Laredon (Kantabria) jaio zen, baina gurasoak sondikatarrak zirenez, beren herrira itzuli ziren bera artean ume txikia zela; bere burua sondikatartzat izan zuen beti. Hil ere, Sondikan hil zen.
Oinarrizko ikasketak Sondikan eta Durangon egin ondoren, Gasteizko seminarioan egin zituen apaizgorako ikasketak. 1905ean diakonotza hartu zuen, eta 1906an apaiztu zen. Badirudi seminarista garai horretan aldi bat Salamancan eman zuela, baina horretaz dagoen lekukotasun bakarra haren poema bat da (“Erderea ta euskerea”, 1905). Hortik aurrera, bizi guztia Bizkaian eman zuen, apaiz lanak eta euskalgintza landuz, biak aldi berean.
Apaiz lanei dagokienez, ondoko destino hauetan egon zen: Almika (Bermeo), Otxaran (Enkarterri), Gatika, Bermeo eta Sondika. Ez dakizkigu data zehatzak, baina bai Bermeon egin zuen bigarren egonaldiko urteetan bertako zoroetxeko kapilau izan zela lehenik (1926-1940) eta bertako moja zaindarien (Karitateko Alabak) kapilau destinatu zutela ondoren. Orobat, Sondikan eman zituen azken urteak, baina tamalez egonaldi honen data zehatzik ere ez dugu.
Euskaltzalea zen hezur-muinetaraino; Asteteren katixima bat euskaratzea izan zen ordenatu bezain laster egin zuen lehen lana, baina literatura izan zen haren zaletasun nagusia. Bi alorretan aritu zen: poesian, eta ipuin laburraren eta kazetaritzaren artean dagoen eremu zabal horretan.
Poeta gisa, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran herri askotan ospatzen ziren Lore Jokoetako sariketetara aurkeztu ohi zituen bere lanak, eta, gero, Euskal Erria edo antzeko aldizkarietan argitaratu. Sari asko irabazi zituen, besteak beste, hauek: Donapaleu (1903), Ordizia (1904), Uztaritze (1904), Bergara (1905), Baigorri (1905) eta Donostia (1906). Horietako asko liburu batean bildu eta argitaratu zituen: Gora begira (1927). Oro har, Felipe Arrese Beitiaren ondorengo erromantizismo foruzalean kokatzen direla esan daiteke.
Hitz lauz ere asko idatzi zuen, bereziki euskaraz, baina baita gaztelaniaz ere. Kontakizun umoretsuak maite zituen, laburrak eta irri eginaraztea beste asmorik gabekoak. Hainbat egunkaritan sarri idatzi zuen, adibidez, Resurreccion Maria Azkueren Euskalzalen edo Bilboko La Gaceta del Norten; eta idatzi hauetako asko ere gero bildu eta liburu gisa atera zituen: Zaparradak (1926), Kili-kili (1930) eta Firi-firi (1935).
Literaturaz gain, eta batik bat gaztelaniaz, hainbat artikulu idatzi zituen egunkari eta aldizkarietan euskal gramatikaz edo euskararen erabilera zuzenaz. Hausnarketa hauek liburu gisa atera zituen lehenengo, (El baskuenze facilitado, 1905 eta 1909) baina, denborarekin, zabaldu eta hobeturik argitaratu zituen euskararen gramatika gisa (Gramática vascongada, 1915) eta are geroago Gramática vasca izenburuarekin, azken honek zazpi edizio izan zituela. Antzeko helburuaz, Manual del vascófilo (1913) eta gramatikaren hainbat eranskin ere argitaratu zituen, batzuetan testu independente gisa atera zirenak.
Kritikarien artean ez da egon batasunik haren lanak epaitzeko orduan. Nazario Oleagak, adibidez, ez zuen iritzi onik haren lan literarioei buruz, eta irri egiteko asmoz idatzi zituen kontakizunei graziarik ez izatea leporatzen die; Federiko Krutwigek ere ez zeukan oso estimu handitan eta, halaber gaineratzen du Azkuek berak ere ez zuela iritzi onik. Estimu argia adierazi diote, ordea, Aingeru Irigaraik, Karmelo Etxenagusiak eta Mikel Zaratek, nahiz eta indar gehiago egiten duten haren euskararen jatortasunean eta kalitatean, haren lanen literatura-balioan baino. Luis Villasante da, beharbada, iritzirik orekatuena eskaini duena: “El vascuence de Zamarripa es siempre auténtico y de fiar, basado en el pueblo y en los autores castizos, no extraviados por trasnochados prejuicios” (Historia de la literatura vasca, 446. atala).
