- etxe-abade
- apate
- apat
- apatia
- arol
- Aitor
- apala
- balda
- at
- athendustatü
- atamüstatü
- ari
- bagant
- lumera
- parada
- barbildu
- barga
- barrandan
- barrundatu
- barruki
- barik
- mazka
- barrabaska
- ardanburu
- ardangrina
- ituten
- ekera
- geun
- daragun
- sorna
- fiat
- fiodera
- gingil
- karkaila
- garbeltxagi
- gargale
- garhi
- gari ‘garatxo’
- gartu
- gesu/gesi
- guda
- ats
- olagarro
- zainezo
- naflatu
- lapar
- makulu
- putiko
- sendor ‘sorta’
- txortan
- urre gorri
- urritu
- erruki
- oxatu
- uztargi
- platuxa
- zumai
- zirotz
- zilar zuri
- bipotz
eho. Honen azpiko sarrera-buru nagusiak bost sarrera-buru nagusitan sailkatu dira, eho, irin, ehun, ero eta eraile. Eho-ren azpisarrera modura, berriz, ehe, ehoki, eihera eta ile daude; ondotik irin dago, irizpide alfabetikoaren gainetik arrazoi etimologikoak jarrita, eta horren azpisarrera modura birrin, birrindu eta birringatu daude; ehun-en azpisarrera modura, ehun2 dago; ero-ren azpisarrera modura, ero2, haragi eta aratuste daude; eraile-ren azpisarrera modura, erail dago.
Familia honetako sarrera-buru nagusiak eta azpisarrerak arazo nabarmenik gabe lotzen dira. Eragozpen larrienak ile-rekin eta haragi-rekin ditugu: ile-ren kasuan atzizkiarekin dugu arazoa, egiletasuna adierazten baitu, berez, -le atzizkiak; haragi-ren kasun, berriz, balizko asimilazio bokalikoek iluntzen dute lotura. Besterik da *non erroaren bidetik familia honetara bil litekeen joan-en auzia; kasu honetan, formazko zein esanahizko ziurgabetasunak medio, erabaki dugu sarrera bereizi batean ematea.
♦ eho (~1527: Zalgiz; ik. ehule, s.v. ehun2, eta eihera). ■ Hitz orokorra. E(h)o-z gainera, badira ego, igo eta io aldaerak hegoaldean, eta eio Bizkaian eta Erronkarin bederen. E(h)aite aditz-izena Landucci, Leizarraga, Axular, Oihenart, Intxauspe eta J. Etxeparegan aurkitzen da; gainerakoetan e(h)otze, etab.
Bi esanahi nagusi ditu: batetik, ‘xehatu, irindu’ (gehi ‘hautsi, birrindu’ [Haranb bihotza eho, Udarregi ezur guziak ego], ‘digeritu, hausnartu’ [Leiz begiratzen zituen gauza hauk guziak, bere bihotzean ehaiten zituela, Pouv ian nahi duzun guzia eho], ‘jo’ [Oih bihotzak zautan-kal ehaiten]…), eta bestetik, ‘ehundu’ (Leiz iostura gabe… ehoa, Ax ehaiten den ehuna, AgirAst sarea… eotzen).
● ehaile ekialdeko hitza, batez ere lehen adieran erabilia; ‘ehule’: Pouv, Duv; ‘eiherazain’: Pouv (ehoile), Larrasket; cf. ehule, s.v. ehun2.
● ehoaldu ‘eho(arazi); ehundu’; hapaxa: Oih; ez dago garbi zer den -aldu; agian galdu, bere jatorrizko esanahiarekin? Ik. han.
ehaite (‘digestio’: Intxpe [(gatzak) ehaitia hanitx lagüntzen]), ehoaldi (Larm (eotaldi), Zubiri [ze zigorrada, ze eho-aldia]), ehodura (Pouv, Duv [oihal hunen ehodura tinkoegia da]), ehoera (Larm, Izt [sasi andien… eoera miraritsua]), ehokin (‘ehun’: Duv [beren ehokina ez dute soineko izanen]), ehotarri (‘eihera-harri’: Larm, Izt).
► Aditz zaharretako e- osagaia bereizi behar da. Hitzaren bigarren osagaia *non erroa bide da, bokalarteko -n- > -h- bilakaerarekin (cf. ahate < lat. anate; FHV 300); jatorrizko sudurkariaren alde egiten du zub. ẽ́hün ‘oihal’ eta ẽhü͂́le-ren e- sudurkaria izateak (Larrasket s.v.), nahiz eta eho-n bertan bokal sudurkariaren aztarnarik ez izan.
Mitxelenak ohartarazten du n- hasieradun euskal hitz zaharrak ez direla ugariak (FHV 310), baina hori ez da *non erroa berreraikitzeko eragozpena: maiz agertzen da n- berreraikitako formetan, batez ere monosilaboetan (cf. *o-nol, *a-nal), eta, era berean, ohartarazi behar da hasieran h- lukeen erro bakarra litzatekeela e- aurrizkidun aditzen artean, ez *non, baizik *hon erroaren bidetik joko bagenu (esanahiaren aldetik ere ezagutzen dugun hon ‘on’ ez da inondik ere egokia).
Amaierako -o azaltzeko, cf. igan/igo, erasan/eraso… bikoteak; horiek aintzat hartuta, jatorrizko *e-nan batean pentsa liteke, baina ehun ‘oihal’-ek hitzarekin zerikusia duela onarturik, ez dirudi aukera hori egiantzekoa denik.
Ehun bera aintzat hartuta, galdetu daiteke *nun ote zen jatorrizko erroa, ez *non; baina ehaite aditz-izena honen aurka dago, erroan -u- bokala duten aditzek ez baitute -ai- aditz-izenean (cf. errun, edun, irun). Hortaz, *non erroaren aukerak dirudi egiantzekoena. Ehun orokorra esplikatzeko, ohar bat egin beharra dago: euskara historikoan ez da orokorra, baizik-eta dialektala, sudurkariaren aurreko -o- > -u- bilakaera (cf. zub. gizun; FHV 54-56), alabaina, erro honen kasuan, esanguratsua da aurretik bigarren sudurkari bat izatea, eta horrek erraztu du orokorra izatea aldaketa. Bestalde, jatorrizko -o- bokaldun erroaren alde, cf. Pouv ehondegi; ik. ehun2.
Erronk. eio aldaeran -i- epentetikoa eta berankorra da, besterik gabe (cf. leiho > erronk. léxo); erronk. hala behar du, bestela **exo izan beharko baikenuke (FHV 175-176); orobat ehe-ren eiatondo eratorrian. Familiakotzat dugun ehun ‘oihal’ hitzean ez dago -i- epentetikorik. Eihe (eta eihera eratorri zaharra) azaltzeko, cf. zeihar < zehar; ik. eihera.
Hitzaren esanahi nagusien arteko lotura argitzeko, aipagarriak dira jatorri germanikoko *brekan ‘apurtu’ hitzaren (FEW 15/1, 265a-270b, *brekan) ondorengo galo- eta ibero-erromantzeek dituzten adiera eta erabilerak: fr. broyer-ek ‘xehatu, apurtu’ du esanahi nagusi moduan, jatorrizko hitz germanikoaren antzera; Borgoinako rebreyer “ruminer” (FEW 15/1, 266b, *brekan, 1) erabil daiteke eusk. ‘hausnartu’-ren paralelo moduan. Ehe-ren esanahia bearn. bregar “frotter le linge sale avant de le rincer” (FEW 15/1, 265b, *brekan, 1) hitzarenaren bete-beteko kidea da; funtsean, ‘marruskatu, igurtzi’ adieratik azal daiteke. Beste adiera nagusiari dagokionez, eusk. ‘ehundu’ adierara hurbil daitezke fr. broyer edo okzit. zah. bargar “briser la tige du chanvre pour détacher la chènevotte de la filasse” (FEW 15/1, 267a, *brekan, 2 a α); oihalgintzarekin estu lotua dagoen ekintza hau kalamuarekin zein lihoarekin egin ohi zen; cf. bereziki bearn. bargà “teiller le lin; avec la bargue (maque)” (Palay s.v.), eta kat. bregar “batre una fibra vegetal” (DECat 2, 211a).
ehe (~1557: OihAtsot). ■ Ipar-ekialdeko hitza. Luzaiden eihe jaso izan da. ‘Bokata, lixiba’ da esanahi nagusia (OihAtsot Ioanetak… salda ehez, Belap eztaite batheia arrosa hurez, saldaz, ehez).
eheondo (‘lixiba’: Azk (zar., eondo); eiatondo Azk (gnaf., erronk.)).
