Eliz ikasketak kaputxinoekin egin zituen Altsasun, Hondarribian, Zangozan, Lizarran eta Iruñean 1937-1950 artean. Apaiztu, eta meza berria 1949an eman zuen.
Handik bi urtera, ordenako probintzialak Txilera bidali zuen, haren gogoz kontra, eta hamahiru urtez (1951-1964) izan zen kaputxinoen seminarioan irakasle, hiriburu ondoko Paine herrian. 1954-1957 artean seminarioko zuzendariorde izatera ere iritsi zen. Euskal Herrira itzulita, Tuteran (1964-1965), Zangozan (1965-1966) eta Donostian (1966-1968) eman zituen eskolak.
1968an kaputxinoen Lekarozko Aholku Onaren Ikastetxean hasi zen ingeles irakasle, eta zeregin horretan jardun zuen hogeita bi urtez. Gero, 1990-1993 artean, Lekarozen bertan izan zen, baina eskolarik eman gabe. 1993an Iruñera aldatu zen, eta San Pedro auzoko kaputxinoen komentuan bizi izan zen geroztik, Altsasuko zenbait egonaldiz beste.
1961ean lortu zuen Ingelesezko Gaitasun Agiria AEBko Michigango Unibertsitatean. Gero, Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean eskuratu zuen Filosofiako eta Letretako lizentzia, Espainiar Filologiako sailean, 1976-1980 artean.
Arkeologia izan zuen aztergai nagusietako bat. Berezko mendizaletasuna baliatu zuen Nafarroako megalitoak bilatzeko. Besteak beste, Baztango Soralar mendiko zutarriaren berri eman zuen 1970eko hamarkadan. Gaur egun, Elizondoko Museo Etnografikoan kokaturik dago menhir hori.
Nafarroako Foru Diputazioak, hain zuzen, 1977an Vianako Printzea Erakundeko kide izendatu zuen, Indusketa eta Arkeologia sailean, Tomás López Sellés lankide zenduaren ordez. 1995etik aurrera, orobat, Eusko Ikaskuntzako kide izan zen.
Euskaltzaindian, Dialektologia batzordeko buru (1981-1987, 1989-1993) eta buruorde (1987-1989) aritu zen. Ondoren Gramatika batzordeko kide izan zen 2005 arte. Garai horretan argitaratu zituzten EGLU (1985-2011) bildumako hainbat liburuki. 2001-2005 artean, orobat, Onomastika batzordeko aholkulari izan zen.
Euskal Filologiaren alorrean, hainbat elizgizonen idazlanak argitaratu zituen: Juan Martin Ibero (1729-1783), Migel San Frantziskorena (1745-1814), Joakin Lizarraga Elkanokoa (1748-1835) edota Polikarpo Iraizozkoa (1897-1980) euskaltzaina.
Bereziki megalitoez eta Nafarroako euskal testu zaharrez idatzi zuen, eta ondoko aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak: ASJU, Baztandarren Biltzarra, Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, BRSBAP, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Diario de Noticias, Diario de Navarra, Egan, Fontes Linguae Vasconum, Kobie, Litterae Vasconicae, Navarra Hoy, Príncipe de Viana,Trabajos de Arqueología Navarra edota La Verdad.
Edizioak
1984, Ongui iltzen laguntzeko itzgaiac / Joakin Lizarraga, (Euskaltzaindia). PDF
1990, Urteko igande guzietarako prediku laburrak / Joakin Lizarraga, Elkanokoa [elkarlanean], (Euskaltzaindia). PDF
1994, Jesukristo, Maria eta Santuen bizitzak / Joakin Lizarraga [elkarlanean], (Nafarroako Gobernua).
1997, Hitz neurtuzko lanak / Aita Polikarpo Iraizozkoa, (Nafarroako Gobernua).
1997, Idazlanak / Fr. Migel San Frantziskorena (Zuzaeta), Fr. Jose Jesus-Mariarena (Arakistain) : XVIII-XIX. mendeetako Karmeldarrak [elkarlanean], (Karmel).
1999, Hitz lauzko lanak / Aita Polikarpo Iraizozkoa, (Nafarroako Gobernua).
2008, Dekalogoaren eta Aitagurearen azalpena / Joakin Lizarraga, (Labayru Ikastegia ; Bilbao Bizkaia Kutxa).
2008, Documentos relativos al Padre Esteban de Adoáin [elkarlanean], (Euskaltzaindia ; Ayuntamiento de Urraul Alto ; Gobierno de Navarra).
Euskera agerkarian
1981, "Aita Polikarpo Iraizoz (1897-1980) [hilberri-txostena] [elkarlanean]". PDF
1981, "Goñibarko euskara XVIII. mendeko sermoietan". PDF
1981, "Polikarpo aitak zituen euskal esku-idatzi zaharren aurkezpena [sarrera-hitzaldia]". PDF
1982, "Garesko euskarari buruz zerbait". PDF
1987, "Oieregi-ko Buenaventura Aita (1886-1956)". PDF
1988, "Igorre-ko Julen Aita (1898-1988) [hilberri-txostena]". PDF
1989, "Los Arcos-en euskal izena Urantzia ote?". PDF
1991, "Errezuko Jurgi aita (1896-1992) [hilberri-txostena]". PDF
1991, "Juan Ajuriaren idazlanak (1800-1825)". PDF
1992, "Fr. Migelek darabiltzan zenbait hitzez". PDF
1993, "Goñerrin aurkitutako testuak (VIII)". PDF
1997, "Aita Polikarporen bizitza eta obrak". PDF
Iker bilduman
1983, "Hemezortzigarren eta hemeretzigarren mendeetako euskal gutun ez-ezagunak". PDF
1992, "Bizkaierazko testu berri bat (1778)". PDF
1997, "Mendiburu gipuzkerara itzulia". PDF