Hazparnen (Lapurdi) jaio zen, 1921eko urriaren 19an. Baionan (Lapurdi) hil zen, 2017ko martxoaren 17an.
Filosofian lizentziaduna, eta Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea izan zen. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea urteetan izan eta gero erretiroa hartu zuen.
Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an.
Euskaltzain emeritua izan zen 2006ko uztailaren 20tik zendu arte.
Sarrera-hitzaldia, Piarres Lafitteren bizitzari eta lanari buruzkoa, Hazparnen irakurri zuen, 1986ko ekainaren 28an.
Hilberri-txostena Jean-Louis Davantek irakurri zuen 2018ko urtarrilaren 26an.
Oinarrizko ikasketak Hazparnen egin ondoren, teologia-ikasketak Uztaritzen (1935), Baionan (1940), eta Erromako Gregoriar Unibertsitatean (1946) burutu zituen. 1947an apaiztu zen jaioterrian, Hazparnen. 1953an Filosofiako lizentziari ekin zion Parisko Sorbona Unibertsitatean.
Teologian doktoregoa Tolosako Institutu Katolikoan eskuratu zuen 1973an, kultur eskubideen oinarri etikoaz egindako tesiarekin, René Costek zuzenduta. Euskal ikasketetan doktoregoa, aldiz, Bordele III Unibertsitatean eskuratu zuen 1983an, Pierre Broussain (1859-1920) euskaltzainaz egindako tesiarekin, Jean Haritxelharren zuzendaritzapean.
1942tik irakasle- nahiz apaiz-lanak egin zituen Biarritzen, Hazparnen, Maulen, Baionan eta Parisen. Eskualdun Estudianteen Egunak antolatu zituen 1946-1951 urteen artean eta Eskualdun Gazteriako arduraduna izan zen 1956tik aurrera. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren Biarritzeko Biltzarrean (1948) parte hartu zuen eta Eskualtzaleen Biltzarreko kidea ere izan zen 1958tik aitzina.
Baionako Elizbarrutiaren babesean, Parisko Eskual Etxearen (1955) eta Hazparneko Lanbide Eskolaren (1959) sortzaileetariko bat izan zen. Lanbide Eskolako zuzendari ere izan zen 1965a arte, Jean Louis Davant edota Txillardegi lankide zituela. Urte horretan, 1965ean, zuzendaritza utzi egin behar izan zuen, arazo politikoak zirela medio. Irakaskuntzaz den bezainbatean, testuliburu ugari itzuli edo egokitu zuen, Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuarekin elkarlanean.
1967-1973 urteen artean Baionako San Amandoko erretorea izan zen eta Fededunak (1968) taldea sortu zuen Jean-Louis Davant, Jean Hiriart-Urruti eta hainbat lagunekin. Frantziskotarren Jakin taldearekin ere harremanetan hasia zen ordurako. 1974an Euskal Herria utzi eta hiru urtez Montrealen jardun zuen irakasle. Han zegoela, abadetza utzi zuen 1976an. Behin itzulita, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten 1984an eta Filosofia Fakultatean eskolak eman zituen, 1987an erretiroa hartu zuen arte.
Jean Haritxelhar euskaltzainarekin batera, Baionako Euskal Astea hiru urtez antolatu ostean, Udako Euskal Unibertsitatea sortzeko egitasmori heldu zion; 1973an lehenengo edizioa izan zuen, Xarrittoni eta beste euskal intelektual batzuei esker. Kanadatik itzulita, UZEIko lankide izan zen 1978tik aurrera eta hiztegigintzan aritu zen.
Julian Ajuriagerra psikiatra buru zela, orobat, Association pour la Création d’un Institut d’Etudes Basques (ACIEB) delakoaren sorreran ere esku hartu zuen Baionan, Piarres Lafitte, Jean Haritxelhar eta beste hainbatekin elkarlanean. Ondorioz, 1979an Euskal Ikasketen Institutua sortu zen.