► Amaierako -e atzeranzko osaeraz azal daiteke (cf. epai- → epe, nekatu → neke agian, etab.), nahiz eta kasu honetan ez dugun **ehatu-rik.
ehoki. ■ Etxeparegan aurkitzen da: ene arima eta bihotza iosi dira hareki, / haren irudi ederrori begietan ehoki.
► Lafonek egoki-ren aldaeratzat jo zuen, eta Azkuek, aldiz, eduki-ren paretsuko partizipiotzat; egokiago dirudi eho + -ki dela pentsatzea: bigarren osagaia “-ki gerundioa” izan liteke (cf. izaki, etab.), baina ez da baztertzekoa jatorri bereko baina partizipioetako -ki izatea (eduki edo ebaki-k duten berbera: *eho-n eta *eho-ki-ri buruz, ik. ehun2; zentzuaren aldetik, ‘irudia begietan ehoki da/zait’ litzateke; ustezko ehoki partizipio horren balio zehatza argitzeko dago, baina, nolanahi ere, ez legoke eragozpenik ‘ehundu, taxutu’ izan litekeela uste izateko).
eihera (1150: ColIrach [Erret Ihera Guiuelea]). ■ Erdi Aroaz geroztik aurkitzen diren leku-izenen ondoren, testuetan XVI. mendean hasten da erabiltzen (Zalgiz, OihAtsot; cf. Leiz, EtxZib, Ax, INabig errota). Testuetan, eihera-ren hurrena, eihara eta ihara dira erabilienak. Badirudi ekialdean gorde dela hobekienik (Leizarragak errota-ren Zuberoako baliokidetzat ematen du eihera; mendebalderago errota eta bolu maileguak gailentzen dira balio berarekin). Erdialdeko leku-izen eta deituretako zenbait formak (i(g)era, igara, eiara) hitzaren antzinako hedadura zabalagoaren berri ematen digute; ik. Erdi Arokoak.
Hiztegigile batzuen arabera (Duv, Azk, Larrasket…), urdailaz eta bihotz pilpiradunaz ere esaten da.
□ Erdi Aroko lekukotasunen artean ugarienak ekialdekoak dira: cf., besteak beste, laureiereta (SeoPamp 1174) Nafarroan, Eyhera Zaharra (OnomNord 1267) Lapurdin,[1] Aner d’eyheramendy (OnomNord 1327) Zuberoan eta Eyerartea (CenBNav ~1350) Nafarroa Beherean. Gipuzkoan ere hitzaren lekukoak aurki daitezke: cf. Johan Martin de Hiherateguy (ArchTolI 1349), Johan Martinez d’Ihierategui (PrebSS 1379), Iohan Peres de Yerategui (ArchDebaI 1390) etab. Bizkaian eta Araban, ordea, ez dugu adibide garbi bakar bat ere aurkitu —zalantzazkoa da Ereihehi (SMillán 871)—: esanguratsua izan liteke mendebaldeko datu hau, hain zuzen ere mendebaldekoa baita bolu mailegua, errota ia orokorrarekin batera eihera jatorrizkoaren tokia hartu zuena.
eihera-errota (‘eihera-harri’: Azk (zub.)), eihera-harri (Harrt, Larg; cf. ehotarri), eiheramen (‘eiheran ehotzekoa’: Artxu, GureH 1929), eiherazain (Artxu, Laphitz; eiherazaintsa Harr, Larrasket; jat. errom. -sa atzizkiarekin). Cf. haize-eihera, paper-eihera, ur-eihera…
► Hitza eho ‘xehatu, irindu’ aditzaren eratorria da, eta -era atzizkia duela esan izan da (Uhlenbeck 1932: 1, Mitxelena 19733: 100), baina ez dago argi atzizkiaren funtzioa zein den: aditzei lotzen zaiela aipatzen du Azkuek (Morf §12, §118, §153; cf. egoera, sarrera, igoera, etab.), eta badirudi, izatekotan, mota honetakoa behar duela eihera-koak ere; horrenbestez, pentsatzekoa da ‘ehotzeko ekintza’ adieraztetik ‘ehotzeko toki’ adieraztera igaro zela, besterik gabe.
Orobat ez dago argi, jatorrizko *eho-era batetik abiatuta, zein liratekeen eihera formara bitarteko urratsen xehetasunak (cf. igo + -era > igoera osaeraren gardentasuna eta modernotasuna). Hasperenaren aurreko -i- bokalerdia azaltzeko, cf. leihor, saihets, zeihar < lehor, sahets, zehar; aipagarria da, hala ere, bere antzinatasuna eta orokortasuna, -i- gabekoa baita haren jatorri den eho aditzaren aldaera zaharra; ik. eho.
Jatorrizko eihera formatik azaldu behar dira eihara, ihara, igara, etab., bigarren silabako bokalaren asimilazioaren (e-a > a-a) bitartez, hastapeneko diptongoaren soiltze eta bokalarteko belarraren gehiketaz.
! ile (ule ~1496: RS <h->; ile ~1527: Zalgiz). ■ Hitz orokorra (ik. halere bilo). Aldaerak dira il(l)(h)e (arab., gip., gnaf., bazt., lap., bnaf., zar., erronk., zub.), ule (arab., bizk.), ulle (bizk.; Mikol), ula (OñatEsk) eta e(i)lle (gnaf., aezk.). Zub. eta bnaf. hasperena (-lh-) dago. Pertsonarenaz nahiz animalia batzuenaz esana aurkitzen da, besteak beste (RS ule luzea ta zenzun txaburra, Zalgiz ardia ahuntzari ile eske, Leiz eskarlatan tintatu ilerekin, Ax buruan ille duzun baiño bekhatu gehiago).
● ilai EtxZib (lurrera erortzen orraztatu illaia); jatorri erromantzeko -aje egon daiteke atzizkiaren oinarrian, cf. ilaje; bestela, ilain-en aldaera izan liteke, besterik gabe, cf. zugai.
● ilain “cabellera” Azk (lap.); ila- + gain? Cf. uhain; zub. ílhañ azaltzeko ilhe + -añ dakar Larrasketek (s.v.), baina -añ atzizkia ez dago oso dokumentatua, Mitxelenak nabarmendu bezala (1956a: 317).
● ile-barban “bozo” Gorosurreta/Azk (bazt., lap.); jatorri erromantzekoa da barban, baina hizk. horietan ez dugu aurkitu -n duen formarik (FEW 1, 243b-247b, barba).
● ilede “cabellera”Azk (Harand-engandik jaso duela dio); badirudi iledi-ren aldaera dela, iledia mugatutik berranalizatua, edo, agian hobeto, ile + hede.
● iledi “pelamesa, mucho pelo” Larm; -di atzizkiaren erabilera ez tradiziozkorako, ik. anaidi.
● ile-malta “madeja de lana” illamalta Azk (erronk.); “nubarrones lluviosos” Azk (erronk.); cf. erronk. malta ‘pila’, gazt. mata ‘lahar’-etik agian, nahiz ez dagoen argi nola sortu den -l-; irudizko erabileraz ‘euri-laino’, artilearen itxura hartuta hodeiei.
● ile-mamo “madeja de lana” Azk (zar.); “nubarrones lluviosos” Azk (zar.); ez dago argi zein hitz den bigarren osagaiko mamo.
● ile-munjaro “couverture de laine” i.-mundjaro Lhande (zub.); mailegua dirudi bigarren parteak, baina ez dugu haren jatorri zehatzik aurkitu, cf. munjau, munjera, munjarro aldaerak.
