- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
orain. Hitz honen azpian, orain eta orast sarrera-buru nagusiak bildu dira. Orain-en azpian, oraindaino dugu azpisarrera modura; orast-en azpian, berriz, arestian.
Batez ere esanahiaren kidetasunarengatik bildu dira batera bi sarrera-buru nagusiak; formari dagokionez, zenbait xehetasun daude argitzeko orain-en kasuan.
♦ orain (~1468: ErrodZar; orai 1545: Etxep). ■ Hitz orokorra. Landuccigan, orain-ekin batean, orast ere badago balio berarekin. Orai aldaera (aezk. orei) ekialdekoa da, gnaf. zati bat barne (baina Leiz, Volt, EtxZib orain, Larg, Xurio oraingo). Forma -r-gabeak XIX. mende bukaeraz geroztik aurkitzen dira: bizk., gip., gnaf. o(a)in, o(a)n, o(i)ñ…, gip., gnaf. goai(n), guai(n); cf. zub. óai. Cf. halaber bizk. untxe, untxu, are oiñ darabilten hizkeretan.
Izen bezala erabilia, Axularrengan dago jad. (denboratik eztugu deus ere, orai bat baizen).
● oraindi(n)o hegoaldean (batez ere mendebaldean) erabilia; -dio BertsBizk, -diño Mogel; osaeraz, orain + -ti + -(gain)do; azken osagairako, ik. oraindo eta orainga(i)no.
● oraindo Lazarg (oraindo nax gaztea eta oraindo beti izan nax / oi amoradu firmea); adlat. -do atzizkiarekin, cf. egundo, ezkerdo, artio, etab. (ik. de Rijk 1992: 705-707). Ik. behean oraino.
● orainga(i)no Land (-gano), Lazarg (-gaño); *-gaindo aitzinformatik azaltzen dira -ga(i)no eta -gino atzizkiak (de Rijk 1992: 707-709).
● orainganik Andram; lokazio modu bat adieraziko zuen -ga- artizkiak hemen, inesiboan eta ablatiboarekin, cf. zuganik, lagunarenganik, etab.; ik. orainda-.
● oraingino bizk. erabilia; Kapan; atzizkirako ik. orainga(i)no.
● oraino ekialdean erabilia; mendebalderago, Land-z gain, Nafgip. ono, goindo, guano jaso dira; Etxep (-ano), Land; osaeraz, orain + -o, ez dirudi oraindo-tik azaldu behar denik, bigarrenkaritzat ditu Mitxelenak -nd- talde zenbait, hala nola Burundako baindo (ik. FHV 308). Talde kontsonantikoen bilakaera fonetiko soiletik harago, Trasken legeak azalduko luke oraino eta oraindo-ren arteko harremana: atzizkiaren -o alomorfoa genuke batean, -do zaharra bestean (cf. pluraleko -de/-e/-te).
orain baino lehen (Kardab), oraindik (EspGut (lap.)), oraindik orainago (‘oraintsu’: AgirAst), oraineratu (Ax [gero hunen orai orai-ratzeko, sendatzeko eta erremediatzeko]), orainez lehen (‘orain baino lehen’: Mendig [oraiz lein erranik]), orain-geroka (‘noizean behin’: FedProp 1895), oraingoz (-tz Leiz), orainik (Arak (gnaf.), Lizarg), oraintsu (Zuzaeta [oransubengo; oransuko]), oraintxe (EtxZib).
► Hitzaren osagai nagusi moduan lat. hora onartu ohi da, baina erabat argitu gabe -in bukaerakoaren gorabeherak. Erakusleetako haren > hain laburtzeak gogoan hartuta, Mitxelenak esaten du antzeko zerbait gertatu ahal izan dela, eta *oraen edo berreraiki beharko genukeela (1971a: 591, 38. oh.; FHV 141). Horretaz gain, bukaera horretan euskal erakusle edo aditzondoren bat egon daitekeela uste du Mitxelenak (cf. gazt. ahora < lat. hāc hōra ‘ordu honetan’), inesiboan beharko lukeena (1971a: 591, 38. oh.; 1972a: 309, 17. oh.).
