Legegizon familia bateko semea zen. Oinarrizko ikasketak Uztaritzen eta Larresoron egin ondoren, laborantza ikasketak burutu zituen Parisko Institutu Nazional Agronomikoan.
Lehen Mundu Gerran lau urtez egon zen mobilizatuta. Laborantzaren arloan, Pirinio Behereak departamenduko nekazarien aldeko banku, gizarte mutualitate eta sindikatuen sorreran parte hartu zuen. Uztaritzeko auzapezorde izan zen hogei urtez (1919-1939), eta auzapez beste hogei urtez (1939-1959).
Marie Altzuietarekin ezkondu zen Uztaritzen 1920an, eta sei seme-alaba izan zituzten: Pierre, Bernard, Marie-Claire, Marie-Louise, Thérèse eta Christine.
Eskualzaleen Biltzarreko burua izan zen hogeita hamalau urtez (1926-1960), aurretik Jean Etxepare (1922-1926) eta ondotik Mixel Labeguerie (1960-1980) euskaltzain urgazleak izan zirela. Besteak beste, haurrentzako literatur sariak, iraganeko idazleei omenaldiak, bertsolari txapelketak eta Euskararen Egunak (1949) antolatu zituen. Eskualzaleen Biltzarrak omenaldia egin zion Uztaritzen 1962an.
Euskaltzain oso izendatu zuten 1949an, Piarres Lafitte, Jean Saint-Pierre, René Lafon eta Manuel Lekuonarekin batera. 1950eko uztailaren 14an Donostian egin behar zuen sarrera hitzaldia, baina Gipuzkoako gobernadore zibil frankistak debekatu egin zuen. Ondorioz, biharamunean egin zuen sarrera hitzaldia Baionan, René Lafonekin batera.
Hainbat elkarte eta erakundeko kide izan zen: Frantziako Euskal Pilota Federazioa (1921), Eskualzaleen Biltzarra (1921), Gure Herria (1930), Gernika Eusko-Ikaskuntzen Lagunarteko buruorde (1948), Baionako Euskal Museoaren Adiskideen buru (1956), Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuko buru (1959) edo Frantziako Conseil National des Langues et Cultures Régionales delakoaren buruorde (1960).
Larresoroko Seminario Ttipiko ikaskide ohiekin batera Gure Herria aldizkaria sortu zuen, eta bera izan zen arduraduna, Bigarren Mundu Gerrak etendako bi aroetan (1921-1939, 1950-1976). Beste agerkari askotan idatzi zituen artikuluak euskal kulturaz eta historiaz: Bulletin du Musée Basque, Eskualduna, Eusko-Jakintza, Gure Almanaka edo Herria.
Haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten Uztaritzen 1988an Eskualzaleen Biltzarrak, Euskaltzaindiak eta Uztaritzeko ikastolak. Geroztik Uztaritzeko Ikastolak haren izena darama, hain zuzen.
1967, Kantu kanta khantore [elkarlanean] (Kordelieren irarkolan).
Euskera agerkarian
1971, "Dassance jaunaren hitzaldia". PDF
1974, "«Ikusten duzu goizean» kantuaren airez bi solas". PDF