gezur-ile (“peluca, pelo postizo” guzurrule Azk (bizk.)), ilagende (“ganado vacuno de cerda, cabrío, caballar” Bonap/Azk (zar.; ilagente erronk.); ilhekente Azk (bnaf.)), ilagin (‘artilea lantzen duena’: ilhagin Oih), ilaje (ulaje, uleje Izag (bizk.); ik. ilai), ilari (‘ile-hari’: Land), ilas (‘buru-hutsean’: ilhas Artxu; cf. buruhas), ilasi (‘ile-tiraka borrokatu’: ilhasi Azk/Lhande (zub.)), ilazi (‘artilea kardatu’: OihAtsot), ilauts (‘ilearentzako hauts’: ilhauts Birjin), ilea hazteko (‘zain, tendoi’ illea azitzeko Goik (gip.); ulia azteko TEtxeb (bizk.); azalpen hau ematen du Goikoetxeak “tendón cervical. Se le atribuye dicha propiedad”), ile-adar (“trenza de pelo” ule- Azk (bizk.)), ilea egin (“halagar, adular” ulea e. Azk (bizk.); cf. ilea leundu), ile-alde (Laphitz [eztiki jokhatzen zitzaion, larderia gaxtorik gabe, ile alde ahal bezenbat]; ile-aldera Duv [gizona (hartarik zerbait atheratzekotz) ile aldera ferekatu behar dela]), ilea leundu (“halagar o adular a alguien” Azk (gip., gnaf.; ulea bizk.); cf. ilea egin), ilean igurtzi (“halagar, adular” ulean i. Azk (bizk.)), ile-apaintzaile (Urte), ile-arre (“la oveja de lana gris” ule- Izag (bizk.)), ile berri (“laine menue qui pousse sous la laine longue et plus grossière” ilaberri Harr; cf. ilepe), ileberritu (Azk (lap.)), ile-biko (“la (lana) que se esquila en otoño” Izag (bizk.)), ile-bizar (“bozo” Azk (erronk.)), iledun (‘ilea duena’: Urte; ‘artile-erosle’: uledun Izag (bizk.)), ile-ebakitze (Ubill [ille-bakitzea edo ordendu behar duanari buruan egiten zaion koroa]), ile-edertu (BMogel), ile-erara (“a pelo” Azk (gip.; ule-e. bizk.)), ile-erortze (“alopecia” illerortze Urte), ile-ertz (“raya que se hace con el peine en la cabeza” ulertz Azk/Izag (bizk.; + uleertz)), ilegabe (Ax [motz, soil, garbal, karsoil eta ille gabe]), ilegabetasun (Urte), ilegabetu (Urte), ile-gauza (Izt [bi motxaldietan amairu arroba ille gauza gitxi gora bera kenduko ere diozka]), ile-gorri (“pelirubio” Larm), ile-gurutze (“remolino de pelo” Aspiroz (gnaf.)), ile-hari (“laine filée” Duv; cf. ilari), ile-harilko (“ovillo de lana” ille-ailliko Azk (zar., erronk.)), ile-hori (FedProp 1906), ile-igurtzi (BMogel [txakurtxoari egiten ziozkan palagu ta ille igortziak]), ile-ilean (“cabalmente” ulle-ullean Añib (bizk.)), ile-izar (Duv [idiek eta behiek badute… buztanaren azpiko-aldean ile-izarra deitzen den seinale bat]), ile-izpi (“brin de poil” Pouv), ile izur (ille ixur Urte), ile-izurtzaile (ille ixurtzaille Urte), ile joan (‘soilune’ ulefuan Izag (bizk.)), ile-kapa (ulekapa Izag (bizk.)), ileketa (‘ile eske’: Arbelb), ileki (“cincinalis” (landarea) Urte; ‘artilezko gauza’: Duv), ile-kontra (Larm), ile-kopet (ule- ArreseB), ile-korda (Azk (bazt.)), ile latz (‘iztupa’: Harand [illelatzezko athorrak]), ile-leun (“peliblando” uleleun Larm; “animales domésticos bien criados” ule-legun TEtxeb (bizk.)), ile-luma (“duvet” Hbarren), ile-ments (Artxu), ile-mordoxka (“trenza de pelo” ule-mordoxka Azk (bizk.)), ile-motots (“trenza de pelo” Azk (gnaf.)), ile-mozkin (“barbier” Pouv), ile-mozte (TxAgir), ile-murri (“calvo” Azk (gip.)), ile-ondo (Mburu [ikaraz arrotzen ziran haren buruko ille-ondoak]), ilenabartu (‘ilea erdi-urdindu’: ulenabartu Izag (bizk.)), ile oratu (“pelo postizo” ule o. Azk (bizk.)), ile-orratz (Barbier), ilepe (“laine menue qui pousse sous la laine longue et plus grossière” Harr; cf. ileberri), ile-pitz (“bozo” Azk/Lhande (bnaf.)), ile-plantxa (“couverture de laine” ilhe- Lhande/Larrasket (zub.)), ilera (‘gustura’: Azk (bizk.: neure ulera nagonean)), ile-sapa (‘txima’: ule- Azk/Holmer (bizk.)), ileski (“cuerda o conta para el pelo” uleski Arak), ile-tira (Añib [bizar ta buruko ulle-tiriak]), ile-tiraka (adond. Mogel [negarrez, ille tiraka]; iz. Mogel [orduban dira negarrak… orduban ule tirakak]), ile-tirakada (EAzk), ile-trentza (ule trenza Mogel), iletsu (ulatsu Land), ile-txima (u.-txima TEtxeb (bizk.)), ile-txirikorda (Azk (gip.)), ile-txorro (“cañón de pelo” ule txorru Azk (bizk.)), ile-txorta (ule-tx. Azk (bizk.)), ile-hutsean (‘buru hutsean’: Arana), ilez (‘a gusto’ ulez Azk (bizk.)), ilezale (‘lanero’ Larm), ile-zama (“toison” Artxu), ile-zamar (“chevelures épaisses, incultes” Harr), ilez erara (“a pelo” ulez erara Azk (bizk.)), ilezko (Voltoire), ilez kontra (ulez kontra Azk (bizk.)), ile-zuritu (Hbarren). Cf. artile, betile.
► Aldaera guztiak azal ditzake *eule protoformak, eutzi-tik azaltzen diren bezala utzi, etzi, itzi, eitzi ‘laga’ aldaerak (< *edutzi), edo *eurten-etik azaldu ditugun bezala irten, urten, erten aldaerak (< *egorten). Protoforma horretan, -le atzizkia bereiz daiteke, eta, *eu-le zatituta, lehen partean eho ‘ehundu’ (< *ehon < *enon) aditza dagoela proposa daiteke; bokalismoari dagokionez, gogoratu beharra da *enon > ehun proposatua dugula (ik. goian), hain zuzen bokala bi sudurkariren artean geratzen zelako. Egile atzizkia izan ohi da -le (edale, emaile, egile, etab.), baina hemen beste balio bat behar du izan, hitzaren esanahi etimologikoa ezin baita izan ‘ehotzen duena’ (cf. ehaile eta ehule); ‘ehotzeko erabiltzen dena’ moduko esanahi etimologikoa bilatzen baitugu, beste balioren bat beharko zuen -le honek, eta, egiletasunaz bestelako balioetarako, cf. agian bele. Bokalarteko -l- > -r- ez gertatua (hots, ehule > **eure) errazago ulertzen da *eũle > *eunle > *eule moduko bilakaera batetik, zeinetan -nl- taldea dugun (ik. bele).
Mitxelenak nabarmentzen du ez dela VlV > VrV gertatu (FHV 320), eta honek jatorrizko kontsonante bortitz batean pentsarazten du; ohar bedi, dena den, gure hipotesian atzizkiaren parte dela albokaria, eta morfema muga egoteak azaldu dezakeela hori. Bestalde, ilhe-ren gisako aldaeretan, albokariaren ondotik sortua izan daiteke hasperena (cf. sorho, solhas, Mitxelena 1951a: 548, 1957b: 144, 48. oh.), baina ez da baztertu behar ehule-ren hasperen lekualdatua izatea, *ehuLe > *heule > *eulhe > *eule / *eilhe > ilhe/elle.
Aldaeretan, elle-tik azaltzen du Mitxelenak aezk. eile, despalatalizazioz (FHV 70, 196, 200); nolanahi ere, elle aldaerak *eile jatorrizko bat eskatzen du, diptongoaren *eule > *eile bilakaerarekin azaltzen dena. Baliteke ulle-ren sabaikaria ille-ren eraginarengatik azaldu behar izatea; ula-ren bokalerako, cf. labe/laba, lore/lora (FHV 128).
♦ irin (urun 1484: DecrVit [renta del Urudiru]; irun 1484: DecrVit [Yrundiru]; irin ~1557: OihAtsot). ■ Hitz orokorra. Aldaerak dira irin (arab., bizk., gip., gnaf., lap., bnaf., aezk., zar., erronk., zub.), in (zub.) eta urun (arab., bizk.). Land-ek irin eta urun dakartza.
Esanahi ohikoaz gainera (RS hurunik eztan etsea, ezin lizate asea, OihAtsot amak irin balu, opil balaidi, Leiz (altxagarria) hirur neurri irinen barnean gorde ukhan baitu, Isasti gure zaiok iriñ eske), baditu honako hauek ere: ‘apaintzeko hauts’ (Pouv; Barbier (neskatxak) beren irin eta mirailak eskuan), ‘lore hauts’ (Iturr lorearen gañean dagoan iriña), ‘zerrauts’ (Harr), ‘larru azalean egiten den hautsa’ (Harr), ‘fruituen azaleko hautsa’ (Harr).
