Euskaldun laborari familia xume batean jaioa, gaztetxotatik Elizaren bidea aukeratu zuen, anaia batek eta arreba batek bezala, eta bizi osoa eskaini zion hari, bidean apezpiku gradua erdietsi arte. Izan ere, G. Grécietek hala dio haren omenezko hilondoko artikulu batean, hark Hego Amerikako euskaldunei egindako bisita baten harira: “Nous ne prénions pas la peine de préciser son titre hiérarchique. Gordus, Bayonne, Carthague, auxiliaire, titulaire, chacun s’embrouillait à plaisir; mais pour tous il était l’évêque des Basques et cela suffisait.” (Gure Herria, 1952-1, 49. or.).
Oinarrizko ikasketak Milafrangan eta Larresoroko seminario ttipian egin zituen, eta apaizgorako ikasketak ondoren Baionako seminario handian. Meza berria 1908an eman zuen, baina 1906-1907ko ikasturtea Okzitaniako Tolosan egin zuen, Elizaren unibertsitate pribatu gisa funtzionatzen zuen Institutu Katolikoan, non eskuratu baitzuen Letretako lizentzia. Berehala nagusiek Erromara igorri zuten, ikasketak osatzera, 1910ean Unibertsitate Gregorianoan Teologiako doktoregoa erdietsi zuelarik.
Euskal Herrira itzuli eta lehen destinoa Baionako San Andres parrokian eman zioten, bikario gisa (1910-1912), baina laster igorri zuten Hazparneko aita misionesten etxera (1912-1914), alegia, herriz herri predikuak eta antzekoak emateko eginbidea zutenen artera. Bizi guztian ospe handikoak izan ziren haren hitzaldiak eta sermoiak, bai euskaraz zein frantsesez edo, Hego Amerikan, baita gaztelaniaz ere. Esperientzia pastorala bereganatu ondoren, berehala Baionako seminario handiko Teologia Moraleko irakasle izendatu zuten 1914ko otsailean; soilik sei hilabete eman zituen karguan, Lehen Mundu Gerra hasita armadak deitu baitzuen; gerra amaitu ondoren berriz ere postu horretara itzuli zen, oraingoan zuzendari bezala ere aritzeko (1919-1923). Argitu beharra dago 1914an elizbarrutiko seminarioa Nay-n (Bearno) zegoela kokatuta behin-behinekoz, Baionan obrak egiten ziren bitartean (Frantziako gobernuak seminarioa indarrez itxi zuen 1906an eta 1914ko martxoan hasi ziren seminario berriaren obrak).
Gerran andazain gisa aritu zen, eta frontearen lehen lerroan eta gudu askotan parte hartu zuen. Kronika ugari idatzi zituen, astero edo bi astean behin, Eskualdunan argitaratzen zirenak; Piarres Xarrittonek bildu eta argitaratu ditu (14eko Gerla Handia, Ibaizabal, 1998) eta Eneko Bidegainek sakonki aztertu (Lehen Mundu Gerra "Eskualduna" astekarian, Euskaltzaindia, 2013). Halako batean zauritu eta preso hartu zuten, eta Alemanian igaro zituen hainbat hilabete. Gudari eredugarria izan omen zen, Gerrako Gurutzearekin saritu zuten, bi aipamen jasotzeaz gain.
Baionan apezpikuak berehala eman zion kargu eta karga ugari, besteak beste apezpikuaren idazkari eta kalonje izatekoa (1922); 1925ean Eskualdunako zuzendari izendatu zuten (1925-1930), eta, era berean, haren gain egon zen VII. Kongresu Eukaristiko Nazionalaren antolakuntza (1929). Hain zuzen ere kongresu horretan egindako kudeaketa bikainaren eraginez, Frantziako Elizako goi kargu handi batek, hots, Alexis Lemaître (1864-1939) Kartagoko artzapezpiku eta Afrikako primatuak bere laguntzaile gisa hartu nahi izan zuen, eta orduantxe (1930) eman zioten apezpiku gradua, Gordus-eko apezpiku eta Kartagoko apezpiku laguntzaile izendatu baitzuten. Gaur egun bitxiak eta ulergaitzak diruditen tituluak izan arren, Eliza katolikoaren hierarkiaren barruan arruntak eta erabiliak dira, eta, funtsean, haren apezpiku gradua besterik ez dute adierazten.