Zenbait eragozpen ditu hipotesi horrek: (1) pentsatu beharko genuke egitura horretarako bakarrik mailegatu zela lat. hora (cf. oren, baina gask. ore-tik dator), hiztegian geratu gabe baina euskal hitz gisa deklinatzera iritsita; (2) ez du xehetasunik ematen bigarren osagaiaz; inesibo singularreko -han erakusletik abiatzea dirudi naturalena, esanahiaren aldetik, baina *orahan > *oraan > *oraen > orain moduko bilakaeraren bat beharko genuke, eta ez dugu horrelako beste adibiderik deklinabidean; formalki ez luke arazorik -hen erakusletik abiatzeak (*orahen > *oraen > orain), baina ez dago argi zergatik genukeen genitibo plural bat; (3) Mitxelenak dioenez, *oraen baten alde egiten du bizk. orain izateak (ez **oran,[1] cf. gan < gain), baina, era berean, diptongoaren bilakaerak eta bisilabo bilakatzeak aski aspaldikoa behar du, zub. óai azentuera azaldu nahi badugu. Bestelako aukeren artean, ora + *din aipa genezake.[2]
Arazo horiek aintzat hartuta, beste aukera bat da pentsatzea osorik mailegatu zela orain. Hipotesi honetan, badirudi latindar jatorria hobetsi behar dela, ez erromantzea: batetik, familia latindar berekoak direlako orast eta arestian ere; bestetik, orain orokorra baita, eta iritsi delako orai aldaera berranalizatua izatera.
Dena den, merezi du aukera erromantzeak aipatzea, haien arazoak nabarmenduz. Lat. hora-ren eratorrietan arakatuta (FEW 7, 473a, hōra), aukera bat izan zitekeen okzit. zah. dora-en-avant ‘hemendik goiti’ moduko egituraren batetik abiatzea; beste zenbait sintagmatan ere ageri da (d’)ora en X egitura hori hizk. galo-erromantzeetan, cf. okzit. zah. orendrech ‘orain’ (fr. orendroit, FEW 4, 473a). Baina (d)oraen (avant) moduko berranalisiren bat beharko genuke, eusk. *oraen bakartzeko.
Bestela, formalki egokia izan zitekeen fr. zah. (xii. m.) orains ‘orain gutxi, duela gutxi’, eta ezin hobea Pikardiako orain (XVI. mendean dokumentatua); fr. zah. or ‘orain’ + ains/ainz ‘aurretik, lehenago’ dira osaeraz (bigarren osagaiak lat. ante du jatorri, FEW 1, 100b). Baina ez dira euskal eremutik hurbilekoak, eta aski berantiarrak dirudite. De Rijkek aipatzen du aukera hau (1992: 696, 3. oh.).
Aukera erromantze hauek arazoak dituzte, baina ez da erraz aurkitzen latindar osaerako jatorri bete bat: adibidez, ez dakigu inoiz zinez erabilia izan den lat. *ora iam kolokazioa, eta ez litzateke argia *oraiam > orain bilakaera, besteak beste lat. -m > eusk. -n bilakaeraren adibide gehiagorik ez dugulako eta, gainera, aski ezaguna baita latinezko amaierako -m-k ez duela erromantzez iraun (cf. it. già, gazt. ya, kat., port. ja, etab.; FEW 5, 27a, jam). Beste aukera bat litzateke nominatiboko hora haec sintagma batean pentsatzea (*orae(k) > orai), erakuslea izenaren ondotik duela, baina ez dugu zantzurik aurkitu pentsatzeko kolokazio hau inoiz maiztasun handikoa izan dela.
Aukera latino-erromantze hauek gorabehera, pleonasmoaren bidea ere azter liteke, eta *ora-dan-e-n moduko zerbait proposatu, -dan osagaiarekin eta inesibo mugagabearekin; cf. bereziki Mitxelenak (1978a: 226-227) aipatzen dituen Barrutia amabi egun danean eta Etxahun hogei eta bost denin moduko sintagma inesiboak, inoiz orokorrak itxura guztien arabera. Honelakoxe bilakaera izango genuke: *oradanen > *oraanen > *oranen > *oraen > orain.
