Senperen jaio zen, familia txit fededun batean; osaba bat zuen apaiz, Gratien Adema Zaldubi euskal idazle ospetsua, eta baita bi iloba ere. Badirudi hortxe bilatu behar direla bere bizitzaren gako nagusiak, izan zelako, «eskualduna errotik […] gogoz, ohiduraz, mintzairaz» (Eskualduna astekariaren hilberria, 1936-05-22) alde batetik, eta bestetik, apaiz gisa, Elizaren zerbitzari guztiz emana azken bururaino.
Oinarrizko ikasketak Larresoroko seminario ttipian egin zituen, eta ondoren Baionako seminario handian, apaiz-ikasketak; meza berria 1884an eman zuen eta berehala irakasle izendatu zuten Larresoron (1884-1906). Han harreman estua izan zuen hainbat irakasle eta ikaslerekin; hala, bete-betean txertatuta dago Larresoroko eskola izenez ezagutu den taldean: Arnaut Abadia, Manex Hiriart-Urruti, Jean Etxepare medikua, Jean Barbier, Jean Elizalde Zerbitzari, Jules Moulier Oxobi eta abarrekin batera.
Talde horrek Eskualduna astekaria zuen plaza nagusia; beraiek izan ziren Eskualduna Ipar Euskal Herriko kazetarik zabalduena eta irakurriena bihurtu zutenak eta, orobat, artikulu gehien eta garrantzitsuenak idatzi zituztenak hamarkadaz hamarkada; adibidez, gure Blaise Ademari dagokionez, badakigu: «berrogoi bat urthez igorri dio, aste oroz, bere artikuluttoa» (Eskualduna, 1936-05-22). Zentzu askotan talde gisa aipa daitekeen arren, nork bere sail propioa eta ezaugarri bereziak ditu, kasurako, badirudi Ademak «Asteko berriak» idatzi zituela 1895etik aurrera eta, Manex Hiriart-Urruti zuzendariaren heriotzaren ondoren (1915), editorialak idazteko ardura hartu zuela; zuzendari ere izendatu zuten 1918an, eta horrexetan iraun zuen 1925ean kargua utzi zuen arte. Azpimarratzekoa da, lehen zuzendariarekin izan zuen adostasun ideologiko osoa, bereziki Lehen Mundu Gerra hasi zenetik aitzina erakutsi zuen frantses nazionalismo kartsua; zuzendaritza utzi zuen urtean Jean Etxeparek laudoriozko artikulu eder batean gogoratu zuen bezala: «Apez zintzo, euskaldun min, frantses garbi agertu izan da han beti, Adema» (Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak, I. t., 230. or.).
Kazetagintza hori Elizak emandako bestelako lanak eginez burutu zuen beti: irakasle Larresoron (1884-1906), erretore Saran (1906-1910) eta Uztaritzen (1910-1918), eta kalonje Baionan (1918-1936). Predikari ospetsua izan zen, euskaraz zein frantsesez eta, 1918tik aurrera bereziki, osterantzeko karguak eta ardurak ere izan zituen Elizan: «kalonje predikari, eliza nagusiko diruzain, eskola libroen buruzagi, ikastetche handien ikusle, apezpikuaren kontseiluko gizon, apezek egin izkirio lanen gidari, denak eta denak ontsa bazeramazkan kalonje suharrak» (Eskualduna, 1936-05-22). Dudarik gabe hazta handiko pertsona zen Ipar Euskal Herrian eta hori dela eta, ziur aski, hautatu zuten bera lehen hamabi euskaltzain osoen taldeko; zoritxarrez, ezezkoa eman zien, lanez eta arduraz itoa baitzen:
«Baiona, buruilaren 28’an, 1919’an [1919-09-28]
Ene jaun onak:
Eskerrik minenak dauzkitzuet zuek nitaz egin duzuen hautuaz; bainan behar dautzuet berehala aitortu ez naizela gei hoinbertze goretsia izaiteko. Ezen, zuen lanetan deus onik egitekotz, lagun bakochak behar lituzke jakin gure Euskal-herriko mintzaira mota guziak. Eta nik erranen dautzuet lañoki ez dakizkatala batere ez Bizkaiako ez Gipuzkoako eskuara bereziak. Bertzalde, oraiko nere egitekoekin, ez nuke astirik aski zuen bilkuretan behar liteken bezen maiz aurkitzeko. Baditut bi astekari ene gain: bat, ezagutzen duzuen “Eskualduna”; bertzea, jaun apezpikuaren astekaria, “Bulletin Religieux du Diocèse de Bayonne”. Hoik guzien gainerat, niri emana zait Baionako eliza nausian behar direnen erostea, horko ontasunen zaintzea eta artatzea. Errechki ikusten duzue, holako lanekin bertze deus guti egin dezaketala. Beraz zuhurtzia liteke hauta dezazuen, ene orde, bertze norbeit, nik baino asti eta jakitate gehiagorekin lagunduren zaituztena.
Othoizten zaituztet, ene jaun onak, onets detzatzuen, ene eskerrekin, agurrik hoberenak.
J. BLAISE ADEMA, Baionako Kalonjea» [Euskera, 1. zk., (1919-1920), 50. or.].
Ardura horien guztien azken mailaraino gora eginda edo, 1936ko martxoaren 28an «Aita Santuaren prelatu» izendatu zuten, Baionako seminario handian egin zen elizkizun berezian. Sasoi onean zegoen itxura batera, indarrez beterik, baina tupustean hil zen handik oso gutxira. Hileta-elizkizun handia egin zioten Senpere jaioterrian, apezpikua buru zelarik, meza bera Landerretxe kalonjeak eman zuen arren; hilerrira abiatu zen segizioan, politika munduko hainbat kidez gain (diputatu edo auzapezak), mota guztietako eliztar ugari ere bildu zen, Baionako kalonje gehien-gehienak eta ehun apaiz baino gehiago, besteak beste.
Tamalez, handik aurrera bere izena erdi ahantzirik gelditu zen, gogoetatik galdu genuen. E. Bidegainek esan zuen bezala: «Blaise Adémaz nehor gutxi interesatu da, eta gauza gutxi idatzi da» (Lehen Mundu Gerra “Eskualduna” astekarian, 202. or.). Izan ere, Hiriart-Urrutiren ideologiarekin bat egin bazuen ere, bere editorialak ez ziren hain sutsuak izan; bestalde, ez zuen libururik argitaratu eta Eskualdunan idatzitako ehunka artikuluak ere beti sinadurarik gabe atera ziren.
Ademak honelaxe amaitu zuen Pierre Broussain mediku euskaltzaleari eskaini zion hilberria: «Jainkoak eman dezola Eskualdun onari [Broussani] betiereko zoriona, eta atseginik handienarekin gain hartan [zeruan] beti eta beti eskuaraz mintzatzea!» (Eskualduna astekaria, 1920-05-07). Agian amaiera desegokia ez berorrentzat ere.