Oinarrizko ikasketak Zumaian eta Donostian egin ondoren, fraide agustindarrek El Escorial-en (Espainia) sortutako Real Colegio Universitario María Cristina-n egin zituen Zuzenbide ikasketak (1896-1899), eta Madrilgo Unibertsitate Zentralean burutu zuen lizentzia.
Jose Antonio Arana Martixaren arabera, 1899ko irailean Gernikan zegoen lanean behin-behineko udal epaile gisa. Ez dakigu zenbat denbora egin zuen hor, baina badakigu berehala hainbat motatako oposizioak prestatzeari ekin ziola, horrelako kasuetan ohikoa izaten den bezala behin eta berriro han eta hemen saiatuta. Azkenean, 1905ean Sevillako Auzitegietako idazkari postua eskuratu zuen, eta, hortik aurrera, Espainiako Auzitegietako goi mailako funtzionario karrera egin zuen, distiratsua batetik, baina arrunta bere ezaugarri orokorretan.
Bide horretan, badakigu Sevillan egon ondoren Caceresen eta gero Oviedon aritu zela, baina ez dugu data zehatzen berri. Bai, ordea, urte batzuk pasatu ondoren eskuratu zuela Madrilgo Auzitegi Goreneko sala-idazkariorde kargua (arlo kriminaleko salan). Aurrerantzean horretan jardun zuen beti, gerrak eragindako gorabeherek urte batzuetako parentesia zabaldu bazuten ere. Baina horretaz aurrerago aipatuko dugu zerbait gehiago.
Esan daiteke, beraz, 1905etik aurrera ez zela Euskal Herrian bizi izan, une eta garai zehatzetan ez bada. Alabaina, garbi dago bihotza eta, ez neurri txikian, baita burua ere, beti izan zituela hemen.
Hamabost urterekin hasi zen idazten, poemak eta prosazko testu laburrak, batez ere euskaraz, baina baita gaztelaniaz ere. Gehienak Euskal Erria aldizkarian argitaratzen zituen, horietako bat edo beste urte haietan lagun handi eta ondoren euskaltzainkide izango zuen Ramon Intzagarai donostiarrarekin batera. Osorik euskaltzale agertzen da beti. Ildo horretan aipagarria da, adibidez, hamazazpi urte zituela argitaratu zuen Beti, beti euskaldun (1895) poema: “Euskalduna[k] gera eta / Beti nai degu izan; / Zergatikan euskaldun / Jayo ta asi geran; / Euskaldunak gerala / Beldur gabe esan / Eta euskara gatik / Gure odola ema[n]”. 1900etik aurrera, gutxi gorabehera, utzi egin zion mota horretako testu literarioak idazteari, eta, oposizioen eta ondoko funtzionario-karreraren deman sarturik, oso gutxi idatzi zuen hurrengo bi hamarkadetan. Baina sentimenduak hortxe dirau, oso-osorik, hogeita bost urte geroago Euskal Esnalea elkarteak antolaturik Donostian eskaini zuen hitzaldian ageri den bezala: Euskaldunak, euskeraz (1920). Dena den, hura jada ez da testu literario bat: euskaldunek euskaraz bizitzeko (adibidez, testamentuak egiteko) egunero dituzten lege-arazoez dihardu, euskaraz eta legelari bati dagokion estilo zehatzean.
Izan ere, 1920tik aurrera, gutxi gorabehera, berriz ere sarri agertzen da haren luma Euskal Herriko argitalpenetan, baina gehienetan gaztelaniaz eta Zuzenbideari lotutako arazo historikoei buruz ari dela. Hainbat gai jorratu bazituen ere, bereziki aipagarria da, agian, euskal etxeari zentzu guztietan ematen zion garrantzi erabakigarria: horretan ikusten zuen, nolabait, euskal nortasunaren eta zuzenbidearen oinarririk behinena (“la extraordinaria importancia que la casa ostenta en el Derecho vasco”, in Significación jurídica de algunos ritos funerarios, 1925, 14. or.), eta hainbat alderditatik ikertu zuen; adibidez, Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia etxe-izenei eskaini zien, eta bizi guztian jarraitu zuen gai horren ikerketan, milaka fitxa bilduz. Fitxa horiek, gaur egun, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan daude.
Euskaltzaindiarekin ez ezik, Eusko Ikaskuntzarekin eta RIEV aldizkariarekin estuki kolaboratu zuen, eta, EAJrekiko beti jarrera kritikoa izan zuen arren, bete-betean kokatzen da bi hamarkada horietan indar handia hartu zuen autonomiazaletasunaren ildoan: 1932an Autonomia Estatutua erredaktatzeko hamar laguneko batzordearen kide izendatu zuten, udalen izenean, eta Gerra Zibila hasi ondoren Eusko Jaurlaritzaren lege-aholkulari gisa jardun zuen, Lege Batzorde Aholkulariaren buru gisa, zehazki. Frankistek Gernika bonbardatu ondoren salaketa gogorra egin zuen Radio Euzkadin, eta laster erbesterako bidea hartu behar izan zuen.
