Euskaltzainburuaren Aitzinsolasa - EHHE

 

Urte franko joanak dira Antonio Tovar eta Manuel Agud euskalariek Diccionario etimológico vasco delakoaren lehen emaitza argitaratu zutenetik. Izan ere, ez zen espero izatekoa osorik argitaratu gabe geratu zen aspaldiko ahalegin hura, alegia, euskararen etimologiak oinarri sendoetan sustraitu beharra, bere eskutik hartuko zuela Euskaltzaindiak, euskararen Akademiak, horretarako abiarazi baitzuen egitasmo berezia eta bereizia, euskararen etimologiei eta historiari ekarpen esanguratsua egin nahian.

Ez zituen, ez, orduko hartan, Tovar eta Agud bikoteak, egun ditugun baliabide eta molde irmoak. Ments ziren —eta gaur, aldiz, badira— corpus zabalak, hala nola Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Corpus Onomastikoa, Euskaltzaindiak urteetan garatu dituenak. Hutsuneak ere baziren orduko hartan, gaur egun abiadura bizian doan euskalarien doktrinaren aldetik, euskararen bilakaera historikoaren arloan.

Hortaz, Joseba Lakarra Andrinua euskaltzain osoak eta unibertsitateko irakasleak eta berak antolaturiko ikerketa taldeak erdietsi dute euskararen etimologia eta historia egoki estekatu eta argitara ekartzea. Hona, beraz, lehen saioa, Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa, edukiaren aldetik mugatua, baina geroko baterako hasiera dakarrena, ondoz ondo hedatzeko euskararen diakroniaren eremuan, gune erabakigarri hau.

Metodologiak, hitzen familiak, erroak eta, oro har, egileek Euskaltzaindiaren barnean egin duten lan kolektibo honi emandako ikuspegiak bermatzen du argitalpen honek dituen estandar nabarmenak. Begien bistakoa da euskararen etimologiak eztabaidatsuak izan direla eta badirela, are gehiago aintzat harturik hizkuntzak ahaide ezagunik ez duela. Horretan ere, argitalpen hau guztiz lagungarri izan daiteke osterantzeko osagaiak iritzien plazara ekartzeko.

Horixe du helburu Euskaltzaindiak ikerlan eta argitalpen honekin. Horretarako ondu zuen, aurrerago esan bezalaxe eta urte batzuk direla jada, halako egitasmoa, goi mailako ikerketa esparruan kokatzen dena. Izan bedi, beraz, honako hau, Euskaltzaindiaren proposamena, euskararentzat nahiz euskal gizartearentzat.

Bestelakoa dator orain, hots, lanaren edukian sakontzea eta zabalkuntzak egitea, beste hizkuntzetara ere eramatea eta, batik bat, teknologia berrien bidez eta digitalizazio garaian, dimentsio berria ematea egindakoari, Euskaltzaindiak berak dituen gainontzeko baliabideekin lotzeko. Horra, besteak beste, Euskaltzaindiak baliabide hau online jartzeko arrazoi nagusia, egungo teknologia berrien bidez ematen baitu euskararen esparruan lehendik paperean dagoena. Horrela, hitz horiek kontsultatzeko sarrera erraza eta eguneratuarekin batera egundoko bizitasuna emango zaio honi, euskararen ikusmolde diakroniko zein sinkronikotik abiatuta.

Argitalpen honekin Euskaltzaindiak pauso bat aurrera ematen du euskararen sustraiak argitzeko. Horretarako bidea eman duten egileei zorionak eta goresmenak eta kuraia on egitasmo honetan lanean jarraitzeko, horixe baita, zernahi gisaz ere, Euskaltzaindiaren zalantzarik gabeko konpromisoa

Ekin eta jarrai!

Andres Urrutia
Euskaltzainburua

 



Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200)

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper