuiamendu arinak erauztea da bekhatu; mortal gauza baliosaren gainean baldin bada hunelako erauzketa]), erauzle (Larm), erauzpen (“action d’abattre” Duv). Cf. bilarrauzi.
► Pentsa daiteke *goz erroa duela oinarrian eta, funtsean, *egozi zahar baten arazlea dela: osaeraz, *e-ra-goz-i litzateke, igurzkari zaharra duela erroan. Erro horren beraren aldaera afrikatu berriagoa dagoke egotzi-n, eta cf. honen arazle eragotzi, osaeraz erauzi-ren kidea. Esanahiaren aldetik, ez dago arazorik ‘egotzi’ esanahi batetik eratortzeko ‘edeki, atera, kendu’, eta badirudi agentibotasun handiagoa gehitzen diola artizki arazleak ekintzari, edo aditzak adierazten duen ekintza egilearengana zuzenduagoa dagoela; oinarrizko esanahi horren erabilera hedatuak dira ‘baztertu’, ‘onetik atera’, ‘asaldatu’, ‘fruituak kendu’, ‘lehertu’, ‘lur joarazi’, ‘buruz behera jarri’, ‘jaso’, eta erroaren familiari loturiko adierak dira ‘egotzi’ eta ‘jauzi eginarazi’.
Mitxelenaren ustez (FHV 481), jauzi-ren arazlea da, baina ez du xehetasunik ematen: hipotesi horretan, badirudi *jarauzi moduko zerbait behar lukeela, ez erauzi.
jauzi (1571: Leiz). ■ Erdi-ekialdeko hitza (gip., gnaf., bazt., lap., bnaf., zub., zar., erronk.; gipuzkeraz ‘irten’ adieran eta burutik jauzi esapidean bakarrik). Aldaerak dira jauzi (bazt., lap., bnaf., zub.; x- erronk.), jautzi (bnaf.), dauzi (bnaf.), dautzi (Herria), zauzi (erronk.), txauze (Arak (erronk.)); -n bukaeradunak ere badaude: jautzin (Herria), dautzin (BN-arb), baita -tu bukaeradunak ere: jauztu (erronk.; StPierre), txauzitu (Arak (erronk.)).
Txistukari apikariarekin jausi (Pouv, BelaHizt; gip. autore batzuek ere badarabilte) eta jautsi (Pouv) aurkitzen dira. Jauxi aldaera sabaikaridun adierazkorra JEtxep2-k darabil.
Aditz moduan eta izen moduan erabiltzen da. Aditz moduan esanahi nagusia da ‘salto egin’ (Leiz iauz baitzedin haurra haren sabelean); honako adiera hauek ere aurkitzen dira: ‘sortu, kanpora agertu’ (Leiz ur iauzten denezko ithurri, bizitze eternalekotzat, Ax begietatik iharrak iauzten zaitzan), ‘haserreak hartu’ (Ax iauzten eta enkoniatzen da), ‘erauzi, kendu’ (Salab), ‘egotzi, kanporatu’ (Xaho), ‘kontra altxatu’ (Duv haurrak jauziko zatzaizkote burhasoei eta heriotzez joko dituzte), ‘irten’ (Duv, EuskEsn 1930 (gip.)), ‘(arrak emea) estali’ (Harr), ‘onetik atera’ (bnaf.; cf. burutik jauzi) eta ‘buruz behera jarri, nahasi’ (Casve).
Adimendutik jauzi, burutik jauzi, gontzetatik jauzi eta antzeko esapideetan ohikoa da (ik. infra).
Izen moduan, ‘salto’ da esanahi nagusia (Gaszar oreiñek… egiñen tie jauziak; cf. jauzi egin), eta pluralean herri-dantzetako saltoez esana aurkitzen da (Zaldubi guziak harritu baitziren… jauzi eta urrats nobleen ikusteaz; cf. behean Ax jauzian). ‘Ur-jauzi’ (Gorosurreta/Azk (bazt., lap., zar.)), ‘porrot, bankarrot’ (ArmanUsk) eta ‘punpa, bote’ (Garate (zub.)) ere ageri dira.
● jauzkeiri ‘ur-jauzi’: Azk (zub.); jauskeiri Azk/Foix (zub.); baliteke iri ‘inguru’ egotea, eta ‘ura jauzten den ingurua’ litzateke, baina ez dago argi nola azaldu behar den -ke-; ik. jauztiri.
● jauzketa ‘jauzika’: JEtxep2 (mendi-zelaietan jauzketa ibiltzen); Bera (ez orlako jauzketan sartu “no te metas en honduras”); erabilera absoluturako, cf. eleketa ari izan.
● jauzki “sajar” Azk (gip.); aditzetako -ki-rekin, cf. ebaki, etab.; cf. jauzteko.
