Sinatzaileek euskara batuaren sorrera bultzatu zuten printzipioak berresten dituztela dio lehen puntuak. Euskaltzaindia joan den mende erdian euskalgintzan nagusitzen ari ziren hizkuntza planteamendu berrietan partaide izan dela jasotzen du bigarrenak. Hirugarrenak, prozesu honetan parte hartu duten hainbaten lanaren aitortza egiten du, eta zentzu horretan, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik bidegile izan diren guztiak omentzen dira laugarrenean.
Bosgarren puntuaren arabera, Euskaltzaindiak dei egiten die belaunaldi berriei, euskara batua bere-berea izan dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioak kontutan izanik. Seigarrenak Euskaltzaindiaren kezka jasotzen du, hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolde direla-eta. Zazpigarren puntuak dio Euskaltzaindiak engaiamendua adierazten diola gizarteari, pedagogiaren eta konpromisoaren aldetik, eta ideologia politikoetatik at.
Zortzigarrenak, euskara batuaren erabilera sozialari laguntza eman behar zaiola berresten du, eta horrenbestez, erabilerari bidea erraztu behar zaiola nabarmentzen du. Euskaltzaindia bere jarduna eraberritzen ari dela dakar bederatzigarrenak; erabilera soziala xede eta helmuga izanik, gizarte moderno baten beharrei aurre egitea lehentasunezko duela.
Euskara batuak euskararentzat eremu berriak irabazi dituela nabarmentzen du hamargarren eta azken puntuak; eta ondare hori hurrengo belaunaldien esku jarri behar horretan, oraindik ere badela irabazi beharreko esparrurik.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Biltzarraren balantze labur bat egin eta akademiak hurrengo urteetarako ondu duen bide-orria azaldu du, Euskara Batuaren Adierazpenari heldu aurretik. Besteak beste, eta behar komunikatiboen izenean, euskara batua eta tokian tokiko euskarak ondo uztartzeko premia azpimarratu du.