Oinarrizko ikasketak Altzürükün egin zituen, eta eliz ikasketak Mauleko kolegioan, Uztaritzeko Seminario Ttipian eta Baionako Seminario Handian. 1936ko uztailaren 5ean apaiztu zen Baionan.
Okzitaniako Tolosako Unibertsitatean matematika ikasturte bakarra egin zuen, Henri-Jean Houbaut apezpikuak Baionako elizbarrutiko idazkari izendatu zuelako 1937an.
Edmund Vansteenberghe (1939-1943) eta Léon-Albert Terrier (1944-1949) apezpikuekin ere idazkaritza lanetan jarraitu zuen.
1949. urtetik aurrera Baionako La Salle-Saint Bernard ikastetxeko omonier izan zen hemezortzi urtez. 1967an Jean-Paul-Marie Vincent apezpikuak Baionako Andredena Maria katedraleko kalonje izendatu zuen.
Eliza katolikoaren liturgia euskaratzen lan handia egin zuen. Otoitzak, kantikak eta Bibliako testuak lantzeaz gain, Baionako elizbarrutiaren katixima itzuli zuen zubererara.
Pierre Lhande (1877-1957) euskaltzainaren aulkia hartu zuen 1958an, zubereraren ordezkari moduan. Sarrera-hitzaldia, Les Grandes Journées Pédagogiques Basques (1959) jardunaldien amaiera gisa, Baionako Euskal Museoan egin zuen. Erantzuna Jean Elizaldek (1883-1961) eman zion.
Gregoire Epherre (1929-1974) anaia elizgizona, orobat, euskaltzain urgazle izendatu zuten 1973an.
Gure Herria aldizkariaren bigarren aroko zuzendaria izan zen, Jean Saint-Pierre (1884-1951) euskaltzaina hil ondoren. Baionako Basque-Éclair (1953) egunkari demokristauan edo Herria astekarian ere idatzi zuen.
Eusko Ikaskuntzaren VIII. Biltzarraren antolatzaile izan zen (1954, Baiona-Uztaritze). Eskualzaleen Biltzarreko zuzendaritzako kide izan zen, halaber, eta 2011n haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen elkarteak Azkaraten.
Haren omenez, Piarres Aintziart Eskualzaleen Biltzarreko buruak eta Jean Louis Davant euskaltzainak Guillaume Eppherre (2011) antologia argitaratu zuten.
1949, Botzez eta bihotzez : elizan khantatzeko kantika libria, (P. Daguerre).
1956, Haurren lehen katichima, (Aphez-gehienen etchen).
1988, Cambo : histoire, thermalisme, climatisme, [elkarlanean], (Société des sciences lettres et arts de Bayonne).
2011, Guillaume Eppherre / Piarres Aintziart, Jean Louis Davant, (Eskualzaleen Biltzarra).
Euskera agerkarian
1960, “Aita P. Lhande ziberotar euskalzaiñaren orhitzapenez” [sarrera hitzaldia]. PDF