● jauzkidatu “coincidir” Larm; -kidatu da bigarren osagaia, kide + -tu, cf. Larm-en beraren aitakidatu, gogakidatu, etab., ziur asko hiztegiko hitzaurrean aipatzen duen Leizarragaren zerbitzarikide eta halakoetan oinarriturik.
● jauzteka ‘salto’: Egiat; ‘jauzika’: Laphitz; jauz- + -teka; cf. eraiteka; baliteke ‘jauzika’ adierarako jauzte + -ka proposatu behar izatea; ik. nahasteka.
● jauzteketa Harr; aditz-izenaren gainean osatua, cf. jauzketa; cf., bestalde, jauzkatu/jauztekatu bikotea.
● jauzteko “un tumor que hay que reventar” Izag (gip.); cf. jauzki; helburuzko aditz-izen jokatugabea, lexikalizatuta, cf. erauzi-ren ‘(hantura zornatsu bat) lehertu’ adiera.
● jauztikalari “sauterelle” xauxtikalari Bonap (erronk.); baliteke jauzteka-ren gainean osatua izatea.
● jauztiri ‘jauztegi’: iautstiri Pouv; ‘(ur) jauzi’ ur iautstiri Pouv; -tegi atzizkiaren aldaera dago, Zabalaren ustez (1952: 442), eta Amikuzeko bnaf. hitz gisa dakar, jauzteri aldaeran; bigarren adierari dagokionez, ik. halaber jauzkeiri, eta baliteke -iri ‘inguru’ egotea hor.
adimendutik jauzi (Ax [erhoa eta adimendutik iauzia]), bi jauziz (‘laster’: Zerbitz [bi jauziz joan ziren]; cf. jauzi batean/batez, jauziz), (bere) baitatik jauzi (Birjin [oihuka eman zen bere baitharik guzia jauzirik bezala]), buru-jauzi (“insensato” Larm), burutik jauzi (‘erotu’: EtxZib), dantza-jauzi (Hbarren), gogotik jauzi (Harr), gontzetatik jauzi (gontzetarik j. FedProp 1904), jauzaldi (“chochez, delirio” jauztaldi Larm), jauzarazi (jauzerazi Egiat), jauzgarri (“qui est à sauter, à omettre dans une lecture” Harr), jauzian (Ax [dantzan eta iauzian]), jauzi batean (‘laster’: Barbier; cf. bi jauziz), jauzi batez (‘laster’: HiriartU), jauzi behorka (“por saltos bruscos” Azk (bnaf.)), jauzi-egile (jauzigile Urte), jauzi egin (Urte [iauzi egin zuen beheiti kameluaren gañetik]), jauzi eragin (‘aterarazi, kanporatu’: Ax [(gogoeta gaixtoei) ezterauet ostaturik emaiten… iauzi eragiten derauet]), jauzi eta putin (“dando córcovos y saltos” iauzi ta putin Azk (lap.)), jauzi eta putinka (SoEgil), jauzi eta zapart (‘jauzika’: Azk), jauzigin (“élancement” Hbarren), jauzigune (‘hasgorapen, otoitz labur’: Harand), jauzi-jauzi (‘jauzika’: JEtxep2), jauzika (jausika Pouv), jauzikako (‘dantza-jauzi’: Hbarren), jauzikeria (Pouv [(Dabidek dantzan) iauskeria hek egiten zituen]), jauziko (urthe iauziko xahala “veau qui a passé un an” Harr; ‘dantza-jauzi’: FedProp 1896), jauzilari (EtxZib), jauzizko (‘hasgoparen, otoitz labur’: Harand), jauzkagia (‘amildegi’: Const), jauzkalari (Ax), jauzkari (OihAtsot), jauzkatu (‘salto egin’: Belap; cf. jauztekatu), jauzketari (Duv), jauzi-mauzika (Iratz; errepikapen fonosinbolikoarekin), jauzi-mozka (Goihetxe [yauzi moxka dabillala / toki batetik bertzera]), jauzi-putinka (‘salto’: JEtxep; ‘jauzika’: Herria 1963), jauziz (‘berehala’: HiriartU [jauziz heldu zaut gogora]; cf. bi jauziz eta jauzi batez), jauziz jauzi (‘jauzika’: Oih), jauzkoi (“bondissant” Hbarren (+ jauzikoi)), jauzkor (Ax [bere egitez iauzkor eta mendekos diren presunak]), jauzkortasun (‘haserrekortasun’: Birjin), jauzkunde (“élancement” Duv), jauzkura (“démence” Duv), jauzpide (‘jauztegi’: Lhande (bnaf.)), jauztari (Laf), jauzte (Birjin), jauztegi (‘hesi bat gainditzeko zurubitxoa’: Harr), jauztekari (Salab), jauztekatu (Lopez; cf. jauzkatu), hozkatik jauzi (‘onetik atera’: Const), ur-jauzi (EtxZib [ur-iauziaren soñuaz]).
