Oinarrizko ikasketak Lekarozko Aholku Onaren Ikastetxean egin zituen. Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Ondoren, Kazetaritza ikasketak burutu zituen Madrilgo El Debate egunkariaren eskolan.
Hain zuzen, El Debate egunkari katolikoan aritu zen lanean Espainiako Bigarren Errepublikan. Martina Maritxalarrekin ezkondu zen Madrilen 1932an.
Gerra Zibilean, Iruñeko Arriba España eta Bilboko El Correo Español egunkari falangistetan egin zuen lan.
1939-1940 urteen artean Badajozko Hoy egunkariko zuzendari izan ondoren, Bilboko El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkari bateratuaren zuzendariorde izan zen 1940. urtetik 1951. urtera , Joaquin Zuatzagoitia Bilboko alkatea zuzendari zela.
1949an izendatu zuten euskaltzain oso, Eladio Espartzak (1888-1961) euskaltzain oso izateari utzi ondoren. Bata zein bestea Txilen erbesteratuta zegoen Damaso Intzakoaren (1886-1986) ordezkoak ziren. Sarrera ekitaldia Bizkaiko Probintzia Diputazioaren jauregian egin zuen eta Federiko Krutwig (1921-1998) euskaltzainak eman zion erantzuna.
Gutxitan parte hartu zuen Euskaltzaindiaren batzarretan, baina hark eman zion erantzuna Manuel Lekuona (1894-1987) euskaltzain berriari 1950ean Nafarroako Foru Diputazioaren jauregian.
Juan Miguel Seminario izan zen, halaber, Bizkaiko Kultura Batzordearen ordezkari Euskaltzaindian, 1953an Nazario Oleaga (1884-1961) euskaltzainak ardura hori hartu zuen arte.
Gaixorik, Nafarroako jaioterrira erretiratu zen. Haren heriotzak, 1968ko apirilean, bat egin zuen Damaso Intzakoaren itzulerarekin (urte bereko maiatzean), eta horregatik une horretan ez zen euskaltzain berririk hautatu. 1968ko abenduan, ordea, Polikarpo Iraizozkoa (1897-1980) aukeratu zuten euskaltzain oso, Juan Miguel Seminarioren heriotzak utzitako hutsartea aipatuta.
Bilboko El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarian bere izenarekin edo “Eutrapelicus” ezizenarekin idazten zituen artikuluez gain, beste agerkari askotan idatzi zuen: Arriba España, El Correo Español, Banco de Vizcaya, El Debate, Hoy, El Liberal, Vida Vasca edota Zumárraga.