(Bigarren eguneko kronika -ostirala-, Garbiñe Ubedaren eskutik)
Ikuspegi praktikotik begiratuta, bi protagonista nagusi izan zituen XVII. Biltzarraren ostiraleko jardunak. Batetik, Euskaltzaindiaren webgune eraberritua, eta bestetik, Euskara Batuaren Eskuliburua. Euskara lantresna duen orori zuzenduak dira biak ala biak, alegia irakasleei, idazleei, teknikariei, itzultzaileei, kazetariei edota hizkuntza kontuetan argibideak behar dituen orori.
Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarraren amaiera gisa, 36 eragile publiko zein pribatuk Euskara Batuaren Adierazpena berretsi dute, hain zuzen, duela 50 urte, euskara batuak sorleku ofiziala izan zuen toki berean. Hamar puntuz osaturiko agiria da erakunde, instituzio eta elkarteek sinatu dutena, aldez aurretik, Joan Mari Torrealdai idazle eta euskaltzainak irakurria.
Arantzazutik mundu zabalera:
Euskaltzaindiaren sorreratik ehun urte eta Arantzazuko Biltzarretik berrogeita hamar igaro direnean, Euskaltzaindiak honako adierazpen hau aurkeztu nahi dio euskal gizarteari, euskara batuaren inguruan eragile publiko zein pribatuek berresteko eta azpimarratzeko euskara batuaren garrantzia eta, horrekin batera, orain arteko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak.
-Euskaltzaindiak bi harribitxi praktiko aurkeztu ditu XVII. Biltzarraren bigarren egunean Arantzazun, bi tresna berri, zein baino zein erabilgarriago: Euskaltzaindiaren webgune eraberritua bata, eta Euskara Batuaren Eskuliburua, bestea.
(Lehen eguneko kronika -osteguna-, Garbiñe Ubedaren eskutik)
Maratoi baten antzekoa izan zen Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarraren lehen eguna: trinkoa, tarteka nekagarria eta balentria handi baten antzekoa, mikrofonoa hartu zuen jende andana kontuan hartuta.