Raimundo Olabidek ia bizi oso-osoa eman zuen Jesusen Lagundian. Albiste argirik jaso ez badugu ere, Gasteizen jaioa izanik, pentsatzekoa da lehen ikasketak hantxe bertan egingo zituela; hamaika urterekin, ordea, gurasoek Urduñako jesuiten ikastetxera igorri zuten (1880) Batxilergoa egitera eta handik aurrera jada ez zen Lagundiaren ingurumaritik atera.
Haren bizitzaren berri ematen diguten ikertzaileen artean ez dago guztizko adostasunik zenbait data eta xehetasuni dagokienez, baina datuak ez dira aldatzen funtsean. Hemen Patxi Altunak ematen dituenak hobetsi ditugu.
Hamabost urte zituela, Loiolako eskolan sartu zen (1884), eta, bi urteko nobizio-aldiaren ondoren lehen botoak egin, eta segidan beste hiru urte eman zituen bertan Gramatika, Erretorika eta Humanitateak ikasten. Ondoren Beruelan eta Tortosan eman zituen beste hiru urte, Filosofia ikasten, eta 1892tik aurrera jesuiten artean ohikoa zen bidearen hurrengo etapari ekin zion, alegia, behe mailako irakaslea (maisu txiki esaten zitzaion) izatea ordenaren ikastetxeren batean. Bere kasuan, sei urte luzatu zen etapa hura, lau ikastetxetan: Gijón, Valladolid, Salamanca eta Oña. Gijónen egon zen bitartean, kurtso bakarrean (1894-1895) lortu zuen Salamancako Unibertsitateko Filosofia eta Letretako Fakultateko irakasgai guztiak gainditzea eta gradua erdiestea (1895). Ondorioz, jesuiten ikastetxeetan jasotako formakuntzaz gain, unibertsitate publiko bateko lizentzia ere bazuen, horrek praktikan aldaketa txikia ekarri bazion ere.
1898an ekin zion Teologia ikasteari Oñan, ordenaren ikastetxe sonatuan, eta 1902an apaiztu zen, San Ignazio egunaren bezperan. Aurreko urtetik zegoen (1897) Oñan, baina gorago esan dugun bezala, maisu txiki gisa artean, ez Teologiako ikasketetan. Salamancan egon zen urtean (1896-1897), halaber, latina eta grekoa ikasten aritu zen, han ez zen maisu txiki izan. Edonola ere, aldaketa eta moldaketa hauek ez ziren arraroak izaten Lagundiaren barruan.
Apaiztu ondoren etapa berri bati ekin zion, betiere ordenaren ohiko bidearen barruan: irakasle zen berriz ere, baina oraingoan maila bat gorago. Oñatik berriz ere Gijónera igorri zuten sei urtez (1902-1909), eta handik Pontevedrara beste zazpi urterako (1909-1916), betiere irakasle lanetan; tartean jesuiten "hirugarren probantza" delakoa egin zuen Manresan (1905) eta azken botoak Gijónen bertan egin zituen (1906). Handik berriz ere Valladolidera (1916-1919), gero Urduñara beste bi urtez (1919-1921) eta, azkenean, Loiolara 1921ean. Hor bukatzen da bere irakasle aldia, aurrerantzean Lagundiaren liburuetan scriptor huts bezala agertzen baita.
Izan ere, irakasle bidea egiten ari zen bitartean, bigarren bokazio bat erne zitzaion, denboraren poderioz nagusituko zitzaiona: euskararen ingurukoa. Gasteizen jaioa izanik, umetan ez zuen euskaraz hitz egiten ikasi, dirudienez aita euskal hiztuna izan arren. Hogeita zazpi urte zituela, ordea, eta Salamancan zegoelarik, Arturo Campionen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884) zabaldu eta 8. orrialdean hau irakurri zuen: “Entonces me avergoncé de llevar sangre euskara en la venas y de ignorar la lengua nativa de los euskaros”; badirudi errebelazio moduko bat izan zela berarentzat, hala nola San Paulok izan zuena Damaskora bidean, eta handik aurrera euskara ikasteari ekin zion deliberamendu osoz. Erabat menperatzea lortu zuen, eta baita ezagutza lexikografiko itzelezko bat eskuratzea ere, inorena ez bezalakoa (fama zen Azkueren hiztegia buruz zekiela osorik), baina soilik maila idatzian: inoiz ez omen zuen lortu naturaltasunez hitz egitea.
Euskaltzaletasunarekin batera badirudi abertzaletasun bero bat ere piztu zitzaiola, bigarren kontu hau gehienetan argi eta garbi aipatzen ez bada ere. Baina horretaz ez dago dudarik: Luis Eleizalderen aitormen esplizituaz gain (1918-11-30eko gutuna Broussaini), haren euskal testu guztiek sabindar gotor baten gogoa salatzen dute: aski da haietako lehenaren izenburuari erreparatzea: Loyola'tar Eneko Deunaren gogo-iñarkunak (1914).
Euskaltzaindiari dagokionez, berari zor zaio testu bereziki garrantzitsu bat: Arautegiaren lehen zirriborroa. Euskaltzain oso hautatu ondoren parte hartze handia izan zuen Akademiaren lanetan, bereziki hiztegi eta lexikografia kontuei zegozkienetan, Azkue eta Orixerekin batera.
Ez da zaila haren ekarpen bibliografikoaren berri ematea: liburuei dagokienez, bi itzulpen (1914, 1920) eta Giza-soña (1917) bilduma lexikografiko-terminologikoa; horretaz gain, ondoko aldizkari hauetan idatzi zuen: Amayur, Euskal Esnalea, Euskera eta Jesusen Biotzaren Deya. Haren ospearen guztiz gehiena, halere, lan bakar bati zor zaio, hots, biblia osoaren euskarazko itzulpenari, jatorrizko hizkuntzetatik itzuli baitzuen zuzenean. Badirudi 1921ean erabaki zuela lan horri ekitea, irakaskuntza lanez arinduta Loiolan kokatu zenean, alegia; aurrerantzean hori izan zen bere helburu nagusia, ia bakarra. Bi liburutan atera zen: lehenengo Itun Berria (1931), eta bigarren, Itun Zâr eta Berria (1958), Itun Berriaren lehenengo bertsioa barne zuela “aldaketa aundirik gabe”.
1932an gobernuak Lagundia desegin zuen Espainian, eta jesuitak beren komentuak utzi beharrean aurkitu ziren; Olabide hasiera batean Bilboko familia batekin bizi izan zen, gero aldi batez Arantzazuko frantziskotarrek jaso zuten beren komentuan, eta 1935eko maiatzean Gernikan jarri zen bizitzen, etxe partikular batean, beste bi jesuitekin. Hantxe zegoen gerra hasi zenean, baita bonbardaketa egunean ere. Ia amaituta zuen Itun Zaharraren bertsioa azken momentuan salbatu zuen garretatik. Daukagun hurrengo albistea da 1937-1938 urteeetarako Okzitaniako Tolosan zegoela, erbesteraturik. Hantxe hil zen 1942an, trafiko istripu baten ondorioz.
1955ean jesuitek Olabideren eskuizkribua argitaratzea erabaki zuten, eta, lan hori gauzatzeko, beste jesuita euskaltzale bat etorrarazi zuten Txinatik, Patxi Etxeberria (1900-1989); liburua 1958an argitaratu zen eta oihartzun handia izan zuen orduko giroan. Koldo Mitxelenak iruzkin sonatu bat argitaratu zuen (Egan, 1959) euskara batuaren historian mugarritzat jo ohi dena; haren ustez Olabideren bertsioak aro baten amaiera markatzen du: "Saioa egina dago. Ez dago bide horretatik Olabide baino gorago joaterik". Iritzi bertsua du Villasantek: “Y su autor pasará a la historia de la literatura vasca con su sello personal, inconfundible, como el más genuino representante de una época y de una tendencia” (Historia de la literatura vasca).
Sari eta ohoreez den bezainbatean, 1958an Euzko-Gogoak zenbaki berezi bat eskaini zion hamasei idazleren parte hartzearekin, eta hurrengo urtean Euskaltzaindiak omenaldi publiko bat egin zion Gasteizen, Udalaren eta Arabako Diputazioaren babespean, beste hainbat agintari zibil eta eklesiastikok ere telegrama bidez bat egin zutelarik. Orobat, berriz omendu zuten Gasteizen, 1994an, erakundearen 75. urteurrenaren karietara. Gasteizko lehen ikastolak (1963) haren izena du; 2014an Olabide Ikastolak eta Euskaltzaindiak omenaldia egin zioten eta bere jaiotetxean harrizko xafla bat jarri. Gasteizen eta Sopelan kale bana ditu bere izenarekin.
1914, Loyola'tar Eneko Deunaren gogo-iñarkunak [itzul.] (Grijelmo Alargun eta Semien irakorlean). Webgunea
1917, Giza-soña (E. Lopez'enean). Webgunea
1919, Reglamento interior de la Academia de la Lengua Vasca = Euskalzaingoaren Araudi Estaria [elkarlanean] (Euzko-Argitaldaria).
1920, Kisto'ren antz-bidea / Kempis'tar Toma [itzul.] (Loyola'tar Eneko Deunaren irarkolan). Webgunea
1931, Itun Berria [itzul.] (Yesu'ren Biotzaren Deya). Webgunea
1958, Itun Zâr eta Berria [itzul.] (Yesu'ren Biotzaren Deya).
Euskera agerkarian
1920-1921, "Intzar Damaso An. buruñurdunaren Euskaltzaindia'n sarrerako itzaldiari Olabide'tar Erraimun aita josulagunak egindako erantzumena". PDF
1925, "Informe acerca de un Diccionario de la conjugación euskérica en los escritos de los siglos XVI y XVII". PDF