□ Lehen lekukotasuneko Urudiru Gasteiz inguruetako zerga baten izena da, eta urundiru zuzendu behar da: forma honetan ageri da etengabe (1507tik aurrera), irundiru aldaerarekin batera. XV. mendetik XVIII. mendera arterainoko adibideen zerrenda luzerako, ik. Martín Latorre (1997: 350-355); urrundiru, dirundiru eta oro-diru aldaera desitxuratuak ere jasotzen dira. Zergaren izenaren nondik norakoa azaltzen du Díaz de Duranak (1998), 1513ko epai bateko testu zatiak gogora ekarrita: “vocablo de urundiru que queryan desir dinero de harina”, “…que la palabra urundiru es vascuençe e que en castellano quiere dezir dinero de arina porque urun quiere dezir arina e diru quiere dezir dinero e que todo junto quiere dezir dinero de arina e que lo sabe porque este testigo es vascongado e sabe tambien romançe castellano e porque asy es publico e notorio entre vascongados…”. Behartuak ziren laborariak irina Gasteizera pisatzera eramatera, eta horren ordezko gisa sortu zen zerga: “los labradores eran obligados a llevar la harina a pesar a la dicha çibdad de Bitoria […] e que por que los dichos labradores non quisieran yr a pesar la dicha harina que por este respeto les avian puesto e hechado la dicha imposiçion e tributo”.
Beste aukera zenbait ere aztertu izan dira zergaren izenaren esanahia argitzeko, hala nola ‘udal-zerga’, pentsatuz hiri-ren aldaera zela irun (Apraiz 1929),[2] eta horri eusten dio Arestik (Otazu 1974: 248, 4. oh.), irun, hiru eta irin hitzen aukerak baztertuta.
● irinbonba ‘gariz ereina’: Const; metonimiaz dugu hemen irin ‘gari’, ik. orobatsu ogi ‘gari’; bigarren osagairako, bearn. embobe ‘erein, ereite lanak egin’ aipatzen du Lhandek (s.v. irinbonba), eta badirudi lehen silabakoaren oihartzunez sorturiko sudurkari batean pentsatu behar dela, *embomba edo, -bonba azaltzeko.
● irin-onedeki “soma, harina segunda” -onideki Larm; ‘kalitate apaleko irin’, onena kendua duena.
irin-aska (Harr; urun- Izag (bizk.)), irin-bahe (-bai Izag (gip.)), irin bereko (‘antzeko’: Mirande), irinbonbatu (“emblaver” Lhande (zub.)), irindatu (‘hautseztatu’: Harrt), irindegi (irintegi Larm, Azk (zub.); irindegi Duv; uruntegi Añib (bizk.); irintei Salab; irindei CEEN/Izeta/Garate (bazt., aezk.)), irindu (‘xehatu, eho’: Arak (gip.), AgirAst; ‘irineztatu, hautseztatu’: Arak (gip.), TxAgir [illeak beltzitzen, arpegiak irintzen]; ‘apurtu’: urundu JJMogel; ‘lirindu’: JEtxep [oraino irintzeko dagon edozoin udare pherderi]), irindun (EAEL (lap.)), irineralki (“varillas de cerner” Larm, Añ, Azk (gip.); urun-eralgi Añ, Azk (bizk.); irinalki Azk (gip.)), irin-errauts (Azk (bnaf., zar., erronk.)), irineztatu (Larm, Duv, Azk (lap.)), iringela (Larm, Azk (gip.); urungela Azk (bizk.)), iringile (Izt [lau errota iringille]), irin-hondaki (-ondoki Larm), irinkara (‘irin antzeko’: Duv), irinkari (“porteur de farine” Hbarren), irinki (JEtxep [esneaz bertzalde irinki zerbait har dezake]), irin-kondar (“soma, harina segunda” Larm, Añib (gip.); urun- Añib (bizk.)), irin larri (Urte), irin-lili (Intxpe), irin-lore (-flore Leiz; -lore Harand), irin-hondar (Añib), irin-pasatzeko (‘irineralki’: Hbarren), irin-tornu (CEEN 1970 (aezk.)), irintsu (Duv, Harr, Larrasket/EAEL (gnaf., bnaf., zub.)), irintto (Duv), irintxa (“(fruta) manida, pasada de madura” Azk (bnaf.)), irintxatu (Azk (bnaf.)), irin-xelo (‘irina ateratzen den hodia’: inxelúa Giese (zub.)), irin-zaku (urun- Mogel), irin-zapi (“cernedero” Larm), irin-zorro (urun- Mogel). Ik. arto-irin, betirin, erresirin, ertirin, garagar-irin, gari-irin, olo-irin, zuhirin…
► Irin eta urun aldaera nagusiak azaltzeko, eu- duen protoforma batetik abiatzea da aukerarik behinena (cf. ile/ule, irten/urten, etab.). Ehun-en forma arazle batetik abia gintezke, cf. *eranon (ik. ero1); *eurun-era iristeko, *eranon > *eranun > *enarun > *eharun > *ehurun > *eurun moduko bilakaera bat proposa liteke, edo, agian, *eranoni partizipiodunetik abia gintezke (> … > *euruin), bokalismoa hobeki azaltzeko (cf. zahi, partizipioa berau ere). Lehen urratserako, -non > -nun, cf. ehun; metatesia gertatu da bigarren urratsean; hirugarrenean bokalarteko sudurkariak hasperena eman du, gerora batere aztarnarik utzi gabe (beharbada, elkartuetan maiz agertzen delako, cf. betirin, arto-irin, galirin, etab.); bokalen asimilazioz dugu *eurun. Forma honetatik, *eirun > irun > irin bilakaerarekin azaltzen da irin, bokalen asimilazioz, eta diptongoaren bakuntzez urun. Mitxelenak ere, xehetasunik argitu gabe, silaba batetik edo bestetik abiaturiko asimilazioa proposatzen du aldaerak azaltzeko (FHV 80-81); horrela *urin edo *irun formalizatzen du Traskek (s.v. irin). Alabaina, guk ere *irun-etik asimilazioz irin azaltzen badugu ere, ez dugu asimilazioa ikusten urun aldaerarako, diptongoaren bakuntzea baizik.
Esanahiaren aldetik, ehun-ekin lotu dugun eho eta haren ‘irindu’ adiera kontuan hartuta, ‘ehoarazia’ edo litzateke etimologikoki, eta hedaduraz hartu du beste adiera guztien oinarrian dagoen ‘hauts’.
Ez da onargarria jatorri lat.-erromantzea proposatzen duen hipotesia, lat. farina-tik (bibliografiarako, ik. AgudTov s.v. irin): ez ditu euskal aldaerak azaltzen, mailegu zinez zaharra balitz **baria edo espero zitekeen, -a itsatsiaren aztarnaren bat izan beharko genuke, mailegu modernoagoa balitz agian aldaera hasperendunen bat espero zitekeen (*barina > *ariha > **haria edo, cf. harea), etab. (ik. FHV, ibid.).
birrin (~1800: Mogel (birrindu)). ■ Erdi-mendebaldeko hitza (bizk., gip.). Aldaerak dira birrin (bizk.) eta mirrin (bizk., gip.). Esanahiak dira ‘zahi’ (Azk/TEtxeb), ‘irin xehe’ (SMartin (bizk.)), ‘ogi-apur’ (Azk (bizk., gip.) mirrin; EuskEsn 1928 ogi birrin bat egiten eban lurrera) eta ‘xehatutako gauza’ (Olab (txekor errea) birrin biurtzeraño txetu, Elexp (bizk.) arta-birriñ puxkat, baba-birriña).
birrintsu (Azk (bizk.)).
► Osaeraz, bir- + *eurun. Azkuek bir- + irin proposatzen du (s.v.; “reharina, segunda harina” itzultzen du), eta bat egiten du azalpen honekin Mitxelenak (1966c: 136, 1967c: 607). Alabaina, egokiagoa da irin-en aitzinformatik abiatzea, aintzat harturik birrin dagoela urun erabiltzen duten hizkeretan ere; hots, ez dugu **birrun (< bir- + urun), eta hizkera horietarako ezinbestean behar dugu *birreurun > *birreirun > *birrirun > *birririn > birrin moduko bilakaeraren bat, *eurun > urun bilakaeraren ondoan.
Esanahiari dagokionez, ‘berriro irindutako’ esanahi etimologikoa ongi lot daiteke ‘zahi’-rekin, eta erabat egokia da ‘irin xehe’-rako. Euskararen barreneko paralelo egokia da birzahi ‘zahi mota, arrunta baino finagoa’, osaeraz bir- + zahi; cf. orobatsu bi(r)belar. Inguruko erromantzeetan, cf. kat. segó ‘zahi’, etimologikoki ‘bigarren’ (DECat 7, 749a-751a, seguir), orobatsu asturierazko segondu ‘zahi’, ‘irin’ (DGLA s.v.) eta, re- aurrizkiarekin, cf. Ribagorzako Benáseko rebrenillo (breno-ren txikigarria, ik. behean), kat. recernut, etab.
