Itzulpen Onenaren Sari Nazionalaren oinarri-arauak aztertu eta aldatzea eskatu dio Euskaltzaindiak Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari, gutun bidez. Idatzian azpimarratzen da Luis Baraiazarra (Meñaka, 1940) ohorezko euskaltzainari gertatutakoak Akademian “atsekabea” eragin duela eta, orobat, auziaren gakoa oinarri-arauetan datzala.
Etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin, Andres Urrutia euskaltzainburuak sariaren arauak aldatzea eskatu dio Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari, gaineratuz aldaketa horiek saria aberastuko luketela. “Egungo oinarri-arauek galegoz, katalanez, gaztelaniaz edo euskaraz idatzitako obren itzulpen-lanetan ari diren itzultzaile askoren esfortzua aitortzea eragozten dute”, eta, Akademiaren iritziz, onuragarria litzateke oinarri-arauak aztertzea, “espainieratik Estatuko beste hizkuntza ofizialetara, hots, katalanera, galegora edo euskarara eginiko itzulpenak ere saritu daitezen; eta alderantziz, berdin”.
Euskaltzaindiak uste du “erabaki honek ez liokeela garrantzirik eta osperik kenduko Sariari”, eta, aldiz, “pentsaezinak eta apartak diren lanak deskubritzeko aukera” emango lukeela. “Zaila da azaltzen jatorriz grekoz, latinez, ingelesez edo italieraz idatzitako lanen itzulpenak saritzen direla, eta, era berean, onarpenik gabe geratzen direla, esaterako, galegoz, katalanez edo euskaraz eginiko Octavio Paz, Miguel Unamuno, Carlos Fuentes, Vargas Llosa edo Pablo Nerudaren lanen itzulpenak. Edo aintzat ez hartzea Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe edo Unai Elorriagak euskaraz idatzitako liburuak, aitorpen zabala eta Espainiako Sari Nazionala lortu duten idazleak izanik”, adierazi du Akademiak, ministroari bidalitako eskutitzean.
Halaber, Euskaltzaindiak ulertzen du oso garrantzitsua dela Estatu berean dauden “hizkuntzen eta kulturen arteko elkarbizitza eta errespetua praktikatzea”, elkarren arteko ezagutza bultzatzen den bitartean. Azken finean, Akademiak gutunean dio “inork ez du estimatzen ez aitortzen ezagutzen ez duena”.
Baieztapena eta ezeztapena, egun berean
Gogoratu behar da, azaroaren 3an, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak erabaki zuela Luis Baraiazarrari ematea 2015eko Itzulpen Onenaren saria, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzeagatik. Baina goizean baieztatutakoa gauean ezeztatu zioten. Ministerioak aitortu zuen Baraiazarraren itzulpenak ez zuela betetzen sariketaren baldintzetako bat, hots, "atzerriko hizkuntza" batetik gaztelaniara, katalanera, galizierara edo euskarara itzulitako lanak sartzen direla bakarrik lehiaketan. Eta Santa Teresa Jesusenaren testu originalak, bistan denez, gaztelaniaz ziren.
Halaber, Akademiak gogoratu nahi izan dio ministroari Luis Baraiazarrak egindako obrak duen “mamia eta kalitatea”, haren lan “arduratsua bezain kementsua”. Hain zuzen, horregatik proposatu zuen Akademiak Baraiazarraren lana Espainiako Itzulpen Sarirako, eta, saria ezeztatu izan ez baliote, euskarara itzulitako testu batek golardo hori jasoko lukeen lehen aldia izango zatekeen. Jakina denez, itzulpenak Santa Teresaren honako lanok jasotzen ditu: Bizitza liburua, Perfekzio bidea, Barne gaztelua, Fundazioak, Gutunak eta Arimako kontakizunak. 1.852 orrialde betetzen dituen bost urteko esfortzu ikaragarria.