Eliz ikasketak kaputxinoekin egin zituen Altsasuko (1908-1912), Zangozako (1912-1914), Hondarribiko (1914-1917) eta Iruñeko (1917-1921) ikastetxeetan. Apaiztu eta meza berria 1921ean eman zuen Iruñean.
Euskaltzaindiak diruz lagunduta, Zürich-eko Unibertsitatean Filologia Erromanikoa ikasten aritu zen 1922-1923 artean. Alemanetik hainbat teologia liburu itzuli zituen gaztelaniara.
1923-1930 artean kaputxinoen Iruñeko harresiz kanpoko komentuan bizi izan zen apaiz lanetan.
1930-1950 artean Lekarozko Aholku Onaren Ikastetxean hizkuntza eskolak eman zituen. Garai horretan argitaratu zituen Yesu-Kristo gure yaunaren bizia (1934) kondaira biblikoa edo Fernando Dimakoaren Mi cautiverio bajo el Dragón Rojo (1934) liburuaren atalez ataleko itzulpena Zeruko Argian.
Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, atzerrira destinatua izateko zorian egon zen, Damaso Intzakoa euskaltzaina bezala, baina Lekarozko errektoreak indar egin zuen bertan gera zedin.
1942-1950 artean euskarazko misio lanetan nabarmendu zen Lekarozen eta inguruko herrietan.
1950ean kaputxinoen ordenako idazkari nagusi izendatu zuten, eta Erroman aritu zen lanean 1972a arte.
1972an erretiroa hartuz geroztik, kaputxinoen Lekarozko komentuan bizi izan zen. Besteak beste, Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen Kristo gure Jauna eta andredena Maria (1979) poesia liburuarekin.
Euskaltzaindiari dagokionez, 1923-1930 artean “Erizkizundi irukoitza” delako galdetegian eta hiztegigintzan laguntzen aritu zen, Resurreccion Maria Azkueren zuzendaritzapean. 1930ean euskaltzain urgazle izendatu zuten
Euskaltzaindiak 1941ean Bizkaiko Probintzia Diputazioaren Kultura Batzordearen baimenarekin eta baldintzekin jardunari berriz ekin zionean, Polikarpo Iraizozkoa euskaltzain oso izendatu nahi izan zuten.
Hala ere, berak uko egin zion, gerraosteko giroan agerian zegoelako ordenako nagusiek ez zutela begi onez ikusiko bera euskararen alde nabarmentzea, kaputxino euskaltzaleek diktadura frankistan jasandako errepresioagatik. Juan Miguel Seminario (1904-1968) hil ondoren izendatu zuten euskaltzain oso, haren hutsartea betetzeko, baina geroztik aulki berritzat jo izan da Polikarpo Iraizozkoarena.
Bere idazlanak hainbat agerkaritan eman zituen argitara: Euskal Esnalea, Euzko-Gogoa, Fontes Linguae Vasconum, Irugarrengo Prantzisko'tarra, Olerti, Yakintza edo Zeruko Argia.
Frantzisko Ondarra (1925-2005) euskaltzainak bildu zituen haren euskal idazlanak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu zituen: Hitz neurtuzko lanak (1997) eta Hitz lauzko lanak (1999).
Euskaltzaindiak haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen 1997an, Ultzamako Iraizotzen.
Gaztelaniazko itzulpenak
1926, Los ideales de S. Francisco de Asís. T. I. / por el R. P. Hilarino de Lucerna, (Imp. de los Capuchinos).
1949, Jesús de Nazaret / Hilarino Felder, (Desclée de Brouwer).
1950, Crítica de Asia sobre el cristianismo del Occidente / Thomas Ohm, (Desclée de Brouwer).
1957, El caballero de Cristo Francisco de Asís / Hilarino Felder, (Ed. Franciscana).
Euskaraz
1933, Urte guziko igande ta jaiegunetako Ebanjelioak : erriarentzako liturgia, (Neketako Ama-Birjiñaren Irarkolan).
1934, Yesu-Kristo gure yaunaren bizia, (Neketako Ama-Birjiñaren Irarkolan Iruña'ko Kaputxinoetan).
1952, Arimaren zuzenbidea : arimaren bizitzan zuzen ibiltzeko ta irauteko aolku edo erakutsiak, Kristori benetan jarraiki nai dioten kristauentzat / Donosti'ar Gabriel [itzul.], (Montepío Diocesano).
1979, Kristo gure Jauna eta andredena Maria, (Zugaza).
Bildumak
1997, Hitz neurtuzko lanak, (Nafarroako Gobernua).
1999, Hitz lauzko lanak, (Nafarroako Gobernua).
Euskera agerkarian
1978, "Verbo vasco por «manar, fluir» : erion ala jario". PDF