Oinarrizko ikasketak Madotzen egin zituen, eta eliz ikasketak Iruñeko Elizbarrutiaren seminarioan (1900-1902) eta Zangozako, Tuterako (1902-1907) nahiz Iruñeko (1907-1912) kaputxinoen ikastetxeetan. Apaiztu eta meza berria 1910ean eman zuen Iruñean.
Iruñeko harresiz kanpoko kaputxinoen komentuan bizi izan zen 1910-1935 urteen artean. Nafarroako misio lanetan nabarmendu zen, bereziki herri euskaldunetan.
Iruñeko Elizbarrutiarentzat nahiz kaputxinoentzat kristau ikasbideak eta deboziozko liburuak euskaraz moldatu zituen.
Frantziskotar laikoei zuzendutako Irugarrengo Prantzisko'tarra (1913-1936) aldizkariaren sortzaile eta zuzendari izan zen. Publiko zabalago bati begira, baina betiere Eliza katolikoaren ikuspegitik, Zeruko Argia (1919-1936) aldizkaria sortu eta zuzendu zuen. Bi aldizkariok milaka ale banatzen zituzten. Hain zuzen, Irugarrengo Prantzisko'tarraren ordezkari gisa, Eusko Ikaskuntzak deituta, hamabi kideko Euskaltzaindia izendatzeko bozketan parte hartu zuen Donostian 1919an.
Jose Agerrek euskaltzain oso izateari utzi zionean, Sevillan bizi zelako, Damaso Intzakoa izendatu zuten haren ondorengotzat 1920an. Euskaltzaindiaren hiztegigintza lanetan aritzeaz gain, Jagon sailburua izan zen 1923-1936 urteen artean.
Hizkuntza sustapenaren arloan, Euskeraren Adiskideak taldea sortu zuen 1925ean Iruñean. Nafarroako herri askotan literatur sariak banatu eta jaialdiak antolatu zituzten 1920ko eta 1930eko hamarkadetan.
Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Hondarribiko kaputxinoen komentuko bikarioa zen. Bi alderdien errepresioa pairatu zuen, baina militar matxinatuen presioz, ordenako agintariek Txilera destinatu zuten 1936ko azaroan.
Ondorioz, atzerrian egon zen bitartean, bi euskaltzain oso elkarren ondotik izendatu ziren haren ordezko gisa, Eladio Espartza (1941-1949) eta Juan Miguel Seminario (1949-1968), baina berak beti eutsi zion euskaltzain oso izateari.
1936an Txileko Santiagon nobiziotegiko nagusi izendatu zuten, eta 1941ean Constitucion hiriko nobiziotegiko irakasle. Txiletik Euskal Herrira egindako bisita bat zela eta, Euskaltzaindiaren I. Biltzarrean parte hartu zuen 1956an, Arantzazun.
Eroriko bat izan ondoren, 1968an Euskal Herrira itzuli zen behin betiko, eta geroztik Iruñeko harresiz kanpoko komentuan bizi izan zen. Besteak beste, Nafarroako euskal esaera zaharren edizioa prestatzen aritu zen.
Hainbat agerkaritan eman zituen argitara idazlanak: Agur, Egan, Euskal Esnalea, Goiz-Argi, Karmel, Príncipe de Viana edota RIEV.
Euskaltzaindiak urrezko ezteiak (1918-1968) ospatu zituenean, omenaldia egin zion Iruñeko batzarrean. Halaber, Euskaltzaindiak haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen 1986an Lekunberrin.
Erlijioa
1922, Jabier'tar Frantzisko Santuaren bederatziurrena, (Atdundiarem [sic] irarkolan).
1924, Kristau ikasbidearen I'ko ta II-garren zatiaren azalpena, (Torrent y Santa Cruz'en Irarkola'n).
1927, Kristau ikasbidea, (Iruñeko kaputxinoetan).
1968, "Giza biziaz" : jaiotze-neurtzearen eskutitz enziklika / Paulo Vi-garren Aita Santuak, [itzul.], (Grafinasa).
1970, Adoain-go Esteban Aita : misiolari arrigarria / Arbeiza-tar Teofilo Aitak egiña, [itzul.], (Naparroko Aldundi Forala).
Bilketak eta edizioak
1927-1928, Esaera-zarrak, (Editorial Vasca).
1929, Biozkadak / Jauregi'tar Luis apaizak, (Neketako Ama-Birjiñaren Irarkolan).
1974, Naparroa-ko euskal-esaera zarrak, (Diputación Foral de Navarra).
1976-1991, Diccionario Retana de autoridades de la lengua vasca, [elkarlanean], (Gran Enciclopedia Vasca).
Euskera agerkarian
1920-1922, “Naparro'ko aditz-laguntzailea zuketazko esakeran” [sarrera-hitzaldia]. PDF
1922, “Burunda'ko euskalkia”. PDF
1926-1972, “Esaera-zarrak” [bil.]. PDF
1957, “Larraun eta bere euskalkia”. PDF
1968, “Euskaltzaindiko nere lendabiziko lagunak”. PDF
1968, “Navarra, edo Naparroa ote da?”. PDF
1973, "«Larreko» Irigaray'tar Fermin goresgarriaren omenez”. PDF
1977, “Orixe euskal izkera-zale”. PDF
1977, “Zenbait euskaltzaindikok eginiko gutuna” [elkarlanean]. PDF