Zazpi urte egin zituen Tunisian Lemaître-ren ondoan, baina, ustekabean, karrera eklesiastiko txit distiratsu baten hurrengo maila zirudiena gaizki amaitu zen: sekula argitu ez diren arrazoiengatik 1937an Euskal Herrira itzuli zen; lekukotasun guztien arabera konponduezin handi bat izan zuen artzapezpikuarekin, baina inork ez du argitu haren arrazoirik; aitzitik, behin eta berriro laudatzen da Saint-Pierrek puntu horren gainean isiltasun osoari eustea, sortu ziren esamesa mingarriak gorabehera. Hurrengo hamalau urteetan, hots, hil arte, jaioterrian kokatu zen eta apezpiku graduari eutsi bazion ere, Elizak ez zion beste destinorik eman.
Bizitzaren etapa berri hori baliatu zuen, hain zuzen ere, bere bigarren bokazioa indar berriz lantzeko: euskalgintza. 1938an hitzaldi ospetsu bat egin zuen Domintxainen, Euskaltzaleen Biltzarrean: “Eskualdun, fededun, bi izen elgarri josiak, ez bakarrik hemen gure aho mihietan, baina bazter guzietan dugun omenean [...] Gure fedea gure eskuarak ekharria dauku. [...] Ekharri daukun bezala, zainduko du fedea eskuarak.” (Les meilleur pages de Monseigneur Saint-Pierre, 208-213. or.). Zaila da bere belaunaldi eta moldeko euskaltzaleen artean nagusi zen ikuspuntua modu argiago eta erabatekoago batez adieraztea. Hari jarraiki zitzaion beti.
Belaunaldi hori sarritan Larresoroko eskola izenarekin aipatzen da, plaza nagusi gisa Eskualduna zutelarik; hor hasi zen idazten bera, eta bost urtez zuzendari ere izan zen, gorago esan dugun bezala. Baina bere kasuan agian garrantzi handiagoa du Gure Herria aldizkariak: 1921ean sortu zuen beste hainbat lagunekin batera (Blazy, Barbier, Elizalde, Oxobi...), eta gerrak eragindako hamar urteko isilaldiaren ondoren 1950ean berpiztu zenean, lehen lerroan zegoen berriz ere; formalki zuzendari izan gabe ere, esan daiteke orientatzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zela, idatzi ere sarri idatzi zuelarik, bai euskaraz bai frantsesez. Gai maiteenak zituen euskaldunen historia eta euskararen etorkia eta ahaideak. Ez zuen hizkuntzalari-formazio akademikorik eta autodidakta gisa jardun zuen beti; Alemanian preso egon zenean Schuchardten liburu pare bat irakurri zituen, eta, ziur aski, haren teoria eta moldeei jarraitu zien funtsean, bereziki iberismoan eta euskarak arabiera edo amazigerarekin izan zezakeen ahaidetasunean (Tunisiako garaian buruz buru ezagutu zituen hizkuntzak, biak ere). Horrek kritikak ekarri zizkion hizkuntzalarien aldetik (adibidez, Karl Boudarenak), baina ez dirudi horrek asko hunkitu zuenik.
