Eliz ikasketak Belokeko monasterioan (1923-1926), Uztaritzeko Seminario Ttipian (1926-1928) eta Baionako Seminario Handian (1928-1934) egin zituen. 1934an apaiztu eta urtebetez irakasle izan zen Uztaritzen.
1935ean abiatu zituen Filosofiako eta Letretako lizentziak Okzitaniako Tolosako Institutu Katolikoan eta Okzitaniako Tolosako Unibertsitatean, hurrenez hurren. 1938an, lizentziak eskuratuta, Baionako Seminario Handira itzuli zen eskolak ematera.
Baionako Elizbarrutian lan handia egin zuen hezkuntzaren, euskararen edo gazteen arloan. 1940ko hamarkadan, Edmund Vansteenberghe apezpikuak elizbarrutiko astekariaren eta Ekintza Katolikoaren eta Obren ardura eman zion.
Léon-Albert Terrier hurrengo apezpikuak ohorezko kalonje (1945) eta bikario jeneral (1952) izendatu zuen. Besteak beste, Parisko Eskual Etxearen (1955) eta Hazparneko Lanbide Eskolaren (1959) sorreran parte hartu zuen. Kargu horretan jarraitu zuen, orobat, Paul Gouyon apezpikuarekin 1957-1963 urteen artean.
Erretiroa hartuta, Jean-Paul Vincent apezpiku berriak Baionako Elizbarrutiko ohorezko bikario jeneral izendatu zuen 1964an. Euskal liturgian eta eliz testuen arloan ere lanean aritu zen, Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian.
Musikagintzan hainbat kantaren sortzaile izan zen eta, besteak beste, Charamela (1951) kantu bilduma arrakastatsua argitaratu zuen.
Euskaltzaindiari dagokionez, 1960an euskaltzain oso izendatu zuten Oxobiren (1888-1958) ordez, baina batzarretan parte hartzeko astirik ez zuenez uko egin zion, eta 1962an Jean Haritxelharrek (1923-2013) hartu zuen Oxobiren aulkia.
Ekintza Katolikoko emakumeei zuzendutako Etchea (1943-1972) hilabetekariaren arduradun izan zen. Bestelako artikuluak idatzi zituen Aintzina, Bulletin du Musée Basque, Eskualduna edo Gure Herria aldizkarietan.
Ildo horretan, Kattalinen gogoetak (1955) liburua idatzi zuen, Luis Villasantek (1920-2000) gipuzkerara moldatu zuena. Era berean, Blaise Pascal (1623-1662) filosofoaren Pensées liburua euskaratu zuen Gogoetak (1980) izenburupean.
Erretiroa hartuz geroztik arrebaren Luzaideko etxean bizi izan zen, eta ikerketa historikoan aritu zen. Euskal Herriaren Antzinateko eta Erdi Aroko historiaz, bereziki Nafarroako Erresumaz, idatzi zuen liburu trilogia frantsesez: Le matin basque (1975), Orria (1978) eta Nabarra (1978). Azken biak gaztelaniara itzulita daude.
2010ean haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen Eskualzaleen Biltzarrak Azkaraten, eta Piarres Aintziartek Pierre Narbaitz antologia argitaratu zuen.
Erlijioa
1948, Elizako liburua : meza saindua : igande eta phesta-buruetako ofizioak, bezperak, othoitz eta kantu beharrenak, [arg.], (Darracq).
1948, Ichtorio ederrena / kondatzaile, Courtois [itzul.], (s.n.).
1961, Elizako liburua, [arg.], (Ed. Religieuses Basques).
1965, Réforme liturgique et langue basque, (Gure Herria).
1966, San Frantses Jatsukoa : biographie basque de St. Françoise de Jaxu et Xavier / P. Arradoy [= P. Narbaitz], (Izarra).
1969, Monseigneur Paul Bellevue : curé-doyen de Saint-Jean-de-Luz, (s.n.).
Musika
1951, Charamela, [arg.], (Imp. Darracq).
1958, Charamela, [arg.], (2. arg. Imp. Laharraque).
1970, Essor ou déclin de la chanson basque? / P. Navarre [= P. Narbaitz], (Gure Herria).
1975, Maurice Ravel : un orfèvre basque, (Côte Basque).
Gogoetak
1955, Kattalinen gogoetak / P. Arradoy [= P. Narbaitz], (LFAC).
1958, Kataliñen gogoetak / P. Arradoy [= P. Narbaitz]; Aita Luis Villasante frantziskotarrak Gipuzkoako euskeraz jarriak, (Arantzazu Irarkolan). PDF
1980, Gogoetak / Blas Pascal [itzul.], (s.n.).
2010, Pierre Narbaitz : antologia / Piarres Aintziart, (Erroteta).
Historia
1975, Le matin basque o Histoire ancienne du peuple vascon, (Librairie Guénégaud).
1978, Nabarra ou Quand les basques avaient des rois, (Zabal).
1978, Orria ou La Bataille de Roncevaux : (15 août 778), (Zabal).
1979, Orria o La Batalla de Roncesvalles : (15 de agosto del 778), (Ediciones Vascas : Elkar).
2007, Navarra o cuando los vascos tenían reyes, (Txalaparta).