Erlearen pazientziarekin, erlearen patxada eta jardunarekin, apaltasunez baina zorrotz, bere bidea egin du Bernardo Atxagak zuzentzen duen 'Erlea' aldizkariak. 2009an, Euskaltzaindiarekin batera abiatu zuen proiektua, Asun Garikano eta Txema Aranaz ondo-ondoan zituela, eta atzo bertan aurkeztu zen hamargarren ahalegina, antzerkiari eskaini diona.
Lauhilabetekariak dozenaka kazetari, idazle, antzerkilari, zinemagile, artista eta euskaltzaleren lanak bilbatu eta ezagutarazi ditu azken zazpi urteotan, XXI. mende hasierako euskal sorkuntzaren lagin dotore eta esanguratsua eskainiz.
Esan legez, asagoko istorioak eta kontakizunak jaso zituen hasierako zenbakiak (Mendebalde Urrunekoak, hain zuzen), eta oraingo honek antzerkia du hizpide eta ardatz, betiko bestelako sailak errespetatzen direla (Erretratuak, Euskararen munduan, Ipuinak, Poesia, Foroa...). Ale biribil honetan badira elkarrizketak (esaterako, Ander Lipusi Agus Perezek egin diona; edo Klara Badiola antzerkilariari eta Jean-Louis Davant euskaltzainari Miel A. Elustondok eginikoak); badira antzerki piezak (Patxo Telleria eta Aizpea Goenagarenak); badira poema eta erretratu ugari... Badago, beraz, zer irakurri, zer aztertu eta zer hausnartu 128 orrialdetan barrena. Atxagak ere horrela uste du: “Dena dago ondo pentsatuta, aldizkari bakoitzaren edukiak ondo aukeratuta daude, zainduta eta orraztuta. Honelako aldizkari gutxi ezagutzen dut nik munduan”.
2009an markatutako helburuak ez dira aldatu?
Finean, ez. Niretzat, helburu nagusia beti izan da bat bakarra: hau da, euskal mundua, euskaraz aditzera ematen den mundu hori, euskara darabilen mundua, oso zabala dela, hedadura handikoa dela, unibertso oso bat dela erakustea. Euskaldun askok ez du hori ikusten, ikusten dute zerbait txiki edo urria, ikusten dute panpinatxo bat euskal kulturan, baina nik bidali nahi diet mezu bat: barkatu, baina panpina zure buruan dago, urritasuna zure buruan dago, txikitasuna zure buruan dago, eta ondotxo dakigu ezin dela atera ur handirik txongil estutik.
Hamargarren honetan euskal antzerkiari erreparatu diozue. Ezusterik eman dizu mundu horrek?
Pentsatu baino aberatsagoa iruditu zait, benetan da unibertso bat. Jende asko bizi da hor, artea egiten, bizitzaren mesedetan, gizarteko tentsioak azaleratzen... Eta antzerkiaren unibertso zabalean beste unibertso batzuk daude, askotariko aktoreak, zuzendariak, gidoigileak... Horrek denak erakusten du zein zabala eta handia den antzerkiaren unibertsoa, beraz, euskal kultura.
'Erleak' euskal sortzaileen lanak agertu izan ditu azken zazpi urteotan. Euskal sormenari plaza ematea zen beste helburuetako bat?
'Erlea' egiten dugunok, batez ere Asun Garikanok eta biok, sortzaileak ere bagara , eta argi geneukan hasieratik ez ginela jasotzaile edo biltzaile hutsak izango. Guk ale bakoitzaren zentzua bideratzen dugu, zerbait berezia eta zabala izan dadin. Adibidez, begira zenbaki honetan zer gertatu den: Agus Perezi esan genion Ander Lipusi elkarrizketa egiteko, eta jakin genuen txakurra hil zitzaiola Lipusi, bere bihotzeko Batu. Eta jakin genuen, baita, txakur 'antzerkilaria' izan zela Batu, besteak beste, antzezpenetan parte hartu zuelako. Horren aitzakiaz, testu bat eskatu genion Lipusi, Baturi buruz idatz zezan, in memoriam bezalako bat. Eta elkarrizketak tonu poetiko zoragarria hartu du testu osagarri horrekin. Hori da 'Erlea'n jarraitzen dugun prozesua.
