Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, '2016ko Bilboko Ospetsu' nortzuk aukeratu dituzten jakinarazi du, gaur, Gobernu Batzordearen bileran. Udalak, gorazarre horren bitartez, beraien ibilbidean hiriaren izen ona zabaldu duten pertsona edo erakundeen lana saritzen du. Juan Mari Aburto hiriko alkateak esan duen legez, "Bilboko historia ibilbide eredugarri eta nabarmenekin aberasteko eta, aldi berean, Udalak eman dezakeen sari garrantzitsuenaren bidez esker onak emateko eta ibilbide horiek saritzeko” egiten da aitorpen hau.
Aurten, Bizkaiko hiriburuko udalak bost lagun berri gehituko dizkio 'Ospetsuen' zerrendari: Jose Angel Iribar, ‘El Txopo’, Athleticeko atezain mitikoa, munduko onenetakoa; Sara Estévez, lehenengo kirol kazetari emakumezkoa; Jose Antonio Garrido, enpresa-ibilbide garrantzitsua egiteagatik; Begoña Rueda, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen alde borroka egiteagatik; eta Xabier Kintana euskaltzaina, euskararen erabilera sustatu eta erabiltzeko eskubideak zaintzeagatik.
"Ez nuen uste orain arte egindakoengatik inoiz honelako saririk jasoko nuenik. Nire hitz hauek ez dira, inondik ere, kortesiazko eta apaltasun faltsuz esanak, barrutik ongi pentsatuak baino", esan du euskaltzainak, izendapenak sortu dion harridura ezkutatu ezinik.
Euskara bide, euskara helburu
Xabier Kintana Urtiaga Bilbon jaio zen, 1946ko urriaren 13an. Kintana euskaldun berria da. Eskolapioetan ikasten ari zela, euskaraz idatzitako lehen esaldi, hitz eta zenbakiak ikusi zituen. Ondoren, Euskaltzale Bazkunako gramatika erosi zuen eta ikasteari ekin zion. Berak inoiz esan duen legez, alde horretatik autodidakta izan zen guztiz.
Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letratan lizentziatu zen, helduen euskalduntze eta alfabetatzean lanean hasi aurretik. 1966an, hogei urte besterik ez zituela, Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen. Gaur egun, Euskaltzain osoa da, 1993ko urriaren 29an izendatua (Eusebio Erkiaga zenaren ordez), eta sarrera hitzaldia Bilbon egin zuen, 1994an (Bilbao euskararen bizitzan). Akademiako idazkaria da 2002ko otsailetik; Exonomastika batzordeko burua eta Zientzia eta Teknika hiztegia biltzeko lantaldeko burua ere bai.
Euskal kulturaren edozenbat alor jorratu ditu Kintanak, lan gogoangarriak onduz: ipuingintza (batez ere haur eta gazteen alorrean), saiakera (Batasunaren kutxa -1970-, bere lagun-min Gabriel Arestirekin batera idatzi zuena), kazetaritza, kritika, itzulpengintza (esaterako, Franz Kafkaren Itxura aldaketa -1970- edo Ipuin hautatuak -1995-), hiztegigintza edota irakaskuntza. Gainera, Imanol Berriatua, Gabriel Aresti, Federiko Krutwig edo Justo Mari Mokoroaren biografiak idatzi ditu. Pentsamendu eta literatura unibertsalaren euskarazko itzultzailea ere bada Kintana, eta euskaraz inprimatutako lehen liburua den 'Vasconum Linguae Primitiae' beste hizkuntza batzuetara itzultzeko sustatzailea. Horrekin batera, zubiak eraiki izan nahi ditu euskal kulturaren eta kultura judutarraren eta georgiarraren artean.
Jakin, Zeruko Argia, Anaitasuna, Euskera, Egan, Herria, Pensamiento Navarro, Egin, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Berria edo Deia aldizkari eta egunkarietan idatzi izan du, sarritan izenordeak erabiliz (X. Armendaritz eta X. Galdeano).
Hizkuntzalari izateaz gain, naturazalea ere bada bilbotar filologoa, erleen bizitzaz eta ohiturez hainbat artikulu idatzi dituela. Telebistan ere jardun du: 1974tik 1975 arte Pinpilinpauxa izeneko haurrentzako programaren zuzendaria izan zen; eta 1985ean, euskara eta euskal literatura aztertzen zituen 25 programa zuzendu eta aurkeztu zituen.
1983tik 2002ra bitartean, Euskal Herriko Unibertsitatean, Errektoretzako Euskara Departamentuko zuzendaria izan zen. Gainera, urte askotan zehar EHUko Magisteritza eskolako irakasle izana da.