Jatorri arrotzekoa dela proposatu izan da: gazt. bren ‘zahi’ aipatzen dute Corominasek eta Pascualek (DCECH 1, 659b);[3] cf. orobat kat. breny, bren eta port. zah. bren. Gure ustez, zerikusirik ez duten bi erro ezberdin dira. Erromantze iberiarretako hitzak hizk. galo-erromantzeetan du jatorria, eta jatorri okzitaniar horren aldeko argudioak biltzen ditu Wartburgek (FEW 1, 516ab, *brenno-); azken buruan hitz zelta ote den eztabaidatu izan da. Frantziako lat. arruntean brinna forma agertzen da, IX. mendean, eta badirudi halako forma batetik eratorri nahi dutela Corominasek eta Pascualek euskal hitza. Nolanahi ere, euskal hitza antzinatean galieratik edo hartua izan balitz, biri- moduko anaptixia esperoko genukeen, dardarkari ahularekin (Mitxelena 1967c: 607), eta, bestela ere, berantiarragoa balitz ere, ez du maileguaren hipotesiaren alde egiten erdi-mendebaldekoa izateak.
birrindu (~1800: Mogel). ■ Erdi-mendebaldeko hitza; batez ere bizk. erabilia. Aldaerak dira birrindu (bizk.), birribindu (bizk.) eta mirrindu (bizk., gip.). Esanahia da ‘xehatu, apurtu’ (Añib (mana) usteldu, urdindu, birrindu ta arrez betetan zan, Astar ejerzituba zatitu, birrindu eta gitxiturik); Arana Goirik ‘bitan zatitu’ adiera ematen dio, eta Azkuek ‘xeheki aztertu’ esanahiarekin ere aipatzen du (mirrindu, euskalki-markarik gabe).
birrin-birrin egin (TxAgir).
► Badirudi lehen silabaren errepikapen adierazkorren bat dugula birribindu aldaeran. Bestalde, uste etimologiko ustela dagoke Arana Goirik dakarren ‘bitan zatitu’ adieran: hitzean bi ‘2’ dagoela pentsatu zukeen.
birringatu. ■ Kkiñok dakar, ‘birrindu’ esanahiarekin ((ontzia) karrakada andi bat eginda birringatzen asi zala).
► Baliteke -katu egotea (< -ka + -tu), besterik gabe, herskariaren ahostuntzearekin; ahostuntze horretarako, cf. zurrunga, laurdengatu, gaingatu, etab., bizkaieraren eremutik kanpokoak baldin badira ere.
♦ ehun1 (eun ~1496: RS; ehun ~1527: Zalgiz; cf. bosteun ~1468: ErrodZar). ■ (Zenbakia.) Hitz orokorra. Erronkariko forma ein da. Hasperenik ez dagoen eremu askotan (gehienetan?) ere bisilabaduna da (e.un). Oihenartengan izenaren ondoren agertzen da batzuetan (urthe ehunez gudukan); bat ondotik duela ere bai (ahaide ehun bat).
□ Erdi Aroan, Muruzabalgo Eunate elizaren izena ez da forma horrekin dokumentatzen: cf. Onat (SJuan 1219), Petri Xemeni d’Unat (LibRub 1315), villa de Unat (LibOliv 1349), pieça de Onat (MonTudI 1353), besteren artean; horrek zaildu egiten du hitzaren adibidetzat hartzea. Oin + ate osaera baztertzen du Jimeno Juríok (1995: 88-90), <ñ> duten aldaerak berriak direla argudiatuta; nahiago du On pertsona-izena ikusi lehen osagai gisa, Onaren atea edo. Autore honek dioenez, Iturralde y Suit izan zen lehena ‘ehun ate’ esanahia eman ziona elizaren izenari, eta hortik sortua dateke nahasmendua.[4] Bestalde, Miguel Euna (PobNav 1330) hitzaren adibidetzat du Orpustanek (1999: 188); ik. ehun2.
● ehuna ‘ehunka, ehunazka’: Leiz; ‘ehun bana’: Bonap (gnaf.), Lizardi; ehun + -na.
● ehunen neol.; ‘xentimo’: Ezale 1897; osaeraz, genitibo mugagabearekin.
● ehun-hosto landarea: Althabe; cf. fr. rosier cent-feuilles.
ehunazka (Harand), ehun bana (Larm, Bonap (gnaf.)), ehundaka (‘ehunka’: ArreseB; -taka-rekin, cf. hogeitaka), ehuneko (Pouv [ehuneko hamar], Volt [ehuneko laurden bat]), ehunerleko (‘100 errealeko’: ArreseB), ehunetan (‘ehun bider’: Leiz), ehungarren (Pouv, Urte), ehunka (Pouv, Larm; ‘ehunazka’: Duv), ehunkada (‘mende’: Izt), ehunki (‘mende’: Larm, Bilintx), ehunkida (‘mende’: Iztueta), ehuntari (‘zenturioi’: Larm, Mogel; Larramendik sortutakoa), ehuntze (‘mende’: Egiat), ehunzango (Duv; cf. Larm eunsankar). Cf. alehun, berrehun, hamaika ehun, hamar ehun, hirurehun…
► Eho ‘birrindu’, ‘ehundu’, ehun ‘oihal’ eta bestez osaturiko hitz familiarekin lotu behar da; ik. eho eta ehun2, osaerazko xehetasun morfologiko eta fonetikoetarako.
Eho ‘xehatu, irindu’-rekin lotuz, Vinsonek (1908: 797) dio “ehun «cent» serait apparenté à eho «moudre» et serait par conséquent «poussière, nombre infini»”; hizk. dravidiarretako nūṟu hitzak ‘hauts egin, xehatu’ eta ‘100’ adierak dituela gogorarazten du halaber (Vinson 1867: 87; ik. BurrEmen s.v., 3728-3729). Hipotesi honen barrenean, proposa daiteke eho-ren ‘xehatu, irindu’ eta ‘ehundu’ adiera nagusien araberako zatiketa lexikoa gertatu dela: ‘xehatu, irindu’ adieraren ondorengoa da ehun ‘100’, eta ‘ehundu’-rekin lotzen da ehun ‘oihal’. Badirudi goian aipatutako Oihenarten adibideek iradoki lezaketela hitza inoiz beste kategoriaren batekoa izan zela, zenbatzaile bihurtu baino lehen.
Zabala-Aranaren arabera (1928: 589),[5] ordea, “euna edo oyala […] eun lako zenbaki aundia ikurtzeko egokia zan, ari askoz eginda dagolako”, ehun ‘oihal’-ekin lotuz. Gogora ekar liteke, oihalaren eta askotasunaren arteko loturaren adierazgarri gisa, gazt. manta ‘tapaki, burusi’, zeinak ‘mordo, asko’ esanahia ere hartu duen.
Bigarren hipotesi honi dagokionez, aintzat hartzekoa da zub. éhün ‘100’-ek ez duela ẽ́hün ‘oihal’-ek duen e- sudurkaririk (baina eho-k ere ez); era berean, erronk. ein dugu, silaba bakartzearen ondorio (FHV 98); baliteke berrehun edo bostehun modukoetan hitzak duen erabileraren ondorio izatea zub. eta erronk. aldaeren bi ezaugarri hauek (e- sudurkaria ez izatea, eta silaba bakarrekoa izatea, hurrenez hurren).
Hipotesi batean zein bestean, badirudi askotasun zehaztugabe bat adieraziko zuela hitzak zenbatzaile zehaztua izan baino lehen.
Tradizio luzea izan du, bestalde, maileguaren hipotesiak (ik. AgudTov s.v. eun1), jatorri germanikoaren[6] aldekoak bereziki: got. ain hund proposatzen du Uhlenbeckek (1894: 399), tarteko *en-hun formarekin (e ireki eta luze moduan ahoskatzen zen <ai>); ehun formarako bidea azaltzeko, e- bokala sudurkarituta galduko zen lehen osagaiko -n- sudurkaria, bere iritziz. Hipotesi honek arazoak ditu:[7] ez dago euskaraz -nh- > -h- bilakaeraren paralelo garbirik (ik. orobatsu Schuchardt 1894: 533), eta, got. ains ‘1’ eta hund ‘100’ hitzak baldin badaude ere, ain hund sintagma ez dago dokumentatua, taíhun-tehund erabiltzen baita ‘100’ adierazteko (Kotin 2012: 171-172). Hizk. germanikoekin euskarak izaniko ustezko harremanak ere ez daude behar bezala frogatuak (Trask s.v.), eta bitxia litzateke, gainera, bakarrik euskarak mailegatzea hitz hori eta erromantzeek ez, herri hauek izandako kontaktuei begiratzen badiegu.
ehun2 (~1350: CenBNav [Ehuleche]). ■ Noizbait orokorra izana dela dirudi. Testuetan hego-mendebaldean ageri da gehienbat (jad. Land): ipar-ekialdean ehun Axular (ehaiten den ehuna eta oihala) eta J. Etxeparegan bakarrik aurkitzen da; ehule gehixeago agertzen da eta hobeki gorde dela dirudi (Etxahun, LuzErrem, FedProp…; ehun ez dakarten zenbait hiztegigilek, hala nola Artxuk edo Gèzek, badakarte ehule). Larrasketen arabera, ehün eta ehüle ezagunak ziren baina ez erabiliak.
