Oinarrizko ikasketak Baigorrin egin ondoren, Uztaritzeko seminario txikian (1937-1944) eta Baionako seminario handian (1945-1951) egin zituen ikasketak. Baionan apaiztu zen 1951ko ekainaren 29an. Irakasle aritu zen Mauleko ikastetxean (1944) eta Donibane Garaziko laborantza eskolan (1954-1956).
Apaiz lagunkide izan zen Hazparnen (1953) eta Urruñan (1956-1969). Hazparnen, orobat, misio ematen ibili zen 1962-1969 artean. Gero erretore izan zen Aiherran (1969-1980), Irisarrin nahiz Suhuskunen (1980-1995), eta Donibane Garazin (1995etik). Hain zuzen, apaizgoaren urrezko ezteiak Donibane Garazin ospatu zituen 2001ean.
Euskal liturgian eta eliz testuen itzulpenean lan handia egindakoa da. Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian hasi (1964) eta hainbat urtez Belokeko monasterioan bildu zen taldeko kide izan zen, liturgia latinetik euskarara itzultzeko. Dozenaka kantika berri idatzi edo zaharberritu zituen. Halaber, abesbatzak zuzendu eta bertsoari mezan tokia eman zion.
Izan ere, bertsolaritzaren sustatzaile eta eragile nagusienetakoa izan zen Ipar Euskal Herrian. Urruñan antolatu zuen lehen bertso saioa 1958an, Teodoro Hernandorenarekin, ehunka lagun bildu zituztela. Urruñan eta Aiherran hamarna urtez antolatu zituen halako saioak.
Epaimahaikide izan zen, orobat, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian (1962, 1965, 1967, 1982) eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan hamar urtez (1984-1994), besteak beste. Bertso jarrien idazle izan zen, eta, Euskaltzaindiko lanari dagokionez ere, bereziki herri literaturaren arloan jardun zuen.
Kultur elkarteez den bezainbatean, Bertsularien Lagunak elkarteko kide eta Euskal Herriko Eliza Kantarien Batasuneko sortzaile (1969) izan zen. Kirolari dagokionez, Pilotarien Biltzarreko arduradun ere aritu zen, pilotazale izateaz gain pilotari ere izan baitzen. Antzerkigintzan ere saiatu zen, Piarres Larzabalen eta Telesforo Monzonen eskutik.
Txikitatik hasi zen euskaraz idazten, Piarres Lafittek nahiz Eskualzaleen Biltzarrak antolatutako lehiaketetan. Gero Herria astekarian eta Eskualdun Gazteriaren Gazte (1956) hilabetekarian jarraitu zuen idazten, sarri Sokorri ezizenarekin. Beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen idazlanak: Gure Almanaka, La Croix du Sud, Zeruko Argia, Herria 2000 Eliza, Mezulari, Jakin, Igandetan Elizan, Otoizlari, Elgar eta abar.
Dena dela, Baionako Herrian idatzi zituen lanik gehienak, 1969-2003 artean kazeta horren zuzendari izan zelako, Piarres Lafitteren (1944-1967) eta Jean Hiriart-Urrutiren (1968-1969) ondoren. Zuzendari zela erdietsi zituen astekariak 2000. zenbakia (1989) nahiz 50. urtemuga (1994).
Hogeita hamahiru urte horietan berebiziko eginkizuna bete zuen milaka irakurle dituen agerkariak, nafar-lapurteratik poliki-poliki euskara baturantz abiatuta. 2003-2015 artean ohorezko zuzendari izan zen, Janbattit Dirassar zuzendari zela.
Era berean, Jean Hiriart-Urrutik Herrian idatzitako artikuluak bildu eta argitaratu zituen bost liburutan (1977-1992), baita Jean Baptiste Etxeberriren hamahiru liburu argitaratzeko bidean jarri ere (1959-1991). Bertsolariei dagokienez, hainbat egileren lanak bildu zituen: Ernest Alkat, Jean Pierre Mendiburu, Joanes Arrosagarai, Xanpun eta abar.
Honako sari eta ohore hauek jaso zituen: Pilotarien Biltzarraren omenaldia; Argia saria (1990); Bertsularien Lagunak Elkartearen eta Euskal Kultur Erakundearen omenaldia (Irisarri, 1992); Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen omenaldia Bertsolari Egunean (Donostia, 1992); Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria (Sara, 1998); Euskal Idazleen Elkartearen omenaldia (Uztaritze, 1999) eta abar.
Sorkuntza
1980, Aiherra : Nafarroaren leihoa (Itxaropena).
2001, Ene artzain-etxolak (Sendoa). PDF
Edizioak eta bilketak
1977, Jauna dut argi : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (Itxaropena).
1981, Fedea gidari : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (Itxaropena).
1984, Artzain solas : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (Itxaropena).
1989, Izar alde / Jean Hiriart-Urruty (Itxaropena).
1992, Aitaren etxerat : mundu berri, Eliza berri / Jean Hiriart-Urruty (Itxaropena).
2006, Xanpun bertsularia (Auspoa). PDF
2007, Biotz barneko solasak / Joanes Arrosagaray (Auspoa).
2007, Ene bertsuen feiria : (bertsu bilduma) / Jean Pierre Mendiburu (Auspoa).
2007, Ene ezkilaren dangak : (bertsu bilduma) / Ernest Alkat (Auspoa).
Euskera agerkarian
1976, "Emile Larre jaunaren mintzaldia" [sarrera-hitzaldia]. PDF
1978, "Pierre Lafitteri omenaldia". PDF
1985, "Piarres Lafitte joan zaiku (1901-1985)" [hilberri-txostena]. PDF
1988, "Piarres Larzabal (1915-1988) : abertzale, idazle, apez zena" [hilberri-txostena]. PDF
1990, "Jean Hiriart-Urruty (1927-1990)" [hilberri-txostena]. PDF
1991, "Jean Baptiste Etcheberry : (bere biziaren ilun nabarrean 13 liburu idatzi dituena)". PDF
1991, "Jean Pierre Iratchet (1921-1991)" [hilberri-txostena]. PDF
1992, "Iparraldeko herri-ipuin idaztiak". PDF
1995, "Ama hizkuntza biziko da : ohar batzuk Iparraldeko begitik". PDF
1996, "Donoztiriko J. B. Etcheberry zena (1903-1996)" [hilberri-txostena]. PDF
2001, "Piarres Lafitte gure arbasoa (beretik eta azkena)". PDF
2009, "Jean Hiriart-Urruty (1927-1990)". PDF
Iker bilduman
1992, "Jean Hiriart Urruty zena (1927-1990) : halako lurretik holako landarea". PDF
1997, "Garazi 97, Bernat Etxepare". PDF
2008, "50 bat apez pilotari". PDF
2009, "Hegoalderat buruz enetzat pausu ona". PDF