74 emaitza.
Herrialdea | Herritarra | Euskalkia |
---|---|---|
Araba | arabar | Arabako euskara |
Bizkaia | bizkaitar | bizkaiera |
Gipuzkoa | gipuzkoar giputz |
gipuzkera |
Lapurdi | lapurtar | lapurtera |
Nafarroa (Garaia) | (Hegoaldeko) nafar Nafarroa Garaiko |
(goi) nafarrera (goi-) nafarrera |
Nafarroa Beherea | (Iparraldeko) nafar | (behe) nafarrera |
Baxenabarre | Nafarroa Behereko baxenabartar |
(behe-) nafarrera |
Zuberoa | zuberotar | zuberera |
Gauzak horrela direlarik, eta 2003ko uztailaren 18an Euskaltzaindiak, Donostian onarturiko adierazpenean oinarriturik, honako Araua plazaratzen du:
Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaileren bat edo adjektibo bat daramanean. Adibidez: Euskal Herri maitea, Euskal Herri osoan, gure Euskal Herri hau, zein Euskal Herri litzateke? ... Hortaz, ez daude ongi *Euskal Herria maitea, *Euskal Herria osoan. *gure Euskal Herria hau eta *zein Euskal Herria litzateke?
Honen guztiaren ondorioz, herri-izenen hurrenkeraz eta jarri beharreko zeinu grafikoez hau da Euskaltzaindiaren araua:
Herri batek euskaraz izen bat eta erdaraz beste bat duenean, bi izenak elkarrekin erabili behar direnean zehar-marra (/) baten bidez bereizirik jarriko dira, adibidez, izendegi, zerrenda, seinale eta antzekoetan:
Agurain / Salvatierra (A), Areatza / Villaro (B), Baiona / Bayonne (L), Barkoxe / Barcus (Z), Doneztebe / Santesteban (NG), Donostia / San Sebastián (G), Izura / Ostabat (NB)...
Euskarazko testu jarraituetan, ordea, emandako bi izen horietatik euskarari dagokiona soilik hartuko da, esaterako:
Aguraindik etorriko gara; Areatzari mesede handia egingo dio enpresa horrek; Baionan erosi dugu etxea; Piarres Topet “Etxahun” koblakaria Barkoxeko semea zen; Donezteberaino hel- du ziren ibilgailu zahar horrekin; Donostiara hurbilduko zaitugu; Izurak ez du hazkunderik izan azken urteotan...
* * *
Bi herrik edo gehiagok administrazio elkarte bat osatzen dutenean, bi izenak beti marratxo (-) baten bidez bereiziko dira, izendegi, zerrenda, seinale eta abarretan:
Arratzua-Ubarrundia (A), Beintza-Labaien (NG), Ezkio-Itsaso (G), Gamiz-Fika (B), Labetze-Bizkai (NB), Maule-Lextarre (Z)...
Erabilera arruntean deklinabide-marka azken izenari jarriko zaio:
Arratzua-Ubarrundian bizi da nire laguna; pagadi horiek Beintza-Labaienenak dira; Ezkio-Itsasoko Udalak halaxe erabaki du; Gamiz-Fikak bere batasunari eutsiko dio aurrerantzean ere; Labetze-Bizkairi ondo letorkioke industria hori; Maule-Lextarretik irteten zen trena...
* * *
Lekua gehi eskualdea, harana edo ibarra adierazten duten herri-izenetan, lehendabizi herriaren izena jarriko da eta gero, tarteko marratxorik gabe, ibar edo eskualdearena. Konposaketa kasu hauetan, ordea, bi egoera bereizi behar dira:
Zenbaitetan herri-izena gehi eskualde, haran edo ibarraren erabilera oso hedatua dago. Elkartze hori jadanik lexikaldutzat ematen denez gero, erabilera jasoan biak jarriko dira:
Donibane Garazi (NB), Donibane Lohizune (L), Uharte Arakil (NG), Etxarri Aranatz (NG)...
Eta deklinabide atzizkia amaieran doan izenak jasoko du:
Donibane Garazin, Donibane Lohizunera, Uharte Arakilen, Etxarri Aranazko...
Beste askotan, herri-izenaren erabilera arruntak ez du ezinbestez eskatzen eskualde, haran edo ibarraren argigarria eta bere horretan utz daiteke, betiere baldin nahasketa sortzeko arriskurik ez badago:
Bastida (A eta BN), Getaria (G eta L), Jatsu (L eta NB), Lekunberri (NG eta NB)...
Baina testuingurua behar bezain argia ez denean, herri hori izenkidea den beste batekin nahas litekeelako, herri-izenaren ondotik, dagokion ibar edo eskualdearena jarriko da argigarri:
Bastida Arberoa, Getaria Gipuzkoa, Jatsu Lapurdi, Lekunberri Larraun... (vs. Bastida Araba, Getaria Lapurdi, Jatsu Garazi, Lekunberri Garazi...).
Konposaketa osagarri hau erabiltzea erabakiz gero, deklinabide-marka azken izenari jarriko zaio:
Bastida Arberoan nahiz Bastida Araban, Getaria Gipuzkoatik nahiz Getaria Lapurditik, Jatsu Lapurdira nahiz Jatsu Garazira, Lekunberri Larraungoa nahiz Lekunberri Garazikoa...
Hala ere, tradiziorik ez dagoen kasuetan, testu jarraituetan egokia da Gipuzkoako Getariako txakolina edo Lapurdiko Jatsu herrian moduko egiturak erabiltzea.
Herri-izenetan maiz ageri den amaierako -a dela eta, kontuan izan beharrekoa:
Herri-izen askok berezkoa dute amaierako -a hori:
Ainhoa (L), Aintzila (NB), Arraia (A), Donostia (G), Garaioa (NG), Zierbena (B), Zühara (Z)...
Izen horiek bokalez amaitutako beste edozein izenen moduan deklinatuko dira:
Ainhoatik, Aintzilara, Arraiarantz, Donostiako, Garaioatik, Zierbenaz, Züharan...
Beste anitz herri-izenetan, ordea, amaierako –a hori ez da berezkoa, artikulua baizik. Kasu hauek, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren izendegietan –a ohar argigarriaz ageri dira, esaterako:
Abaurrepea (-a) (NG), Azkoitia (-a) (G), Ermua (-a) (B), Ospitalepea (-a) (Z), Zigoitia (-a) (A)...
Azkeneko –a hori artikulua denez gero, erabil bedi:
Abaurrepean, Azkoitiarekin, Ermuan, Ospitalepearekin, Zigoitian..., baina Abaurrepera, Azkoitiko, Ermuko, Ospitalepetik, Zigoitira... Era berean, izen hauek ere azken –a galtzen dute ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramatenean; adibidez: Abaurrepe maitea, Azkoiti osoan, Gure Ermu hau...