Sortetxean, Migel Antonio Iñarra (1864-1898) osaba zenaren euskal liburutegia baliatu ahal izan zuen. Oinarrizko ikasketak Oiartzunen eta Baliarrainen egin ondoren, eliz ikasketak Gasteizko elizbarrutiaren seminarioan burutu zituen. Apaiztu, eta meza berria 1917an eman zuen Oiartzunen.
1915ean Gasteizko seminarioko euskara katedraren irakasle izendatu zuten, eta berak eman zuen 1918-1919 ikasturteko hasiera hitzaldia.
Euskal literaturaz edota arkeologiaz eskolak emateaz gain, Gasteizko elizbarrutiaren doktrina kristaua gipuzkerara itzuli zuen 1921ean, Leopoldo Eijo apezpikuaren aginduz.
Jose Migel Barandiaranek 1921ean seminarioan sortutako Sociedad de Eusko-Folklore delakoarekin, halaber, elkarlanean aritu zen.
Ahozko literaturaz garaian egindako idazlan teoriko nagusia Literatura oral euskérica (1935) izan zen, Marcel Jousse antropologo frantsesaren lanetan oinarrituta.
Espainiako Gerra Zibilean, militar matxinatuek Julian eta Martin Lekuona anaiak fusilatu zituzten. Gasteiztik ihes egin behar izan zuen 1936ko abenduaren 8an, eta Antonio Abauntz Lasarteko brigitarren kapilauak gorde zuen bere etxean.
Lasarteko komentuan ezkutatuta egon zen 1936-1941 artean, bertako artxiboa baliatzen zuela tokiko eliz historiaren ikerlanak idazteko, urteak igaro ahala argitaratuko zirenak: Del Oyarzun antiguo (1959) eta La Parroquia de San Pedro de Lasarte (1971).
Bere egoera normaldu nahian ezkutalekutik irten zenean, zigor gisa Euskal Herritik alde egitera behartu zuten, eta berak Calahorra aukeratu zuen deserrirako. Calahorrako elizbarrutiko artxiboari esker, eliz historia ikertzen jarraitu ahal izan zuen.
1955ean Euskal Herrira itzuli zen Andoaingo Jesusen Alaben kapilau izendatu zutenean. Hogei urtez bizi izan zen Andoaingo arregi-aranburutarren etxean, besteak beste, Rikardo eta Begoña Arregi euskaltzain urgazle izango ziren anai-arrebekin.
Liturgian eta eliz testuen itzulpenean egindako lanari segida eman zion, Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian hasi (1964) eta beste hainbat urtez.
1949an izendatu zuten euskaltzain oso, eta Euskaltzaindiaren enkarguz Pedro Axularren (1556-1644) Gero liburuaren edizioa prestatu zuen 1954an.
Jose Maria Lojendioren (1910-1979) ondoren, euskaltzainburu izendatu zuten 1967an, eta bere zuzendaritzapean abiatu zen euskara batuaren arautzea. 1968ko Arantzazuko Biltzarrean hartutako erabakiak gauzatzeko orduan izandako desadostasunen ondorioz, 1970ean Luis Villasantek (1920-2000) ordezkatu zuen karguan.
1975ean erretiroa hartuz geroztik Oiartzunen bizi izan zen. Garai horretan bere Idaz-lan guztiak (1978-1987) hamabi liburukitan biltzeari ekin zion, Kardaberaz Bazkunaren laguntzarekin.
Hainbat erakunde eta kultur elkarteko kide izan zen: Eusko Ikaskuntzako Etnologia eta Eusko-Folklore Laborategia, Gasteizko seminarioko Lyceum Cassiciacum, Donostiako Elizbarrutiko Liturgi Batzordeko buru (1964), Euskalerriko Liturgi Batzordeko idazkari (1968) eta Kardaberaz Bazkunako buru (1970).
Ikerketa nahiz sormen lanak agerkari askotan eman zituen: Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, Añorga Escolar, Aránzazu, Argia'ren Egutegia, ASJU, El Bidasoa, Boletín Oficial del Obispado de Vitoria, Berceo, BRSBAP, Ciencia Tomista, Cuadernos de Etnología y de Etnografía de Navarra, El Diario Vasco, Egan, Estudios de Deusto, Euskal-Erria, Euskal Esnalea, Euskalerriaren Alde, Eusko Ikaskuntzaren koadernoak, Euzko-Gogoa, Fontes Linguae Vasconum, Gaiak, Gure Herria, Gure Mixiolaria, Gymnasium, Idearium, Jakin, Jaunaren Deia, Jaungoiko Zale, Kardaberaz Bazkuna, Munibe, Oarso, Oiartzun, Príncipe de Viana, RIEV, Scriptorium Victoriense, Yakintza edota Zeruko Argia.