► Osaeraz, *e-da-goz-i dela proposa daiteke; -da- artizkirako eta ja-ren bilakaerarako, ik. han (s.v. adar), eta *goz erroaren forma zahar igurzkariduna genuke hemen, erauzi-n bezalaxe (cf. egotzi eta eragotzi, ustez erro beraren forma berri afrikatudunak). Badirudi -da- artizkiaren balioekin lotu behar dela aditzaren erabilera iragangaitz itxuraz jatorrizkoa (cf. ‘salto egin’, ‘sortu, kanpora agertu’ eta ‘haserreak hartu’ adierak autore klasikoetan). Bestalde, ‘erauzi, kendu’ eta ‘egotzi, kanporatu’ adieretarako, cf. familiako erauzi eta egotzi.
Dau(t)zi aldaeretarako, cf. bnaf. jeutsi > deutsi, jostatu > dostatu, etab. (FHV 184): hastapeneko [ɟ] soinua aldaera sabaikaritutzat hartu da, eta d- ustez jatorrizkoa berrezarri; cf. lat. genus > eusk. ddeus > deus (FHV 519). Erronk. txauze-rako, cf. jostatu > txostatu (bukaerako -e-rako, cf. ahantzi, erronk. ãtze, FHV 130). Txistukari apikaria duten aldaeretan, Pouvreauren kasuan ohikoa da nahastea, BelaHizt-en kasuan notazio hutsari egotz dakioke, eta gipuzkerazkoetan baliteke jausi-ren eragina egotea.
! urgatzi (urgazi ~1496: RS; urgatzi 1627: EtxZib). ■ Hitz zabaldua (bizk., lap., bnaf., zub.), nahiz eta XVIII. mendearen hasieratik zub. bakarrik gorde (XX. mendean, bestalde, hegoaldeko testu batzuetan ageri da). Aldaerak dira urgatzi (lap., zub., EtxZib, Oih, Belap…), urgazi (bizk.; RS, frJZum), urgaitzi (lap., zub.; EtxZib, Maister, Intxpe…) eta ürgaiztü (zub.); Harr-ek urkhaitzi aldaera gaineratzen du, baita ere urgaitze eta urgaite aditz-izenak (baina ez dago hiru forma hauen beste lekukotasunik). Zubererazko aldaera guztiek hasieran ü- dute.
Forma trinkoak ere badaude: drugatzula (Etxep), trogatzula, trugatzula (Volt).
Esanahia ‘lagundu, babestu’ da (RS egiok urgazi geideari, Etxep Ieinkoak drugatzula), ‘(zerbait egiten) lagundu’ adieran ere bai (Mikol zelan gei emoten deustazu onetan urgazteko, Belap (kateximaren) onsa erraitera ürgazteko).
urgazgarri (Intxpe [mündüko ürgaizgarriak oro]), urgazgoa (Sakram [bere kargian mengoa badü besteren ürgaitzgoarik, galthatüren dü zonbait prioreari]), urgazkizun (“qu’il faut aider, secourir, protéger” urgaitzkizun Harr), urgazle (Intxpe [hura düzü… herstüran ürgaizlia]), urgazmendu (Sakram [aurhidegoak hen ürgaitzmentiaren beharra dükianian]), urgazpen (‘laguntza’: EuskEsn 1916), urgazte (Belap [maitetarzün, fidelitate eta ürgaztia]).
► Proposa daiteke *e-da-ra-goz-i aitzinforma, bilakera fonetiko ilunarekin (baina erregular itxurakoa, arrats eta ardan- bezalakoak kontuan hartuko bagenitu) eta erroaren *goz/*gotz aldaerekin. Bilakaera horretan, gutxienez *edarago(t)zi > *edoraga(t)zi metatesia proposatu behar da (*edanon-etik baldin badator, cf. joan), eta *e(d)oraga(t)zi > *eorgatzi sinkopa; ondotik, *eorgatzi > *eurgatzi > urgatzi. Bestalde, urgaitzi eta urkhaitzi-rako, ik. egotzi-n ekoitzi, etab.
Esanahiari dagokionez, familia bereko eragotzi-k duen ‘bultza egin’-en pentsatu behar da, honek ‘lagundu’-ra hurbiltduko baikintuzke, ‘bultza egin’ ← ‘animatu’ moduko esanahi zabaltze batean pentsatuta. Nolanahi ere, lotura hau ez dugu behar bezala zehaztua.