Eliz ikasketak Iruñeko elizbarrutiko seminarioan egin zituen, baina ez zen apaiztu.
1919ko irailean izendatutako lehen hamabi euskaltzainen taldekoa izan zen, Nafarroako ordezkari, Arturo Campionekin batera. Euskaltzain gazteena zen, hogeita hamar urterekin. 1919ko urrian Euskaltzaindiko diruzain izendatu zuten.
Hala ere, 1920ko martxoan euskaltzain aulkia utzi behar izan zuen, lanagatik Sevillan bizi zenez, batzarretan parte hartu ezin zuelako. Damaso Intzakoak (1886-1986) ordeztu zuen euskaltzain aulkian, eta Seber Altubek (1879-1962) diruzaintza karguan.
1934ko maiatzean euskaltzain urgazle izendatu zuten. 1950ean Federiko Krutwigek (1921-1998) berriz euskaltzain oso izendatzea proposatu zuen arren, urgazle soil izaten jarraitu zuen.
Nekazaritzako tresneria egin eta saltzen zuen Iruñeko Muǵica, Arellano y Cía enpresako ordezkari izan zen Sevillan 1920-1931 artean. Modesta Zelaiarekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten: Jose Miguel eta Miren.
Espainiako Bigarren Errepublikarekin Iruñera itzuli zen. Politikagintzaz den bezainbatean, Euzko Alderdi Jeltzaleko kide izan zen. Iruñeko Euskal Etxeko idazkari (1913) eta Napar Buru Batzarreko (1935-1936) nahiz Euzkadi Buru Batzarreko (1957-1962) buru izan zen.
Gerra Zibilean atxilotu egin zuten, eta preso egon zen 1941ean eta 1946an, ekintza antifrankistengatik. Era berean, Poliglos akademia sortu zuen Iruñean, hizkuntza eskolak emateko.
Besteak beste, kultur elkarte eta erakunde hauetako kide izan zen: Euskeraren Adiskideak, Nafar Ateneoa, Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako ordezkaritzaren idazkari (1932), Nafarroako Foru Diputazioaren Euskara Sustatzeko Atala (1957) eta Iruñeko Euskalerriaren Adiskideak (1960).
Euzko Alderdi Jeltzalearen Nafarroako agerkari nagusien zuzendari izan zen: Napartarra (1918), Amayur (1931) eta La Voz de Navarra (1935). Diario de Navarrako euskal atalaren arduradun (1915-1919) izateaz gain, beste hainbat aldizkaritan idatzi zituen artikulu eta poesiak: Axular, Egan, Euzkadi, Euzko Deya, Euzko Gogoa, Gure Herria, Karmel, Karmen'go Amaren Egutegia, Olerti, El Pensamiento Navarro, Pregón, Txistulari edota Vida Vasca.
Euskaltzaindiak haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen Iruñean 1989an. Joxemiel Bidadorrek bildu zituen haren idazlanak Gerra-ondoko olerki-lanak (2000), Euskara Iruñeko kazetaritzan (2001-2003) eta Biografía de Arturo Campión (2019) liburuetan. Ivan Gimenezek, halaber, Agerre y Garcilaso (2013) biografia paraleloa argitaratu du.
2000, Gerra-ondoko olerki-lanak : (1949-1962) (Iruñeko Udala).
2001-2003, Euskara Iruñeko kazetaritzan : testu antologia / Joxemiel Bidadorrek apailatuta (Iruñeko Udala).
2019 Biografía de Arturo Campión / Edición de Joxemiel Bidador (Euskaltzaindia) PDF
Euskera agerkarian
1961, "Eladio Esparza Aguinaga" (1888-1961) [hilberri-txostena]. PDF