Euskaltzaindiak 'Donostia eta Europako Hizkuntzak perspektiba sozio-historikoan' jardunaldia antolatuko du abenduaren 20an, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua egitasmoaren baitan. Luis Villasante ikerguneak (Tolare baserria/ Almortza bidea, 6) hartuko du mintegia, eta bertan, besteak beste, euskarak eta erdarek azken 250 urtean Donostian izandako bilakaera soziolinguistikoa aztertuko da. Horretarako, Euskararen Historia Soziala (EHS) proiektuak sortutako oinarri teoriko-metodologiko berritzailea agertu eta erabiliko da.
Euskadiko kulturgintzaren eta euskalgintzaren alorretan Donostia hiriburu zaharrenetarikoa eta ezagunenetakoa izanik, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu ospakizunerako berariazko ekarpen-proposamena egitea erabaki zuen Euskaltzaindiak. Hortaz, Donostiako egoitzan, Luis Villasante ikergunean hain zuzen ere, kokatuta dagoen Euskararen Historia Soziala izeneko proiektuaren bidez ekimen berezia proposatu zuen, hain zuzen, abenduaren 20an ospatuko den mintegia. DSS2016EUko ospakizunek duten helburuekin bat etorriz, proposamen hori aniztasunaren, ororekiko errespetuaren eta Europako elkar-giroaren aldeko saioaren barruan kokatu zen.
Donostia 2016 ekimena behar eta merezi zuen perspektiba historikoan jartzen lagundu nahi du Euskaltzaindiak, iker-saio honen bitartez. Batetik, Donostiaren azken mendeotako mintza-jarduna gizarte-perspektibatik aztertzeak eta ezagutarazteak gaur eguneko egoera nondik datorren irudikatzeko balio dezakeelako. Bestetik, jakina da aspaldidanik bizi izan dela Donostia iturri askotako kultura-giroan: Europako giro orokorrean kokatuta egon izan da maiz, aldez edo moldez. Lan hori egiteko hizkuntzen historia soziala lantzeko EHSek sortu duen oinarri teoriko-metodologikoa aplikatu da; aplikazio praktiko hori eta bere emaitzak aurkeztuko dira jardunaldian.
Egun bakarreko mintegia goizeko 9:45ean hasiko da, Lionel Joly-k Hizkuntzen Historia Soziala lantzeko EHSek sortu duen metodologia eta oinarri teorikoak aurkeztuko dituela. Bigarren hitzaldian, Europako hizkuntzak Donostiako historian izan duten tokia perspektiba orokorrean azalduko du Mikel Zalbidek. Ondoren, XVIII. mendeko egoera soziolinguistikoa aztertuko du Juan Madariagak. Bosgarren hitzaldian, Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak Donostiako XXI. mendeko egoera azalduko dute. Bukatzeko, Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk azalduko dute zein izan den azken 250 urtean Donostiako bilakaera soziolinguistikoa.
Donostiako hizkuntzen historia
Akademiak Donostian duen egoitzan aurkeztu da, gaur, abenduaren 20ko jardunaldia. Mikel Zalbide Euskaltzaindiko Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendariak gidatu du agerpena, ondoan egitasmoaren babesleak zituela, hain zuzen, Xabi Paya Donostia 2016ko kultur programaren zuzendaria eta Antonio Campos Kutxa Fundazioko ordezkaria. Zalbidek jardunaldiaren garrantzia azpimarratu du, eta haren helburu nagusiak laburbildu ditu kazetarien aurrean: “alde batetik, hizkuntzen historia soziala lantzeko nazioarte mailan berritzailea den metodologia aurkeztea eta aplikatzea; eta, bestetik, Donostiako bilakaera soziolinguistikoa azken 250 urtean zein izan azaltzea”.
Ondoren, Xabi Payak aitortu du Akademiaren egitasmoak bat egiten duela Donostia 2016 proiektuaren gogo eta nahiarekin: “Hizkuntza aniztasunarena bada nolabait Donostiako Kultur Hiriburutzak Europako identitateari egin nahi dion ekarpenetako bat. Alde horretatik, pozgarria da ikustea nola berriro ere Donostia 2016 proiektuaren programan ezin hobeto txertatzen den proiektu honek bere bidea egin duen”. “Donostia 2016tik ekimen hau sustatu dugu hizkuntzak ezinbesteko tresna eta aldagaia direlako elkarbizitzan -jarraitu du zuzendariak-, eta, alde horretatik, Donostiako hizkuntzen historia soziala zein izan den aztertzea berebiziko tresna izan daitekeelako bai donostiarrek bai euskal herritarrek jakin eta uler dezaten non bizi diren, nondik gatozen, eta agian horrela hobeto ulertuko dugulako nora jo dezakegun”. Payak eskerrak eman zizkion Euskaltzaindiari “sortutako metodologiagatik, eta metodologiaren aplikazioa Donostia epizentro edo oinarria hartuta egiteagatik, ezin interesgarriagoa izango delako, ikusarazten lagunduko digulako hemengo hizkuntzen errealitatea zein izan den, eta, batez ere, horrek erakusten digulako XVIII. menderako Donostia Europan eta munduan kokatuta zegoela, orain dela 250 urte ere hizkuntza aniztasuna bazela hiri honen adierazle bat”.
Bere txanda hartuz, Antonio Campos Kutxa Fundazioko ordezkariak ere lan guzti honen garrantzia azpimarratu du agerpenean, esanez euskara jagon beharra dagoela, “geurea delako eta geure esku dagoelako haren geroa segurtatzea; gu gabe ez baitu iraungo, ez eta biziberrituko ere”. Camposek Koldo Mitxelenak zioena gogoratu du bere berbaldian, hots, “euskararen historiak ezkutatzen duen egiazko misterioa ez dela haren jatorria, gaurdaino iraun izana baizik”, eta adierazi du hori dena lortu duela “beste hizkuntza batzuk bidelagun izan ditugula”, eta horixe dela abenduaren 20ko jardunaldian aztertuko dena. “Iragana, nondik gatozen ezagutzea baita etorkizuna pauso sendoz egin ahal izateko, oinarririk eragingarriena”, esan du akabuan, Kutxako ordezkariak.
Donostia eta Europako hizkuntzak perspektiba soziohistorikotik aztertzeko mintegia antolatu du Euskaltzaindiak
Abenduaren 20an, Luis Villasante ikergunean, egingo da Euskaltzaindiak Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua proiektuaren baitan antolatu duen jardunaldia.
Parte-hartu nahi duen orok, info@euskaltzaindia.eus helbidean eman dezake izena, edo 0034 944158155 telefonora deituz.
Bi ardatz nagusi izango ditu mintegiak, gaur Mikel Zalbide Euskaltzaindiko Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendariak azaldu duen legez: “alde batetik, hizkuntzen historia soziala lantzeko nazioarte mailan berritzailea den metodologia aurkeztea eta aplikatzea; bestetik, azken 250 urtean Donostiako bilakaera soziolinguistikoa zein izan den azaltzea”.
Xabi Paya (Donostia 2016ko kultur programaren zuzendaria): “Euskaltzaindiak sortutako metodologiak, jardunaldi honetan erakutsiko dena, erakusten digu XVIII. menderako Donostia Europan eta munduan kokatuta zegoela, orain dela 250 urte ere hizkuntza aniztasuna bazela hiri honen adierazle bat”.
Bere aldetik, Antonio Campos Kutxa Fundazioko ordezkariak adierazi du euskarak aurrera egin duela mendeetan zehar, “iraun duela”, eta gaineratu du hori dena lortu duela “beste hizkuntza batzuk bidelagun” dituela.