Berranalisiz azaltzen da orai aldaera, inesibo markatzat hartuta -n (cf. halaber egu ‘gaur’ ← egun, eta bizk. emetik, zub. hebeti ‘hemendik’). Berranalisi horretan berebiziko garrantzia du hitzaren izaerak, Mitxelenak ohartarazten gaituen bezala (1972a: 315-316, FHV 505-506); izan ere, Benvenisteren lanen bidetik (1966: 251-257), “la présente instance de discours”-i baitagozkio orain eta egun bezalako hitzak, eta unean uneko hizketaldiaren arabera ainguratzen dira, ez berezko balioaren arabera. Azkuek berak ohartarazi zuen (1927: 79-80), morfonologikoki ere ezberdin jokatzen dutela halakoek euskaraz: cf. egungo ‘gaurko’, oraingo ‘momentu honetako’, baina izen arrunt gisa jokatzen dutenean -e- epentetikoarekin, eguneko, oraineko ‘orainaldiko’. Hori guztia gogoan, honela azaltzen du orain → orai Mitxelenak (1972e: 120): “orain gertatzen dena oraiko bihurtu da zenbait euskalkitan, orduan gertatu zena alde guztietan orduko den bezala”.[3]
oraindaino (oraidano 1545: Etxep). ■ Cf. halaber oraindanik (Leiz), oraindara (Intxpe mundíaren hástetik oraidára), oraindaraino (Leiz (-drano), EtxZib).
► Hauetan guztietan -da- artizki bat dago, ines. -n eta adlat. -ra atzizkiekin konbina zitekeena; ines. oraindan-i, bere aldetik, adlat. -(d)o gehitu zekiokeen (oraidano; ik. goian oraindo eta oraino), eta baita ablat. -ik ere (oraindanik). Amaieran -ino dutenetarako, ik. goian orainga(i)no.
Artizkiari berari aditz jatorria ikusten dio Mitxelenak (1970b: 91-92), eta badirudi onartzen duela erlat. -(e)n dagokeela oraindan-en (1978a: 227). Alabaina, erlatiboko atzizkiaren aukera honek ez du azaltzen nolaz dugun -dan- euskal eremu osoan (erlatiboko adizkietan, cf. den/dan aldaerak, ekialdea eta mendebaldean bereizten dutenak). De Rijkek (1992) uste zuen *dan zela ‘orain’ adierazteko ondare zaharreko euskal hitza, gogoan hartuta mailegatua dela orain. Inesiboko aditzondoa zatekeen *dan ‘orain’, eta oraindan- bezalako kolokazioak dvandva modukoak izango ziren, haren ustez; *dara eta *danik, berriz, haren adlatiboko eta ablatiboko formak izango ziren, hurrenez hurren.
Baztertu gabe inoiz ‘orain’ balioa izan zezakeela *dan inesibo horrek, hobe da pentsatzea lokazio orokor moduko bat adieraziko zuen da batean. Lokatibo izaera orokor horretatik ulertu behar da beste zenbait leku-kasuri lotua agertzea, cf. adlat. -rat (< *-rada). Ik. -da- (s.v. jarri).
♦ orast. ■ Landuccigan ageri da (‘orain’): “agora, orain, orast”, “al presente, orast”, “antaño, orast urte bete”.
► Latindar garaiko mailegua da, Mitxelenaren ustez hora est perpausetik datorrena zuzenean (1957c: 21, 1958b: 42, 31. oh.); osaera horren indargarri ematen du arestian, oaistian-en etimologia ere, lat. hora est iam. Argudio horiek gorabehera, hora ista osaeraren aukera aipatzen du de Rijkek (1992: 697).
arestian (ariztian 1605: NavIntel; araistian ~1650: Pouv; oraixtian ~1650: Pouv). ■ Hitz zabaldua (bizk., gip., gnaf., bazt., lap., bnaf., aezk., zar., erronk.). Aldaeren artean, a-z hasten direnak dira arestian (bizk., gip., gnaf.), araistian (gnaf., lap., zar., erronk.), araiztian (zar., erronk.), arastian (erronk.), araxtean (zar.), arextean (zar.), aristian (gip.; Añib), astian (gnaf., bazt., lap., erronk.), aixtean (Lizarg), aixtian (lap.), aixtin (gnaf.), axtean (lap., erronk.), axtian (lap., erronk.) eta aztin (gnaf.).