□ Erdi Aroan, cf. heulondo (OnomNord 1396). Cf. beharbada Gideri Gideriz de Heulate (ColIrach 1066; ehule + ate, ziur asko), nahiz eta Mitxelenak (19733: 88) euli-rekin lotzen duen, zalantzarekin. Cf. orobat Miguel Euna (PobNav 1330), Orpustanek (1999: 188) ehun ‘100’-ekin lotzen badu ere.
● ehule Larm, JJMogel; eunle Arak, Mogel; ik. goian Ehuleche, eta Heulate, cf. eho-ren ehaile, itxuraz zaharragoa.
● ehundegi ehond- Pouv; eut- Larm; eunt- Mogel (arillak euntegira eruateko); ehund- Duv, Azk (bnaf.); Harr-ek beste inon ageri ez den eultegi (bizk., gip.) aipatzen du.
ehundu (Arak), ehun-estali (Añib [Jesu Kristori aurpegia estalduteko ifini eutsen eun-estali ta sorkia]), ehuneta (Mogel [jostia, eunetia, gorubetia]), ehunezko (Mogel [ez eunezko ez miesazko izararik]), ehungintza (Mogel [daki eungintzan]), ehun-oihal (TxAgir), ehun-subil (Uriarte), ehu(n)zale (‘ehule’: Land (euzale), Arak (eun-)), ehupazter (‘ehun-bazter’: Duv), ehute (‘ehun’: Larm (-ta), TxAgir [eute bigun ondo egiñakaz]). Cf. damasko-ehun, eliz-ehun, hil-ehun…
► Eho hitzarekin lotu behar da; cf. eho-ren ‘ehundu’ adiera. Partizipioa da sortzez, e- aurrizkiarekin (cf. egin, egon, etab.): cf. ehule, Land euzale; cf. orobat fr. tissu edo gazt. tejido moduko partizipioak. Hitzaren erroa *non bide da: erroaren jatorrizko n- sudurkariaren alde, cf. zub. ẽ́hün ‘oihal’ eta ẽhü͂́le-ren e- sudurkaria (Larrasket s.v.); Pouv ehondegi-n erroaren jatorrizko -o- gorde da, beharbada. Bestalde, ehun-en orokortasunari begira, pentsatu behar dugu orokorra izan zela -on > -un bilakaera ezaguna, hitz horretan bederen, garai historikoan hala ez bada ere (cf. zub. gizun; FHV 54-56); honen alde, cf. ume orokorra, onbe-tik datorrela onartuta. Zub. ehün azaltzeko, gainera, bilakaera hori aski zaharra dela pentsatu beharra dago (ez dago, adib., gizün-ik).
Kontuan hartuta eho-k ‘xehatu, irindu’ eta ‘ehundu’ adiera nagusiak dituela, eta ehun ‘100’ hitza ‘xehatu, irindu’-tik azal daitekeela onarturik, zatiketa lexiko baten aurrean gaudela proposa liteke: zenbakia eho-ren adiera nagusietako baten bidetik espezializatu da, eta ehun ‘oihal’ beste batetik, hots, ‘ehundu’ adieratik. Ik. ehun1.
AgudTov-ek (s.v. eun2) bizk. geun ‘armiarma sare’, ‘(begietako) gandu’ hitza ehun-ekin lotzen duen hipotesia dakar; esanahiaren aldetik ez legoke eragozpen handirik, baina, ezinezkoa izan gabe ere, zaila da hastapeneko g- azaltzea (gaun eta geu aldaerak ere baditu hitzak).
♦ ero1 (1406: ArchSalvatII [lugar que llaman Jaunaeraenla]; ik. behean). ■ Hitz orokorra izana. Arab.-bizk. (RS erioak erezan [< *era (z)ezan] Butroeko alabea Plenzian, Lazarg zu eraiteko / nik eztot poderiorik) eta ipar-ekialdean ageri da (Etxep ehor erho eztazala, Ax arima hiltzen eta erhaiten dutenak, Oih ez adil’ erhaiten ari). 1515 inguruko Azkoitiko poemako usatu eztet arma guiza erayten adibideak ere hitzaren inoizko orokortasunaren berri ematen digu (ik. behean naraçu). Badirudi hil iragankorrak ero zaharragoa ordezkatzen duela, baina ez eremu osoan (ez zub.; cf. halaber, iragankorrerako, Betol, VJ il egin); ik. hil2.
Iparraldean hasperena du bigarren silaban. XVIII. mendetik aurrera zuberotarrengan bakarrik ageri da. Dardarkaririk gabeko forma (eho) XIX. mendean aurkitzen da aurrenekoz. ‘Hil’ esanahiaz gainera, zubereraz bada ‘itzali’ ere (Belap erhaiten dira khanderak; Leizarragak iraungitea-ren Zuberoako baliokidetzat dakar erhaitia).
Trinko gisa ageri da Altsasuko gertaera batzuei buruzko XVI. mendeko agiri batean: NavIntel (1568) dollor çital lorrec yl bear çinduque eta daraguin guztioc. Jarraian azalpen hauek dakartza gaztelaniaz: “a este sentido de matémosle todos, se entiende en Burunda las dichas palabras daraguin gusçioc” eta “daraguin guztioc, al sentido que este testigo las ha declarado, matémosle todos”. Jusibo trinko horretaz gain, hil dezagun perifrasia ere ageri da (dollor çitalori çuc yl bear çinduque […] eta yl deçagun guiçiac), azalpenarekin, hau ere: “yl deçagun bada, que quieren decir en romance castellano, pues matémosle”.
Baliteke daragun zuzendu behar izatea Maiorak hirutan <daraguin> irakurritako hori: ohar bedi <guiçiac> ere badakarrela guziak islatzeko. Ik. jarraian toponimiako -eraena.
Badukegu trinkoaren beste adibiderik: 1515 inguruko testu aurkitu berri batean ere (Ros, Irijoa & Martin 2020) Çeure escuoz naraçu dugu, ‘zeure eskuoz hil nazazu’ interpretatu behar dena. Azkoitiko notario-protokolo bateko agiri batean aurkitu da testua.
□ Erdi Aroan, aipagarriak dira satznameak: lehen lekukotasuntzat jo dugunaren kide dirudi lugar llamado Jaunaeraena (ArchLegazp 1430), zeinetan ero ebena egon litekeen jatorrian, Salaberrik dioenez; gure ustez, egokiagoa da Salaberrik berak aztertzen duen beste aukera hobestea, eta -eraena honetan ere aditzaren forma trinko bat ikustea: batetik, Salaberriren lehendabiziko azalpenean onartu beharko litzatekeelako Legazpin eben esaten zela, ez gaurko zuen-en aitzindaria, eta, bestetik, baditugulako forma trinko gehiago dokumentatuta aditz honetan, hala nola RS, IbargC erak eta arestiko daragun. Cf. halaber lugar llamado Arçaherahena (ArchLegazp 1483), ‘hartza ero ebena’, nahiz eta, jarraian datorren urte bereko agirian, lugar llamado “donde morió el oso” dagoen gaztelaniaz; Salaberrik nabarmentzen du ero iragankorra dela, eta egokiagoa zatekeela “donde mataron el oso”. Ik. Ugarte (1995) eta Salaberri (2008: 736-737).
● eraiteka Leiz (etzitezen emenda bere giza-erhaiteketarik), Leiz-engan bakarrik, elkartu horretan; eraite + -ka; cf. hiltzeka, jauzteka, ik. nahasteka.
eraite (Intxpe [gizon-ehaite eta brigandaje izigarriak]), erogia (‘hiltegi’: Herria 1958 [kabale ehogia bat]). Cf. gizeraile.
► Eho-ren arazlea dela proposatu ohi da, eta, hartara, *e-ra-non berreraiki beharko litzateke (ik. eho).[8] Bide ezberdinak azter daitezke arazle artizkiaren -a-ren galera azaltzeko. Arazoak daude sinkopa proposatuta (*eranon > *eraho(n) > erho litzateke bilakaera): orokorra beharko luke sinkopak eta bokalarteko -n- > -h- bilakaera baino geroagokoa (Erdi Arokoa?), eta horrek, ero-ren orokortasuna aintzat harturik, zalantzan jar lezake bide hau. Nolanahi ere, ohartu behar da sinkopa hau ezin dela sinkopa fonetiko arruntekin erkatu, aditz zaharrekin baizik ez bailitzateke gertatuko; beraz, bilakabide honek ez luke zer ikusirik izango garai historikoko Nafarroako sinkopa fonetiko soilekin.
