Oinarrizko ikasketak Azkainen eta Hazparnen egin ondoren, eliz ikasketak Uztaritzeko (1928-1933) eta Baionako (1934-1938) seminarioetan burutu zituen. 1933-1934 bitartean soldaduska egin zuen Parisen, eta 1939an apaiztu zen.
Hazparneko bikario izendatu zuten, baina Bigarren Mundu Gerra zela-eta, erizain lanetan aritu zen Baionako 49. erregimentuan. Alemanian atxilotu egin zuten, eta Gurutze Gorriak askatzea lortu zuen.
1942an Hazparnera itzuli zen bikario gisa, eta alemaniar okupazioaren aurkako erresistentzia lanetan aritu zen. Komandante karguarekin, hiru urtez errekruten formazio militarrean parte hartu zuen.
Halaber, gazte eta langile kristauen arduradun izan zen tokiko JOC edo CFTC taldeen bitartez.
1951n, Ziburuko Zokoa auzoko erretore izendatu zuten, eta geroztik kargu horretan jardun zuen. 1959an Aljeriako Gerraz idatzitako artikuluagatik, auzitegira eraman zituzten bera eta Piarres Lafitte Herria astekariko zuzendaria.
Hain zuzen, garai horretatik aurrera abertzaletasunarekiko konpromiso politikoa areagotu zuen. 1960an Enbataren sortzaile taldekoa izan zen Baionan.
1969an Anai-Artea sortu zuen Telesforo Monzon eta beste kide batzuekin Donibane Lohizunen, diktadura frankistako iheslariei laguntzeko.
Burgosko prozesuaren ondorioz, 1970ean ETAk Donostiako kontsul alemana bahitu zuenean, bitartekaritza lanetan aritu zen, eta honek prentsan oihartzun izugarria izan zuen.
1963an izendatu zuten euskaltzain oso, eta bere sarrera-hitzaldia Gure Herria aldizkarian argitaratu zuen. Halaber, berak eman zion erantzuna Jean Louis Davant euskaltzain berriari 1976an Maulen.
1979an gaixotu eta erretiroa hartu zuen Zokoko erretore lanetik.
Kantagile eta bereziki antzerkigile gisa nabarmendu zen, betiere gizarte arazoez gogoeta eragiteko helburuarekin. 1967an Antzerkilarien Biltzarreko buru izendatu zuten.
Enbata aldizkariaren arduradun izateaz gain, beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere idazlanak: La Croix du Sud, Denak Argian, Egan, Eskualduna, Gure Herria, Herria edo Sud Ouest.
Piarres Charritton euskaltzainak zazpi liburukitan bildu zituen haren idazlanak 1991-1998 bitartean, Piarres Larzabalen idazlanak izenburupean.
Eusko Jaurlaritzako Euskal Letren Merezimenduzko Sariaz (1987) gain, hainbat elkarte eta erakunderen omenaldiak jaso zituen: Enbata (1982), Anai-Artea (1988), Azkaineko Udala (1992), Azpeitiko Udala (1997) edo Euskal Kultur Erakundea (2008). Ziburuko Ikastetxeak, orobat, haren izena darama.
Euskaltzaindiak haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen 2015ean, Baionako literatur jardunaldian.
Antzerti eta pastorala
1952, Okillomendi Alkate, (Escelicer).
1961, Bordaxuri, (Auspoa). PDF
1962, Herriko bozak edo nor alkate : Lapurdiko ta Gipuzkoako euskeraz, (Auspoa). PDF
1962, Iru ziren : Lapurdiko ta Gipuzkoako euskeraz, (Auspoa). PDF
1964, Orreaga : pastorala gisarako ikusgarria, (Goiztiri).
1964, Senpere-n gertatua : Lapurdiko eta Gipuzkoako euskeraz, (Auspoa). PDF
1965, Hilla esposatu : Lapurdiko eta Gipuzkoako euskeraz, (Auspoa). PDF
1984, Matalas : (hiru ekitalditako antzerkia), (Eusko Jaurlaritza).
1995, Senperen gertatua, (2. arg.), (Orain) .
1997, Piarres Larzabal Carrere (1915-1988) oroituz : heriotzaren hamargarren urte mugan, (Azpeitiko Udala).
2010, Larzabalen antzerki kaierak, (Hiria Liburuak).
Saiakera, prediku eta memoriak
1976, Euskadi 1975, (Euskal Elkargoa).
1978, Nere mendixkatik : E.T.A.'ko gudariez apez bat mintzo, (Dizkola).
1996, Anai Artean, (Txalaparta).
1999, Nere mendixkatik : apez bat ETAko gudariez mintzo, (2. arg.), (Txalaparta).
Idazlan guztiak
1991-1998, Piarres Larzabalen idazlanak / Piarres Xarritton-ek paratua, (Elkar).
Euskera agerkarian
1968, "Pierre Duhour (1890-1968) [hilberri txostena]". PDF
1974, "Euskaldunek zer begiz dituzten abereak ikusten". PDF
1975, "Euskaldunak eta koloreak". PDF
1975, "Ots-izenez oharmen zombait". PDF
1976, "Gorputz aurtikinak". PDF
1977, "Euskaltzaindiari antzerki sariketa dela eta". PDF
1977, "P. Larzabalen erantzuna [Jean Louis Davant euskaltzainaren sarrera ekitaldian]". PDF
Iker bilduman
1983, "J. B. Elissamburu eta Oxalde, bi «gorri»". PDF