O-z hasten direnak dira oraixtian (Pouv), oraxtean (lap., bnaf.), oraiztian (Arak (gnaf.)), oroxtian (Harrt), orostian (Harr), oixtian (bnaf.), oxtian (bnaf.) eta oixtin (Goihetxe).
Gradu hurbileko -o-dun formak ere ageri dira: o(i)xtion (bnaf.), aixtion (bazt.), oxtixon (bnaf.), ostixon (Barbier), aixtixoan (Duv), aixtixon (Harr), axtixotan (Harr), oxtixotan (Harr).
Esanahia ‘orain dela gutxi’ da (NavIntel hez, ariztian heçinduten horrela herraten [Gendulain, 1605], Larm arestiyan giñon bezala, Lizarg aixtéan manto xuría, / orái berriz dú gorría).
Zenbait hiztegigilek -n gabeko formak ematen dituzte: Oihenartek araistia, Larramendik arestia “tiempo que pasó poco ha”, Salaberrik oraxte “époque passée, mais encore peu éloignee”, Azkuek aresti “momento”, etab.; ez da, hala ere, izen oso moduan testuetan agertzen; cf. infra arestiko, aresti batean, aresti honetako, aresti ezkero, etab.
aresti batean (AndGut [aisti batean Donostiara pasa da]), aresti ezkero (Larm), aresti hartan (Arrue [aresti artan kaleetan… zebillena]), aresti honetan (‘arestian’: Mburu), arestiko (‘duela gutxiko’: Barrutia [zori gaistoan ikusi neban araistiko jentea]), aresti ondoan (“al cabo de rato” Larm), arestiradaino (‘orain dela gutxi arte’: aixtiradino Duv; axtiadraino Azk (erronk.); ik. orainda-), arestirik (‘arestian’: axtirik Azk (aezk.)), arestitik hona (aixtitik hunat Duv), arestixe (araistixe Pouv; oraiztixean FedProp 1899; aiztintxeko Orixe), arestiz geroz (aixtiz gero Duv).
► Mitxelenaren ustez, lat. hora est iam esapidetik heldu da (1957c: 21, 1958b: 42, 31. oh.), eta Vulgatako quia hora est iam nos de somno surgere (Rom. 13, 11) aipatzen du. Horrela, zuzenean lotzen da Land orast-i emandako hora est etimologiarekin.
Zenbait ohar egin daitezke, hala ere, hipotesi honen oinarriari eutsiz: lat. iam-en bukaerako sudurkaria aski goizik galdu zela ohartuta (errom. ya, già, ja, déjà eta horietan ez dago haren aztarnarik, FEW 5, 27a, jam), agian *ora est ia bat proposa liteke, euskararen barrenean gehitutako -n inesiboarekin. Beste aukera bat da, bukaerako lat. ia(m) hori gabe, lat. ora est esapidearen gainean -e berranalizatu bat gehitu izana (cf. atze, aurre, etab.): orast-e- izango genuke, eta honela egokiago azalduko lirateke lap., bnaf. oraxtean, Lizarg aixtéan, etab.
Gordetzaileak dira o- duten formak, eta bigarren silabako bokalarekin asimilazioa gertatu da besteetan, *oraest- > *araest- > araist-/arest-, etab. Mitxelenaren hipotesiaren bertsio klasikoan, berranalisiz sortuak dira -n gabeko formak, euskararen barrenean inesibotzat hartuta, eta horren arabera deklinatuta aditzondoa (-ko, -tik eta besterekin); cf. eratorrien artean aresti ezkero, aresti honetan, arestiko, etab.