Anton Ugarteren ikerketengatik dakigunez, gerrako eta gerraondoko urteak latzak izan ziren berarentzat eta familiarentzat. 1938an galdu egin zuen funtzionario postua, Errepublikako Gobernuak Bartzelonara joateko aginduari uko egin ziolako, baina era berean badirudi Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez zuela behar besteko laguntzarik aurkitu, edo hori da behintzat berak sentitzen zuena. Emaztearekin eta bi alabekin Donibane Lohizunen kokaturik, Amerikara joateko asmoek ere huts egin zioten, eta egoera gero eta okerragoan zegoen. Azkenean, Esteban Bilbao (1879-1970) ministro frankistaren laguntza eskatu, eta, haren babesaz nonbait, itzultzeko deliberoa hartu zuen 1943ko maiatzean: epaiketa militarra egin zioten Burgosen, eta errugabe deklaratu zuten, beti funtzionario huts gisa jardun zuela ebatziz. Ondorioz, Auzitegi Goreneko idazkari postua berreskuratu zuen aldaketa txiki batekin: arlo kriminaleko salatik arlo zibileko salara aldatu zuten. Aurrerantzean berriz ere Madrilen bizi izan zen, gutxi gorabehera lehen bezala.
Maila pertsonalean, ordea, gauzak ez ziren asko zuzendu: 1944an seme bat galdu zuen auto istripuz, alarguna eta hiru seme-alaba utzita, eta 1945ean berriz ere separatista gisa salatua izan zenez, ostera aurkeztu behar izan zuen bere burua epaitegian: Esteban Bilbaok haren alde egin zuen berriz ere, eta salaketa ezerezean geratu zen.
1949an Euskaltzaindiak formalki idatzi zion bere jardueretan berriro parte har zezala eskatuz. Unea bereziki desegokia suertatu zen: gutuna jaso zuen egun berean galdu zituen emaztea eta alaba bat. Hala ere, nahikoa indar bildu zuen Donostian egoteko 1949ko irailaren 30eko bilkuran, zeinetan onartu zen Federiko Krutwigen plana Euskaltzaindia eraberritzeko. Hortik aurrera, baina, soilik beste bi bilkuratan izan zen, biak 1951. urtearen barnean. Izan ere, osasun arazoengatik Resurreccion Maria Azkueren hiletara ere ez zuen joaterik izan: gutunezko harremanari eutsi zion, baina hainbat aldiz adierazi zuen bilkuretarako ezin etorria.
Ondoko egunkari eta aldizkarietan idatzi zuen: BRSBAP, Bulletin Hispanique, Boletín de la Comisión del Mapa Geológico de España, El Correo Español, El Día, Diario de Navarra, Euskal Erria, Euskalerriaren Alde, Euskera, Eusko Ikaskuntzaren Deya, Euzko Deya, La Gaceta del Norte, Hermes, Novedades, El Noticiero Bilbaino, El Pueblo Vasco, RIEV, La Tarde, Txistulari, La Vasconia, La Voz de Guipúzcoa, La Voz de Navarra, Vida Vasca, Yakintza eta abar.
Euskaltzaindiak eta Zumaiako Udalak omenaldia eskaini zioten 1978an, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira, eta Jose Antonio Arana Martixak hitzaldi bat eskaini zion. 2021ean Zuzenbidearen Euskal Akademiak hark Zuzenbidearen alorrean idatzitako artikuluen eta hitzaldien bilduma bat argitaratu zuen, Andres Urrutia eta Lazaro Etxegarairen eskutik. Orobat, Zumaiako kale batek haren izena darama.
1900, Cuadros (Imp. y Enc. de Andrés P.-Cardenal).
1921, El proceso de la Zamacolada : conferencia de Don Bonifacio de Echegaray leída en la Sociedad Filarmónica de Bilbao el día 20 de marzo de 1920 (Bilbaína de Artes Gráficas). Webgunea
1921, Aspectos jurídicos de la Zamacolada : régimen y gobierno del Puerto de la Paz : conferencia leída el día 15 de mayo de 1920 en el Salón de Actos del Instituto Vizcaíno (Imp., Lit. y Enc. Viuda e Hijos de Grijelmo). Webgunea
1923, La vida civil y mercantil de los vascos a través de sus instituciones jurídicas : conferencias leídas por su autor, en la Escuela de Artes y Oficios de Bilbao, los días 17 y 18 de mayo de 1921 (Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa). Webgunea
1925, Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco (Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa). Webgunea
1927, Zumaya'ko udal-etxean : Etxegarai'tar Bonifazio jaunaren euskaltzain-sarreran irakurri ziran itzaldiak (Editorial Vasca). Webgunea
1928, San Martín de la Ascensión Aguirre : recuerdo del Tercer Centenario de su Beatificación 1627 - 16 de septiembre - 1927 [elkarlanean] (El Santísimo Rosario). Webgunea
1933, La vecindad : relaciones que engendra en el País Vasco (Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa). Webgunea
1935, Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa [elkarlanean] (Euskaltzaleak).
1950, Derecho foral privado (Biblioteca Vascongada de los Amigos del País).
1951, Los ritos funerarios en el derecho consuetudinario de Navarra (Imprenta de D. Felipe Gómez Alonso).
2021, Estudios de Derecho Privado Vasco 1919-1951 (Zuzenbidearen Euskal Akademia).
Euskera agerkarian
1926, "Euskal Erriko etxên izenak". PDF
1927, "Algunas voces vascas usadas en el Fuero General de Navarra". PDF
1930, "Nombres vascos de los espacios intermedios entre casas". PDF