Sormena ardatz.
Guk agindu egiten dugu aldizkari hau egiterakoan. Beste adibide bat: sortzaileari bere poesia eskatu beharrean, gustatu zaigun poema bat hautatu eta jakin nahi dugu zer dagoen horren atzean. Horretaz idazteko eskatzen diogu idazleari. Maiz, poesia horren atzealdea literarioki hobea izaten da poema bera baino.
Antzerkira bueltatuz, bestelako ezusterik eman dizute antzerkigile edo antzerkizaleek?
Bai, teatroko jendea iruditu zaidalako jende dinamikoa, bizia, kasu batzuetan modu harrigarrian. Esaterako, Patxo Telleria eta Mikel Martinez... bikote horrekin egin daiteke beste aldizkari oso bat! Oso biziak dira, errealitatean ondo iltzatuta daude, badakite kalea zer den... Eta hori antzeman egin da ale honetan. Antzerki munduko jendea errealitatearen 'frontean' dago, parean. Idazleak ere bizirik daude, bai, baina bestelako bizitasun bat aurkitu dut antzerkilarien artean. Errealitatearen ertzean daudela iruditu zait; idazleok, askotan, erretaguardian egoten gara.
Mundu endogamiko samarra da...
Idazle batek ipuin bat idazten du etxean, bidaltzen du argitaletxera, argitaratzen da, aurkeztu du... baina bera dago apur bat urruti, eta igual tiroren bat etorriko zaio, baina agian urrunekoa, bakarra. Antzezleak, ostera, hortxe dauka ikuslea, pare-parean. Jendaurrean lan egitea gogorra da, oso gogorra. Arduratuta bizi dira, prozesu guztiaz arduratzen dira... Bizitzaren bor-borra bizi dute, eta ezin dute guardia jaitsi. Eta hori dena antzematen da 'Erlea'n.
Mundu hori barrutik ezagutzeko gogoa erakutsi duzue 10. zenbaki honetan.
Bai, eta hori litzateke 'Erlea'ren beste helburu bat. Unibertso hau, hots, euskaraz egiten den kulturarena, ezagutu behar da barrutik. Aktore bat nola bizi den jakin nahi dut, eta berak kontatzen badit, hobeto.
Edizio aldetik ere egin duzue ahalegin bat, zenbaki bakoitzari hari estetiko bat ezarriz.
Bai, hori nabarmena da, eta beti egin izan dugu lan inguruko jendearekin. Eta begi bistan da inguruan oso jende ona, artista bikainak ditugula. Kasu honetan Xabier Idoateren ilustrazioak ditugu, bere 'interpretazioak'. Zentzu horretan, batere konplexurik gabe jokatzen dugu.
Konplexu barik?
Bai, euskal kultura hain izan da gizajoa, hain kemen gutxikoa... Orduan, denak jan egin du gure kultura. Baina, nire jarrera, agian soberbio samarra naizelako, konplexu barik jokatzea da, hein batean, irakurlearen irudimena zabaldu edo xaxatzeko.
Inoiz esan duzu lan handia ematen duela 'Erlea' editatzeak...
Bai, jendeak ezin du imajinatu... Lan gehiena, itzulpen kontua; itzulpenen arloak hurbila izan behar du... Sortzaileek ondo erantzuten digute, ez txoratzeko moduan, baina ondo. Eta gero dator orrazketa, mozketa, aldaketa ortotipografikoak... Izugarri gogorra da. Azkenengo zenbaki honek 1.500 zuzenketa/aldaketa/berridazketa ditu. Atera kontuak.
Hamargarren hau azkena izango zela ere iragarri zenuen bederatzigarrenaren aurkezpenean. Azkena izango da hau?
Ez, egingo dugu hamaikagarrena ere, ideia batzuk ditudalako, eskura etorri zaizkidan testu batzuk ditudalako... Leopoldo María Paneroren argitaratubako bat daukagu. Zaintzen zuen moja batek poema bat egin eta berak poema horri erantzuten zion... Hizketaldi bat da, finean. Dokumentutxo bat da, eta agian lortuko dut beste bat...
