Beste behin, mamitsu dator Markina-Xemeingo karmeldarrek publikatzen duten aldizkaria, bere 300. ahaleginean. "Zenbaki biribilak etengabeko ekintzen bizitza adierazten du, urte askotako ekintza kulturala", diote arduradunek, eta gogoratu dute aldizkariak "egoera soziopolitiko txarretik" jaso ahal izan zuela burua, "nahiz eta mehatxupean egon...", eta adierazi dute "bizirik eta gogo handiz" bere fruituak gaur arte eskainiz jarraitu duela.
Beraien ibilbide luzea (1931n hasi zena) ere gogoratu dute 300.ean, eta zenbakiekin ilustratu dute eginiko ekarpena: 700 idazle, 5.000 idazlan inguru, 3.500 olerkitik gora publikatuak... Eta aurrerantzean ere zeregin horretan jarraitzeko asmoa erakusten dute zenbaki berrian, hots, euskara eta euskal kultura hauspotzen eta sustatzen jarraitzeko asmo irmoa.
Aurkibidean denetarik dugu: Xabier Amurizaren kultura-ekarpena aztertzen du Luis Baraiazarrak; Maite idazle mungiarraren kronikak; Javier Arrieta eta Joseba Aurkenerenaren ipuinak, Karlos Linazasororen eta Luis Baraiazarraren poemak; Pilare Baraiazarrak Iñaki Beristaini eskainitako bertsoak; edo Gasteizen Euskaltzaindiak azaroan antolatu zituen JAGON jardunaldien azterketa interesgarria, Iñaki Martinez de Lunak egina (Araba, euskaraz bidea egiten).
Urrian sumatutako gorakada azaroan ere nabaritu da. Honela, gure web orriak 89.519 bisita jaso izan ditu aurreko hilabetean, guztira 408.198 bistaratze izan direla.
Iaztik datorren joerari eutsiz, Euskaltzaindiaren Hiztegia izan da gehien kontsultatu den edukia: 157.451 bistaratze izan ditu azaroan. Atzetik, Euskal Onomastikaren Datutegia (84.494 bistaratze) eta Orotariko Euskal Hiztegia (57.761). Arauak ere kontsultatzen ditu erabiltzaileak, eta azaroan 7.869 bistaratze izan ditu atal garrantzitsu honek; Hiztegi Batu Oinarridunak, 9.438 bistaratze; eta JAGONET kontsulta zerbitzuak, 7.300.
Guztira, irailean, urrian eta azaroan 256.917 bisita jaso ditu gure atari digitalak. Beraz, eskerrik asko erabiltzaile guztioi.
1571n eginiko edizioaren ale bat utzi die Euskaltzaindiak Gerediaga Elkarteari eta Durangoko Eliza Ebanjelistari.
Joanes Leizarraga apaizaren Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria euskal libururik ospetsuena eta estimatuenetakoa da. Nafarroa oraindik independente baten erregina legitimoak (Joana Albretek) agindu eta sustatu zuen itzulpen hau, eta bertan agertzen da idatzita, lehenengoz, Euskal Herria izena.
Andres Urrutia: "Liburu hau zoragarria da, sekulako altxorra. Esaterako, euskara estandar antzeko bat egiteko ezagutzen dugun lehen ahalegina da, Albret erregina horretan tematu zelako".
Itzulpen honen hamabi ale inguru baino ez dira ezagutzen munduan, eta Euskaltzaindiak horietako hiru ditu (bi gordailuan).
XVI. mendeko altxorra Kurutzesantu Museoan egon da ikusgai, larunbat honetan.
Andres Urrutia euskaltzainburuak idatzitako testua, Euskararen Eguna dela eta.
"IRITSI da berriro, hortxe dugu beste behin ere, euskararen eguna. Guztiok batera goratuko dugu, guztiok batera laudatuko dugu, eta hurrengo egunean guretara itzuli, egutegiaren beste egun bat izan balitz legez. Horra hor gure patua, urtean behin euskararena ospatzearekin nahikoa daukana. Ospatze kontuetan barruraturik, gero eta nabarmenagoa da, behin ospatzekoa igaro ondoren, egunero eta ohikotasunez euskara erabiltzeko premia.
Erabilera da gakoa, hala entzuten dugu etengabe. Hala izatea ere ulergarri eta onuragarria da. Euskara aho-mihietan, ezpainetan, gizartean egunero egiten dugun bizimodu horretan erabiltzea, ezinbesteko eta premiazko, beti ere, eslogan hutsa bihurtzen ez bada gure artean, eslogan hori gure arteko kontuetan ondoriorik gabekoa eginez.
Azaroaren 24an, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako Osoko bilkuran, Joan Mari Torrealdai eta Patxi Uribarren euskaltzain osoak euskaltzain emeritu izaerara igaro ziren. Gogoratu behar da emeritu izaerara igarotzeko, 75 urte beteak izan behar dituztela euskaltzain osoek.
Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barne Erregelen arabera, bi euskaltzain oso emeritu izatera igarotzearen ondorioz, bi hutsarte aldarrikatu dira. Bi hutsarteok betetzeko proposamenak ondorengo bi Osoko bilkuretan aurkez ditzakete euskaltzainek, eta hirugarren batzar batean egingo da bozketa. Beraz, abenduko eta urtarrileko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta otsaileko batzarrean gauzatuko da bozketa, non izendatuko diren euskaltzain oso berriak, euskaltzain osoen bozen nagusitasuna erdietsi ondoren. Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute; eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar da, hautagai bakoitzak dituen merezimenduak xeheki aipatuz.
![]() (Joan Mari Torrealdai) |
- Hizkuntza Politika Euskal Herrian: hitzetik ekintzara pasatzeko garaia
- Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzaina omenduko du Noticias Taldeak
- Akordeoiari eta euskal soinulariei eskaini die Bernardo Atxagak Erlea aldizkariaren hamaikagarrena
- UEUk eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute