Oinarrizko ikasketak Mérignac-en eta Bordelen egin zituen. 1916an Parisko École Normale Supérieure delakoan hasi zen ikasten. Hurrengo urtean, Filosofiako lizentzia lortu zuen Sorbonako Unibertsitatean.
Lehen Mundu Gerran mobilizatuta egonagatik, Filosofiako Goi Ikasketetako diploma lortu zuen 1918an, eta 1920an Filosofiako irakasle agregatu izendatu zuten.
Filosofiako eskolak eman zituen Alençon-go Lizeoan (1921-1923), Paueko Lizeoan (1923-1933) eta Bordeleko Michel-Montaigne Lizeoan (1933-1937).
Hizkuntzalaritzan eta bereziki euskararen eta kaukasiar hizkuntzen arteko erkaketan murgildu zen, Joseph Vendryes, Georges Dumézil eta beste irakasle batzuek gidatuta. 1926-1936 urteen artean Zuberoan igaro zituen oporraldiak euskara ikasten.
1937an, Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) delakoaren kide izendatu zuten, doktoregoari ekiteko, baina Bigarren Mundu Gerran berriz mobilizatu zuten teniente gisa.
1940ko ekainean alemanek preso hartu zuten Lorrenan eta 1941eko abuztuan askatu zuten, osasunez oso makalduta zegoelako; izan ere, Lehen Mundu Gerrako beteranoa baitzen.
1941-1942 urteen artean amaitu zuen Le système du verbe basque au XVIe siècle (1943) doktore tesia, eta Sorbonako Unibertsitatean aurkeztu zuen 1944ko maiatzean.
1943an Arcachongo Lizeoan hasi zen lanean, eta, aldi berean, Filosofia nahiz Euskara eskola osagarriak ematen zituen Bordeleko Unibertsitatean.
Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ministerioak dekretu bidez Euskara eta Euskal Literaturako katedra sortu zuen 1948an Bordeleko Unibertsitatean. Hura izan zen karguduna hogeita bat urtez, 1969an erretiroa hartu arte.
Euskaltzain oso izendatu zuten 1949an, Piarres Lafitte, Jean Saint-Pierre, Louis Dassance eta Manuel Lekuonarekin batera. Bestalde, hark eman zion erantzun hitzaldia Jean Haritxelhar euskaltzainari 1963an. Hain zuzen, Jean Haritxelharrek (1923-2013) ordeztu zuen Bordeleko Unibertsitateko katedran.
Hizkuntzalaritza eta filologiako artikulu asko argitaratu zituen nazioarteko hainbat aldizkaritan: Bedi kartlisa, BRSBAP, Bulletin Hispanique, Bulletin du Musée Basque, Bulletin de la Société de Borda, Bulletin de la Société de Linguistique de Paris, Les Cahiers d'Outre-Mer, Current Trends in Linguistics, Eusko-Jakintza, Gure Herria, Iberiul-K'avk'asiuri Enatmecniereba, Indianoromania, Ikuska, Onoma, Pirineos, Revue de l'Enseignement Supérieur, Revue des Études Anciennes, Revue de l'Histoire des Religions, Revue Historique de Bordeaux, Revue Internationale d'Onomastique, RIEV, Via Domitia, Vie et Langage, Word edota Zbornik za Filologiju i Lingvistiku.
Izendapen, sari eta ohore ugari jaso zituen: Frantziako Ordre des Palmes Académiques delakoaren zaldun eta ofizial (1936, 1949), Institut de France-n Volney saria (1945), Frantziako Ohorezko Legioaren zaldun (1951), Académie des Inscriptions et Belles-Lettres-ko kide laguntzaile (1964), Société de Linguistique de Paris-ko buru (1968), doctor honoris causa Tbilisi-ko Estatu Unibertsitatean (1969), Bordeleko Unibertsitateko ohorezko irakasle (1970) edo Bulletin du Musée Basque aldizkariaren zenbaki monografikoa (1975).
Euskaltzaindiak, haren jaiotzaren mendeurreneko omenaldi gisa, euskalaritzako artikulu hautatuak bildu zituen Vasconiana (1999) liburuan.
Ikerketak
1943, Le système du verbe basque au XVIe siècle, (Delmas).
1952, Études basques et caucasiques, (Universidad de Salamanca).
1980, Le système du verbe basque au XVIe siècle, (2. arg. Elkar).
1997, Études basques et caucasiques, (2. arg. Universidad de Salamanca).
1999, Vasconiana, (Euskaltzaindia). PDF
Itzulpenak
1968, Olerkiak 1545 / Bernat Dechepare, [elkarlanean], (Txertoa : Edili).
1995, Linguae Vasconum Primitiae : 1545-1995 / Bernard Etxepare, [elkarlanean], (Euskaltzaindia). PDF
Euskera agerkarian
1956, “Corrections et additions aux dictionnaires d'Azkue et du P. Lhande”. PDF
1972, “Joanes Leizarraga, itzularia eta idazlea”. PDF