Aukera egokiagoa izan daiteke asimilazioz azaltzea: *eranon > *eraho(n) > *herao(n) > *heroo(n) > erho, hasperenaren lekualdatze bikoitzarekin, hirugarren silabatik hitz hastapenera (cf. harea < *areha) eta, geroago, lehenekotik ozen ondora (cf. ilhargi < hilargi).
Eho-rekin lotzen badugu, erroa *non izan behar dela dirudi. Mitxelena (1953f: 486) ero aditza *eran berreraikitzeko aukeraz mintzo da; RS-ko erezan du hipotesi horren abiapuntu, eta horren alde egon daitezke Erdi Aroko Jaunaeraena bezalakoak. Baina bokalismo horrekin erroa bestelakoa izan zela pentsatu beharko genuke, *lan edo, eta ez dugu horretarako zantzurik (Mitxelena 1961d: 15, 19. oh.). Horretaz gain, -o aski da, era- azaltzeko (cf. jo/jaiten). Azkuek eran bat aipatzen, erail-en jatorri aizunaz ari dela (ik. behean), baina guk dakigula gaizki ondorioztaturiko forma da hori ere.
Jo aditzaren arazle ere izan daitekeela aipatzen du Mitxelenak (FHV 213, 23. oh.), eho-ren hipotesiarekin batean, baina horrela ezin da hitzaren hasperena azaldu.
Zub. erho > eho bilakaerarentzat, cf. erhi/ehi, etab. (FHV 329). Zub. ‘itzali’ adierarentzat, cf. hil-en ‘itzali’ adiera.
Ero ‘zoro’-rekin lotua dagoela onarturik, hitzak izenondo moduan euskal eremu osoan iraun duela esan daiteke; ik. ero2.
ero2 (~1496: RS; erho ~1527: Zalgiz). ■ Hitz orokorra. Iparraldean hasperena du bigarren silaban; dardarkari bortitza (eskuarki -rrh-) XVII. mendetik aurrera agertzen da, gehienbat lap. testuetan; dardarkaririk gabeko forma (eho) ez da XX. mendera arte aurkitzen. Ipar-ekialdean ello forma sabaikaridun adierazkorra dago.
Izenondoa da funtsean (RS andra eder ta aberatsa, edo ero edo farata, Zalgiz gizon erhoa zeinuzain, Perutxo yaz zoegia ninzan / aurten erua, Etxep ni erhoa, zu iakintsu, Isasti zaietan zur eta iriñetan ero, Ax gogoeta erho… deus balio eztuten batzuetan); aditzondo moduan agertzen da Etxeparegan (erho botzen badakizu; erho iokhatuia date).
□ Aipagarria da Erdi Aroan goitizen moduan ez agertzea; cf. agian Joan Ero de Todorica, Eleizaldek dakarrena (1927: 632). Ezin dira hitzaren adibide segurutzat jo Ero Armentariç (ColAlfon 1110) eta Sanctum Christoforum de Ero (ColRioja 1170).
● erasun ik. jarraian. / erotasun Leiz (pensamendu gaixtoak… superbiá, erhotasuna); erasun forma dago RS-n (erasuna elikaturatzat arturik), Mikol (eratasun-ekin batera) eta Urtegan; eratasun Mikol eta Mburu-gan. Atzizkiaren -asun formarako, cf. ogasun, osasun.
eroaldi (Pouv, Munibe [zer apetek edo eroaldik eman didan]), erogarri (‘zoragarri’: Etxag [au da billatzen degun / leku erogarriya]), erogoa (Etxep [honestea berzerena erhogoa handi da]), erokeria (EtxZib [egin / tudan erhokeriak]; autore berak erhakeria), eroki (Etxep [erhoki konplazitu ene kontra etsaia]), erorik (Etxep [nihaur ere ebili niz anhitzetan erhorik]), eroska (MElizanb [izpiritu bero eta erhoska batzu]), erotu (Etxep [nola erhoturik narabilazu]; eratu jad. Land), erotzar (Urte, Harand). Cf. satero, erlero…
► Ero ‘hil’-ekin lotu ohi da (FHV 526), paralelo semantiko moduan gazt., kat., port. matar ‘hil’ aditza eta it. matto ‘ero, zoro’ izenondoa aipatuz, biak azken buruan lat. mattus[9] ‘mozkor, busti’, ‘ergel’ izenondoaren ondorengoak (FEW 6/1, 524b, 525b, mattus; DECat 5, 533a, matar);[10] ik. ero1.
Errho formaren dardarkari bortitzarentzat, cf. orhoit/orrhoit, etab. (FHV 329, 5. oh.); bestalde, aipagarria izan daiteke hitzaren eho aldaera XX. mendera arte dokumentatua ez egotea, eta, aldiz, ero ‘hil’-en eho aldaera XIX. mendekoa izatea. Ello formarentzat, cf. erronk. bello / jat. bero (Mitxelena 1954e: 148).
Zoro esanahikideaz, ik. han.[11]
! haragi (xii. m.: APicaud [carnem [uocant] aragui]). ■ Hitz orokorra. Hasierako hasperenarekin lap. eta bnaf. agertzen da, baina ez zub. Elkartu-eratorrietan oso zabaldua dago harat- forma.
Esanahia da ‘gorputzaren zati mamitsua’ (RS ezaun aragiak bere aragia, Materra zeren beztitu baitzen haragiz Birjina Mariaren sabelean), batzuetan pluralean erabilia (Ax halakoari… etzaitza hain fite… haragiak ethentzen eta ez minberatzen).
Janaritzat hartzen den ugaztunen edo hegaztien (ez arrainen) haragiaz ere esaten da (Lazarg ene aginok ezin jan leie / aragi errebagea); adiera honetan bizkaieraz gutxiago erabiltzen da (cf. okela).
Erlijiozko hizkuntzatik zabaldurik, gorputza (espirituari kontrajarria) adierazteko ere erabiltzen da (Etxep mundu hunek, haragiak, bethi enganatuia).
□ Erdi Aroan, harakin eratorriarenak dira adibide gehienak: cf. Dota Araquina, J. Araquina (RegOlitII 1244), Dota Araquina (RegOlitII 1264; Araqujna aldaera grafikoarekin), M. Iohan d’Araquina (RegOlitII 1264; cf. M. Iohan Araqujna aldaera), don pero miguel araquina (RegOlitI 1301); txikigarriarekin, cf. araquinchoa de ychalar (OnomVasc 7 1587). Litekeena da harategi eratorriaren adibide izatea Arategui (ArchAtaun 1404) leku-izena, cf. “paraje que llaman de la carniceria” (EuskValdI 1793).
● arakaitz ‘zaurietako haragi ustela’: Azk/Izag/Satr/Elexp (bizk., gip.; arakatx bizk.; arakeitz bnaf.; adakaitz gip; arekaitz bizk.); ‘adabegi’: Azk/Izag/Elexp (bizk., gip.); harat- + gaitz; bigarren adiera erabilera metaforikoz, haragiko zauria eta zuhaitzetakoa berdinduta. / arakaizto ‘arakaitz’: Azk (zub.); harat- + gaizto.
● arakun “encarnadura” Azk (bizk.; + arakuna); harat- + -kun, cf. begirakune, esakune, etab. (Morf §70).
● haragiki ‘jateko haragi’: Urte; cf. haraki EtxZib, beharbada hutsa; atzizki beraren bi alomorfoak ditugu hemen, ahostundun zaharra eta ahoskabedun berriagoa; agian ez da erabat baztertzekoa harat- + -ki egotea EtxZib haraki-n.
● harakai ‘haragitarako abere’: Leiz (ene zezenak eta harakei gizenduak); harat- + -gai.
● harakin arakin OihAtsot; harakindegi Arak (gnaf.); harakingo “profesión de carnicero” Azk (aezk.); harakintza OihAtsot (-tze) (ezt’ aragirik arakintzean); harat- + -gin; cf. Dota Araquina, J. Araquina (RegOlitII 1244).