Euskaltzaindian, 1977an Piarres Lafitteren idazkari izendatu zutenetik, Ipar Euskal Herriko ordezkaria (1978-2006) izan zen. Beste arlo askotan ere lan egin zuen: euskalduntze-alfabetatzean, onomastikan, gramatikan (EGLU bilduma, 1985-2011), hiztegigintzan, Jagon sailean, argitalpenetan, literatura ikerketan eta abarretan. Bestetik, euskaltzain askoren idazlanak ere argitaratu zituen: Jean Etxepare, Piarres Larzabal, Jean Saint-Pierre eta René Lafonenak, besteak beste.
Giza-pentsamenduaren hainbat idazle klasikoren lanak itzuli zituen euskarara: Thomas More, Benedictus de Spinoza, Francisco de Vitoria edota Martin Azpilkuetarenak.
Politikaz den bezainbatean, Eusko Alkartasuna alderdiaren Ipar Euskal Herriko burua izan zen 1988-1997 urteen artean. Halaber, Baionako Udalean zinegotzi izan zen 1993. urtetik 1995. urtera.
Piarres Lafitte irakaslearen eraginez, Aintzina aldizkarian, bigarren aroan (1942), hasi zen euskaraz idazten eta gero Herria (1944) astekarian. Eskualdun Gazteriaren Gazte aldizkariaren zuzendaria ere izan zen 1956-1960 urteen bitartean.
Beste zenbait agerkaritan idatzi zuen artikulu asko, bereziki euskal kulturaren eta Elizaren historiaz: Jakin, Zabal, Enbata, Otoizlari, Elgar, Il Bimestre, Gure Almanaka, Zeruko Argia, Ekaina, Anaitasuna, Jaunaren Deia, Etchea, Comun, Maiatz, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Berria, Mundaiz, Bulletin du Musée Basque, Oihenart, RIEV, Ele, Egan, Antzerti, Hegats, Euskalingua eta abar dira aipagarrienak.
Hainbat ohore eta sari jaso zuen: Frantziako Errepublikaren eta Erresuma Batuaren esker ona Bigarren Mundu Gerran soldaduak babesteagatik; Udako Euskal Unibertsitatearen sarrera-hitzaldia (1979); Korrika 9an lekukoa eraman zuen (Baiona, 1995); Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen ohorezko bazkide (1996) izendatu zuten; Jakin taldearen omenaldia (Donostia, 1996); Labayru Ikastegiaren omenaldia (Derio, 1998); Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria (1999); Joseba Jaka Fundazioaren beka (1999); Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria (Sara, 2006), besteak beste.
Saiakerak eta ikerketak
1943, Eskualdunak / Chabier Gazteiz (Aintzina).
1946, Petit histoire religieuse du Pays Basque (Euskal-Herria).
1970, Eskual alorretik [elkarlanean] (Ikas).
1979, Le droit des peuples à leur identité: l'évolution d'une question dans l'histoire du christianisme (Fides).
1985, Pierre Broussain: sa contribution aux études basques (1895-1920) (Centre National de la Recherche Scientifique).
1990, Alfabetatzea Euskal Herrian (1960-1990): kronika laburra [elkarlanean] (s. n.).
1991, Euskal literaturaren oinarrizko gidaliburua (s. n.).
2000, Eliza eta formazioa Hazparneko aldean (XVIII.-XX.) (Arizmendi).
2003, De re publica edo politikaz (Elkarlanean).
2008, Pierre Broussain: sa contributrion aux etudes basques (1895-1920) [2. argit.] (Euskaltzaindia). PDF
2013, Le fondement moral des droits culturels de l'homme: (kultura eskubideen oinarri etikoak) (Euskaltzaindia). PDF
Hiztegiak
1983, Administrazioa eta zirkulazioa: hiztegiak [elkarlanean] (UZEI).