Borgesen hitzaldi ezkutuek ere eman dute zeresanik, ezta?
Bai, hemendik kanpo bai, Madrilen, Erroman, Buenos Airesen... Baina euskal hedabideetan ezer gutxi arduratu dira horretaz. Mugarri asko izan dira 'Erlea'ren ibilbidean, eta beste bat aipatzearren, Seamus Heaney poeta irlandarrak aldizkarira bidalitako idatzia litzateke, guretzat propio egina. Heaney-k Nobel saria jaso zuen 1995ean, eta punta-puntako idazlea da... Eta zein oihartzun gutxi izan zuen gure hedabideetan! Denboraz, aldizkari honek egingo duen beste lan bat da salatu hemengo kultur familia batzuk izan duten jokaera pobrea.
Kritikarik jaso du 'Erlea'k bere ibilbidean zehar?
Hasieran izan zen bakanen bat, lotsagarri samarra, baina hortik aurrera ez dugu kritika askorik jaso. Alderantziz, aldizkariaren inguruan oihartzun eza sumatu dut, isiltasun bat... Ematen du egiten dugula 'Erlea' halako gela ezkutu batean... Baina tira, hori ez da gure arazoa, hor daude hamar aleak eta eginiko lana.
Literatur aldizkaria da 'Erlea', bai, baina ez da generoen muga gainditzeko beldur, azken zenbaki honek erakusten duen moduan.
Bestelako sortzaile asko batu ditugu, zeresan asko daukatenak. Juan Carlos Pérez, Garbiñe Biurrun... Eta egoera zailean dagoen jendearen testuak ere jaso ditugu, esaterako, Jose Mari Lasarenak, jada hil den poetarenak. Hamargarrenean bere sei poema argitaratu ditugu, 'Azkenak', eta benetan azkenak izan ziren, aurten bertan hil delako, horiek semeari idatzi ostean. Poema inpresionanteak dira. Honekin guztiarekin, literaturaren kontzeptua bera ere zabaltzen ahalegintzen gara.
Hamaikagarren'Erlea' buruan eta gogoan duzula esan duzu. Zer bilduko duen ere bai?
Hamaikagarrenaren lema edo gaia edo irudia 'akordeoia' izango da. Hemen zenbat soinujole dauden, euren bizitzak aztertuko ditugu... Esaterako, Juan Carlos Perezek Lajari buruz egingo du zerbait. Eta soinuaren bidez, emigrazioaz ere hitz egin dezakegu. Euskaltzaindiak aurrerabidea ematen badit, egingo dugu hamaikagarren hori. Eta lanari eusteko modua ikusten badugu, ideia onak baditugu, jarraituko dugu aurrera.
Urrezko Erlea saria ere aipatu zenuen urte hasierako beste prentsaurreko batean, Akademiarekin batera antolatuko zenukeen sari literarioa. Nola dago kontu hori?
Ez dut ahaztu, baina ez da datorren urterako izango. Agian, 2018rako. Eman iezaidazu epaimahai bat eta saria egina dago, dena horren arabera dago. Euskal Herrian sariekin duguna anabasa hutsa da, erokeria. Epaimahai sendo bat behar dugu. Nik egiten badut sari hau, epaimahaia erabaki ostean, denak zin egin beharko dute oso zorrotz, eta egin beharko dute diputatu izateko baino zin zorrotzagoa. Epaimahaiak izan behar du 'inpekablea', eta lortu behar da dirua epaile horiei ondo ordaintzeko. Ez dut inorekin haserretu nahi, baina hemengo sari batzuk..., buf. Ez dut esaten epaile denak txarrak direnik, baina badago modus operandi bat, oso kaskarra. Nire ustez, epaile karguak izan behar du bitalizioa.
Beste batzuk kontrakoa defendatuko dute.
Seguru. Baina epaileak irakurle ona behar du izan, eta behar du koherentea izan, eta zorrotza. Jakintasun handiko pertsonak jarriko nituzke nik, eta, era berean, ikuspegi zabala dutenak. Sinesgarritasun osoko epaimahaia behar dugu.