Sari eta ohorez den bezainbatean, honako hauek jaso zituen: Euskal Herriko Bertsolari Elkartearen omenaldia (Urnieta, 1979), doctor honoris causa Gasteizko Teologia Fakultatean (1980), Eusko Ikaskuntzaren omenaldia (Donostia, 1983), Gipuzkoako Foru Aldundiaren seme kutun (1983), Euskal Herriko Bertsolari Elkartearen ohorezko kide (1987), Eusko Jaurlaritzaren Gernikako Arbolaren Gurutzea (1987), Oiartzungo Udalaren seme kutun (1988) eta Andoaingo Udalaren omenaldia (1988).
Bestalde, haren izena daramate Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Sariak (1983), Oiartzungo Udal Liburutegiak (1994) eta Lasarteko Kultur Etxeak (1994). Euskaltzaindiak eta Oiartzungo Udalak haren heriotzaren 25. urteurrena ospatu zuten 2012an.
Ikerketak
1918, La métrica vasca, (Montepío Diocesano).
1934, La poesía popular vasca, (Nueva Editorial).
1935, Literatura oral euskérica, (Beñat Idaztiak).
1959, Del Oyarzun antiguo : (monografía histórica), (Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa).
1964, Literatura oral vasca, (Auñamendi).
1971, La Parroquia de San Pedro de Lasarte, (Caja de Ahorros Provincial).
1978, Aozko literatura : (laburpena), (Kardaberaz Bazkuna).
Erlijio itzulpenak
1921, Gazteiz'ko Eliz-barrutirako kristau-ikasbidea : Gipuzkoa'ko euskeraz : (osoa), (Montepio Diocesano-ren Irakorlean).
1934, Manuale sacramentorum euskeraz [elkarlanean], (Jaungoiko-Zale'ren irarkolea).
1959, Ezkongai [elkarlanean], (Artes Gráficas E. Cuchy).
1964, Bidea / Josemaría Escrivá [elkarlanean], (Rialp).
1968, Jaungoiko-erriaren kredoa / A. S. Paulo VI'garrenak aitortua eta guztiori eskeñia [elkarlanean], (Lit. Hijos de M. Alvarez Iraola).
Edizioak
1929, Genoveva de Brabante / por el "bertsolari" Juan Cruz de Zapirain, (Eusko Ikaskuntza).
1932, Iturriaga'ren ipuiak, (Lopez Mendizabal'dar Ixaka'ren etxean).
1954, Gero : bi partetan partitua eta berezia / Axular Sara'ko erretorak bildua, (Itxaropena irarkolan).
Antzerki-lanak
1932, Sorgiñak : bi zatikiko antzerkia : emakumezko utzentzat / Barbier [itzul.], (Euskaltzaleak).
1935, Eun dukat : (bi ekitaldiko antzerkia) [elkarlanean], (Lopez-Mendizabal'enean).
1962, Herriko bozak edo nor alkate : Lapurdiko ta Gipuzkoako euskeraz / Piarres Larzabal [mold.], (Auspoa). PDF
1962, Iru ziren : Lapurdiko ta Gipuzkoako euskeraz / Piarres Larzabal [mold.], (Auspoa). PDF
1963-1965, Bi antzerki ta itzaldi bat, (Itxaropena).
1965, Hilla esposatu : Lapurdiko eta Gipuzkoako euskeraz / Piarres Larzabal [mold.], (Auspoa). PDF
Musika eta poesia
1948, Iesu aurra'ren bizitza : eresidun aur-poematxoa, bost kantetan, (Itxaropena).
1963, Zigor : euskal-opera [elkarlanean], (Itxaropena).
1965, Zigor : ópera en cuatro actos [elkarlanean], (Ordorica).
1978, Txuri eta gorri eta kikirriki, (Etor).
2005, Txuri eta gorri eta kikirriki [2. arg.], (Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea).
Idazlan guztiak
1978-1987, Idaz-lan guztiak, (Librería Técnica de Difusión).
Euskera agerkarian
1926, "Contribución al estudio de la sintaxis euskérica : la interlocución en el euskera". PDF
1953, "Eguskitza ta Meabe'tar Jun B. (1875-1939) [hilberri txostena]". PDF
1956, "Deikia aditzean". PDF
1956, "Deikia izenetan". PDF
1956, "-Ki gerundio atzizki?". PDF
1958, "Noski Azkue'ren iztegian". PDF
1958, "Zipitria abizenaren gora-beherak". PDF
1963-1964, "Erria = lurra?". PDF
1968, "Di, botanika-atzizti?". PDF
1972, "Amantetik al dator maite?". PDF
1983, "Sebastian Mendibururen lenengo liburua irakurtzen". PDF
Iker bilduman
1983, "Gerundioa euskeraz". PDF