● harategi Harrt; cf. agian Arategui (ArchAtaun 1404).
arakaiztu (‘arakaitza sortu’: Izag/Satr/Elexp (bizk., gip.; arakeiztu bnaf.)), arakondo (“nudo de árbol” Azk (bizk.) [< harat- + kondo]), aralika (“pringue” Larm), aratardi (“ovejas destinadas a la carnicería” Azk (gip.)), haragia eman (“llevar a cabo un acto carnal” aragia emon Azk (bizk.)), haragia hartu (Kapan [aen sabel santaan artu ebalako aragia]), haragi bizi (Oxobi [lepo gaina Gardianek / haragi bizi duela]), haragi bizi(t)an (‘gorputz eta arima’: LuzDot [Andredena Maria haragi bizian Zaragozarat ethorri zen orena]; ‘haragi gorrian’: Otxol [saietsaldiak aragi bizittan eukazana]), haragidun (Duv), haragi egin (“encarnar una herida” Larm; ‘haragia jan, meherik ez egin’: Baratz), haragi-epaile (BMogel; aratepalle Larm), haragiepaitu (‘zirkunzidatu’: Iturz), haragi-hezur (Mburu [(balak) urratzen diozka aragi-ezurrak]), haragi-gauza (Astar [kolazinoian ezin artu leite aragirik, ez aragi gauzarik]), haragigile (‘harakin’: haragi-egille Urte), haragigintza (Astar [aragigintza edo enkarnazinokua]), haragi gorrian (Izag (bizk.)), haragijale (Belap [(ostiralian) aragi ialek]), haragi-jende (‘haragi-gauza’: Lizarg [(debekatzen da) jatea aragi-genderik]), haragikari (“amateur de viande” a- Lhande (zub.)), haragikeria (Mburu [aragikeriak eta bekatuaren loitasun guziak]), haragiketa (‘haragi bila’: Barbier [badoa buxeriarat haragiketa]; bigarren osagaiarentzat, cf. gask. quetà ‘bilatu’), haragiko (Leiz [haragiko bekhatuén gorputzaz billuzirik]), haragikoi (“charnel” Harrt; “carnivore” aragikhoi Lhande (zub.)), haragikoitasun (Harand [haragikoitasun hagitz lizunetara]), haragikor (Harand), haragikortu (Ubill), haragi-mota (Iturr [abere mota asko… bikor mota eta aragi mota]), haragitasun (‘haragikeria’: Pouv; “carnositas” Urte), haragita(ra)ko (Inza [aragittako zezena bezala]), haragiti (‘haragikoi’: Añib), haragitoki (‘harategi’: Urte), haragitsu (‘gizen’: aratsu Oih; haragitsu Urte; ‘haragikoi’: Mogel), haragitu (Oih [elhe’ aragiturik]), haragituera (Iturz [ezarten jako Espiritu Santuari aragituerearen egitea]), haragitze (Ubill [Jainkoaren Semearen Aragitzea]), haragi-uzte (‘abstinentzia’: KIkGip [Ama Eliza Doneak agintzen duanetan aragi uzte ta barau egitea]; cf. aratuste), haragizale (‘haragikoi’: Pouv; ‘haragi-saltzaile’: Urte; ‘haragijale’: BMogel), haragizartze (Mogel [enkarnazinoekua edo aragizartzekua]), haragiz batu (Añib), haragiz bildu (Larm), haragizko (Leiz [ez harrizko tauletan, baina bihotzeko taula haragizkoetan]), haragizkotasun (‘haragikeria’: Pouv), haragiztatu (Belap [aragistatü izan dela birjinaren sabelian]), haragiztatze (aragistatze Belap), harakaitatu (‘haragitarako abereak hil’: harakeitatu Leiz), harategun (‘okela jan daitekeen eguna’: Arak (gip., gnaf.); aragi-egun Larm), haratustel (“carne maleada que brota de un miembro llagado” aragi-ustel Azk (zar., erronk.); aratustel Otxol). Cf. lau haragi.
► Osaeraz, hara-gi zatitu behar da, eta materiazko -gi ikusi izan da hitzean, gutxienez Charenceyz geroztik (AgudTov s.v. (h)aragi); besteren artean, cf. orobat Schuchardt (1913: 327). Lehen zatirako erho proposatuta, elkartuetako erha- alomorfotik, *erhagi > *arhagi > haragi bilakaera izango genuke, hasperenaren lekualdatzearekin azken urratsean.
Esanahiaren aldetik, badirudi janaritzat hartzen den haragia dagoela esanahi etimologikotik hurbilen, ulerturik jateko asmoz hiltzen dela animalia. Esanahiaren hedaduraz dugu ‘gorputzaren zati mamitsua’ adiera.
aratuste (aratizte 1562: Land; aratixte ~1580: Lazarg; aratuste 1745: Larm). ■ Mendebaldeko hitza (arab., bizk.). Aldaera nagusiak dira aratuste (bizk.), aratuzte (Larm), aratoste (bizk.) eta aratizte/-xte (Land, Lazarg, Izag AranOñ…). Esanahia ‘inauteri’ da (Lazarg nik diot egun dala aratixte).
aratuste-egun (Azk), aratuste ibili (‘mozorroturik ibili’: TEtxeb (bizk.)), aratuste-lore (“narciso” -lora Elexp (bizk.)), aratuste-manga (“tercer día de carnaval” Azk (bizk.)).
► Osaeraz, harat- + uzte/izte/ixte; aditz-izena da bigarren osagaia, utzi/itzi/itxi-rena. Gogoan hartzekoa da Azkueren ohar hau (s.v.): “Es curiosa la existencia de esta palabra donde no existen sus componentes, pues ni aragi (excepto en alguna localidad), ni utzi, uzte, se usan en V en el sentido expuesto. No sé dónde a punto fijo, pero sé que es fuera del territorio de V, he oído aratiste, que es más vizcaíno que aratuste”. Ohar bedi, dena den, bizk. aratuste hau arkaismoa izan daitekeela (cf. bizk. baltz vs elkartuetako -bel, arbel, gibel…), besterik gabe (eutzi > eitzi > etxi > itxi dateke aditzaren bilakaera, ik. han).
Eredu beraren arabera dira osatuak ‘inauteri’ esanahia duten hizkuntza erromantzeetako hainbat hitz, carne ‘haragi’ eta ‘kendu, utzi’ esanahiko aditzak elkartuta: cf. gazt. carnestolendas, kat. carnestoltes (lat. tollere ‘kendu’), it. carnelasciare, carnasciale (lat. laxare ‘utzi’), carnevale (< carne levare, non levare ‘kendu’ dagoen) eta cf. orobat lat. carniprivium (DCECH 1, 878a, carnaval). Corominasek eta Pascualek dioskutenez (DCECH 1, 877b), Garizumako barauaren hasiera dira inauteriak, eta horren arabera sortu ziren izen hauek guztiak.
♦ eraile (erallea (mug.) ~1496: RS; erhaile 1571: Leiz). ■ Hitz zabaldua, inoiz orokorra izana (bizk., gip., lap., bnaf., zub.). Aldaerak dira erhaile (lap., bnaf., zub.), era(i)l(l)e (bizk., gip.), era(i)lla (bizk.), erhale (StJulien), erale (Mogel), ehaile (bnaf., zub.) eta ehoile (zub.); Iztuetak behin edalle dakar (eralle-z gain).
‘Hiltzaile’ du esanahia (RS ire erallea il daie, Leiz zeinen tradizale eta erhaile orain zuek izan baitzarete, BertsBizk giza eralla andia, Kardab erallea bera enperadore egiten zan); ‘(bekatu) hilgarri’ adieran ere erabilia izan da (Uriarte pekatu eralla edo mortalian), baita ‘itzaltzaile’ adieran ere (Herria 1957 sü-deia mintzatü deneko… sü-ehailiak han ziren).
erailekeria (erallekeria Larm), erailetu (“assassinar” Larm). Cf. gizeraile, sein-eraile, seme-eraile, otso-eraile.
► Ero-ren egile-izena da, eman/emaile, egon/egoile eta halakoen modura sortua; ero-k baino erabilera zabalagoa du historikoki.
erail. ■ Berak bere hiztegian dakarren hitza (“erail (era-il), asesinar, matar”). XX. mendeko hegoaldeko autore batzuengan aurkitzen da, baita Miranderengan ere (Enbeita zeu erail nai zaitubenai, Irig gudu itsusian erailtzen zituzten); eraildu forma Enbeitak, Lauxetak eta Mirandek darabilte.
erailketa (EAEg [abere erailketak]), erailkor (BeraLzM), erailtza (BeraLzM), erailtzaile (Enbeita), erailtze (Zink).
► Eraile-tik aterea da erail aditza; erail + -le dela interpretatzen da eraile, eta erail hori hil-en ustezko arazletzat jotzen da. Jadanik Azkuek salatzen zuen hitzaren jatorri nolabaitekoa: “[l]os que creen que eraile ‘asesino’ viene de erail, que alguien se ha forjado, no saben lo que se traen entre manos. Su origen es eran ‘matar’. Si el verbo originario fuera erail, su derivado agente sería erailtzaile” (Morf §5). Azkuek aipatzen duen *eran horri buruz, ik. goian ero1-ren berreraiketaz.