Hona hemen adierazpena, bere osotasunean:
"Frantziako Estatuko lurraldeetako hizkuntzen egoera kezkagarria da, ez baita egiten lege, diru eta langile egokiz hornituriko hizkuntza politika publiko eraginkorrik.
Euskararen Erakunde Publikoaren sortzearekin batera, hizkuntza politika publikoa 2006an egituratzen hasi zen Ipar Euskal Herri mailan, herri mugimenduaren lana osatuz. Bizkitartean, orain arte euskararen salbatzeko bideratu baliabideak eta neurriak ahulegi izan dira; ondorioz, euskal hiztunen kopurua eta euskararen erabilera gero eta apalagoak dira, inkesta soziolinguistikoek agerian eman dituzten datuen arabera.
Egoera larri hau iraulezina ez bada ere, baitezpadakoa da hizkuntza politika berri eta ausarta gaurdanik egiten hastea eta, orobat, transmisioan, erabileran, motibazioan eta corpusean positiboki eragitea, edozein hizkuntza osoki berreskuratzeko prozesuak ezinbestekoak dituen alorretan.
Hizkuntza politika eraginkor hori zutik ezartzeko, nahitaezkoa da erakunde publiko guztiak (herriak, eskualdeak, Euskal Elkargoa, departamendua, Estatua) engaiatzea eta arduraz jokatzea.
Ipar Euskal Herrian erakunde aldaketa gertatuko da 2017ko urtarriletik goiti. Hortaz, Euskaltzaindiari eta Euskal Konfederazioari iruditzen zaie garai ezin egokiagoa dela hizkuntza politika berri hori garatzen hasteko.
Erakunde publiko bakoitzak ardurak bere gain hartu beharko baditu ere, Euskal Elkargoak euskara indarberritzeko hizkuntza politika horren bultzatzaile nagusia izan beharko du, euskararen eremuan lanean ari diren elkarte eta erakundeekin elkarlanean. Hala, bere eskumeneko alorretan eta gaietan ausart jokatu eta, orobat, beste erakundeak ber gauza egitera animatu beharko ditu.
Horretarako, funtsezkoak dira ondoko puntu hauek:
• Sortzen den mementotik beretik hasita, Elkargoaren estatutuetan euskararen hizkuntzaeskumena jasotzea
• Korsikan, Bretainian eta Ipar Katalunian egin bezala, Ipar Euskal Herrian ere euskarari nolabaiteko izaera ofiziala aitortzea
• Baliabide aski paratzea eta hizkuntza politikarako aurrekontu propioa bideratzea
Oinarrizko hiru erabaki horiek hartu ondoan, Euskal Elkargoa hizkuntza politika eraginkorra diseinatzen, lantzen eta garatzen hasten ahalko da, euskararen eremuko gizarte-eragileen iritzietan eta ekarpenetan oinarrituz eta gainerako erakundeekin elkarlan estuan arituz. Euskararen berreskurapena indartzeko asmoz, zenbait alorretan hauteman blokeatze-egoerak gainditu eta aitzinamendu berriak ematea ezinbestekoa da, hala nola, irakaskuntza arruntean, helduen irakaskuntzan, hedabideetan, aisialdian, ikasmaterialetan, alor sozioekonomikoan, bizi publikoan, euskararen erabileran eta hizkuntzaren kalitatean (horren barnean Euskaltzaindiari egin beharreko aitormena egonik).
Ezin dugu ukatu erronka eder bezain gaitza dela hau. Halarik ere, Euskaltzaindia eta Euskal Konfederazioa segur dira erronka hau gainditzeko modukoa dela, eta euskara galzoritik atera eta indarberritze-bidean jauzia egiteko parada dugula".
Baionako Euskal Erakustokian, 2016ko azaroaren 19an