Bere aitaren osaba izan zen Jean Hiriart-Urruti (1859-1915) elizgizona, Baionan sortutako Eskualduna (1887-1944) astekariaren lehendabiziko zuzendaria.
Oinarrizko ikasketak Hazparnen egin zituen, eta eliz ikasketak Uztaritzeko eta Baionako Seminarioetan. 1951n Baionan apaiztu eta Erromako Unibertsitate Gregoriano Pontifikalean eskuratu zituen Teologiako eta Soziologiako lizentziak.
1950eko hamarkadan Ekintza Katolikoaren aholkulari lanetan jardun zuen.
1955ean Léon Terrier Baionako apezpikuak bere idazkari izendatu zuen. Hura hil ondoren, Baionako Andredena Maria katedraleko (1957) eta Espiritu Sainduaren elizako (1959) bikario izan zen.
1964tik aurrera Baionako Seminario Handian Teologia eskolak eman zituen, eta 1968an Hazparneko misiolarien buru izendatu zuten. 1969an Afrikara joatea erabaki zuen, Burundiko hiriburu Bujumburako seminariora irakasle.
Euskal Herrira itzulita, Hazparneko (1972) eta Kanboko (1973) misiolarietako kide izan zen. Ondoren, 1975ean, misioen arduradun eta Baionako apezpikuaren kontseiluko kide izendatu zuten. Hain zuzen, Baionako Elizbarrutiko buruen konfiantzazko laguna izan zen. Hurrenez hurren, Jean-Paul-Marie Vincent (1976) eta Pierre Molères (1986) apezpikuek bikario jeneral izendatu zuten. Besteak beste, haiek idatzitako testuen euskal itzultzailea izan zen.
Euskaltzaindiari dagokionez, Federiko Krutwig (1921-1998) buru zuen Literatura batzordeko kide izan zen 1983-1985 urteen artean.
Eskualdun Gazteriaren Gazte aldizkariaren zuzendari izan zen 1960-1963 urteen artean. Gero, Piarres Lafitte (1901-1983) euskaltzainaren lekukoa hartu, eta Herria astekariaren zuzendari izan zen 1968. eta 1969. urteetan.
UZEIko hiztegigintzan parte hartzeaz gain, beste aldizkari batzuetan ere argitaratu zituen idazlanak: Piarres Narbaitzek zuzendutako Etchean; Gure Herrian; Jakinen, Belokeko monasterioko Otoizlarin edota Viens, et suis-moi aldizkarian.
Baionako astekariaren ardura utzi arren, Vatikanoko Bigarren Kontzilioaren argitan, "Eliza-berri" sailerako mila kronika inguru idatzi zituen hogei urtez. Gero, liburu gisa, Emile Larre (1926-2015) euskaltzainak bildu zituen hainbat liburukitan 1977-1992 urteen artean: Jauna dut argi, Fedea gidari, Artzain solas, Izar alde eta Aitaren etxerat.
Bildumak
1977, Jauna dut argi : mundu berri, Eliza berri, (Itxaropena).
1981, Fedea gidari : mundu berri, Eliza berri, (Itxaropena).
1984, Artzain solas : mundu berri, Eliza berri, (Itxaropena).
1989, Izar alde, (Itxaropena).
1992, Aitaren etxerat : mundu berri, Eliza berri, (Itxaropena).
Itzulpenak
1961, Elizako liburua, [elkarlanean], (Ed. Religieuses Basques).
1981, Mixel Garikoitz : 1797-1863, Jainkoari baietz erran dion Saindua / Amédée Brunot [s.n.].
Hiztegiak
1987, Erlijioa : hiztegia / UZEI, [elkarlanean], (Elkar).
Euskera agerkarian
1977, “Jean Hiriart-Urruty-ren mintzaldia [sarrera hitzaldia]”. PDF
1992, “Hazparne : [gazte denboran Uztaritzeko apaizgaitegian zelarik "Hazparnez" egindako bertsoak, bere eskuz idatziak]”. PDF