Horretaz gain, Alemaniako gatibutasunetik itzuli bezain laster hasi zen harremanetan Hegoaldeko abertzaleekin, eta hiruzpalau urtetan hogeita hamar bat artikulu idatzi zituen Bilboko Euzkadi egunkarian. Inoiz ez zuen harreman hori eten: Piarres Xarrittonen arabera, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean abertzaleen inguruan kokatu zen, Frantziako hainbat katoliko bezala, eta alemanen okupazio-garaian ere ez zuen Vichyko gobernuarekiko aldekotasunik agertu, kontrakoa baizik. Orobat, II. Mundu Gerra amaitzean Eusko Jaurlaritzaren aldeko agertu zen garbiki, Eusko Ikaskuntzak 1948an VII. Biltzarra Miarritzen antolatu zuenean ohorezko buru izatea onartu zuelarik. Iratzederrek behin baino gehiagotan ekarri du hizpidera orduan egin zuen hitzaldi suharra: “Haren oihuaren indarra, haren suaren ederra, erdal-jendez eta udatiarrez ondatua zen Miarritze hortan, euskal-seme herabetueri bota diotenean: «Gure beldur dire, gure beldur!»" (Euskera, 29, 1984, 483. or.). Adierazgarria da, halaber, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin egin zuen argazkia, biak elkarren ondoan eta bakarrik. Ez da harritzekoa, beraz, sarritan euskal abertzaletzat hartua izatea, baina ugariak dira esplizituki kontrakoa baieztatzen duten lekukotasunak, bai bere lagun hurbilen artean (adibidez, Mathieu apezpikua edo Constantin doktorea), bai haren lanaren ikertzaileen artean ere (adibidez, Piarres Xarritton).
Euskaltzaindiari dagokionez, hasieratik izendatu zuten urgazle (1919), eta Federiko Krutwigek eraberritze-plana aurkeztu zuenean euskaltzain oso hautatu zuten (1949ko irailaren 30ean). Baina susmo bereziak pizten omen zituen agintari frankisten artean, eta, behin gutxienez, ukatu egin zioten muga pasatzeko baimena. Orobat, haren sarrera-hitzaldiak izan zezakeen eraginak kezka sorrarazten zuen agintarien artean. Ondorioz, behin bakarrik egon zen Osoko bilkura batean, Baionan, hain zuzen ere (1950-07-15), non Dassancek eta Lafonek bakoitzak berea irakurri zuten, baina ez ordea Saint-Pierrek. Haren heriotzak trenkatu zuen auzia, azkenean.
Ondoko aldizkari eta egunkari hauetan idatzi zuen: Bulletin de la Société des sciences, lettres et arts de Bayonne, Le Courrier de Bayonne, Eskualduna, Euskera, Eusko-Jakintza, Euzkadi, Gure Herria, Herria eta abar.
Haren hileta ospetsua eta luzaz aipatua izan zen: Elizaren aldetik kardinal bat eta hiru apezpiku egon ziren (horietako bat lagun handia zuen Mathieu, hilondoko predikua egin zuena); horiez gain, mota askotako politikari ugari (prefeta, Baionako auzapeza eta beste) eta euskal intelektualen lorea. Hil eta berehala, haren lagunek omenezko zenbaki berezi bat argitaratu zuten Gure Herrian (1952-1); hemezortzi artikulugilek esku hartu zuten. Orobat, haren ikasle seinalatua zen Piarres Lafittek Les meilleurs pages de Monsigneur Saint-Pierre (1952) izeneko antologia prestatu eta argiratu zuen, frantsesezko eta euskarazko testuak bilduz; adierazgarria da liburu horri harpidetza bidezko atxikimendua adierazi ziotenen zerrenda luzea irakurtzea.
Euskaltzaindiak omenaldia eskaini zion Milafrangan 1984an, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira. Piarres Lafittek eta Piarres Xarrittonek hitzaldiak egin zituzten, eta Iratzederrek hilondoko prediku bat, baita ere Euskeran argitaratu zena.
1928, Un maître éducateur, Arnaud Abbadie, Supérieur du Petit Séminaire de Larressore (Impr. du Courrier).
1943, Axular : (1643-1943) [elkarlanean] (Aintzina).
1952, Les meilleures pages de monseigneur Jean Saint-Pierre (Le Courrier).
1998, 14eko Gerla Handia (Ibaizabal).