Zamarripak berak Antonio Tovarri gutunez behin aitortu zion (1948) ez zeukala ezagutza filologiko handirik, bere liburuetan (Gramática eta Manual) ikusten zenaz gain. Beraz, euskarari buruz zekiena etxetik ikasia eta bere inguru euskaldunak emana zen funtsean, hots, eguneroko praktikan eta esperientzia eta irakurketa pertsonaletan oinarritutakoa; baina neurri horretan zinez ederki ezagutzen zuen, eta bere garaian irakurle xumeen artean arrakasta handi samarra eskuratu zuten testuak idatzi zituen. Hori da bere meritua.
Euskaltzaindiaren sorreratik zen urgazle, eta 1941ean hautatu zuten euskaltzain oso, Euskaltzaindia berriz ere zutik jartzeko prozesuaren barruan. Ordutik aurrera eta hil arte bilkura gehienetan hartu zuen parte, eta sarritan irakurri zituen aditzari, morfologiari, hiztegiari eta abarri buruzko txostenak.
Ondoko egunkari eta aldizkari hauetan idatzi zuen, besteak beste: Argia, BRSBAP, Eskualduna, Euskal Erria, Euskal Esnalea, Euskalduna, Euskalerriaren alde, Euskalzale, La Euskaria, Euzkadi, Euzko Deya, La Gaceta del Norte, Ibaizabal, Jaungoiko-zale, La Patria, RIEV, La Vasconia eta abar.
Haren liburu batzuk berrargitaratu izan dira hura hil eta urte askotara: Manual del vascófilo (1987, 2011), Kili-kili (1991) eta Firi-firi (2012). Bilboko kale batek haren izena du.
1905, El baskuence facilitado : gramática del euskera bizkaino (Imprenta de Barrutia). Webgunea
1907, Kristauaren dotriñea [itzul.] (Ugalde eta Lagunen Moldategian). Webgunea
1909, El baskuence facilitado : Gramática bizkaina ó Método teórico-práctico para aprender en poco tiempo el baskuence bizkaino (José de Astuy). Webgunea
1913, Manual del vascófilo : libro de modismos, onomatopeyas, elipsis, uso distinto de la S y la Z y otras cosas que conviene saber para hablar y escribir bien en vascuence vizcaíno (José A. de Lerchundi).
1915, Gramática vascongada : con vocabulario vizcaíno-castellano y castellano-vizcaíno (Imp. de José A. de Lerchundi). Webgunea
1926, Zaparradak (Emeterio Verdes-en irarkolan). Webgunea
1927, Gora begira (Emeterio Verdes). Webgunea
1928, Gramática vasca (Gaubeka).
1929, Anayak gara : ipuiña (Gaubeka). Webgunea
1929, Conjugaciones guipuzcoanas (Gaubeka).
1930, Kili-kili : barre-ipuiñak (Gaubeka). Webgunea
1930, Vocabulario vasco-castellano (Gaubeka). Webgunea
1931, Gramática vasca (Gaubeka).
1933, Gramática vasca (Gaubeka).
1933, Vocabulario vasco-castellano (Gaubeka). Webgunea
1935, Firi-firi : (ipuin ta naste) (Gaubeka). Webgunea
1947, Gramática vasca (Casa Dochao).
1947, Vocabulario vasco-castellano (Casa Dochao).
1950, Gramática vasca (Verdes).
1955, Gramática vasca (Verdes).
1957, Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco : suplemento a su "Gramática vasca" (Verdes).
1987, Manual del vascófilo (Wilsen Editorial).
1991, Kili-kili : barre ipuiñak (Mensajero).
2011, Manual del Vascófilo (Mendebalde Kultura Alkartea).
2012, Firi-firi : ipuin eta nahaste (Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa).