“Euskaltzaindia lanera dator” esanez ekin dio Andres Urrutiak bere hitzaldiari, instituzioetako ordezkariek Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrari hasiera eman eta jarraian. Euskaltzaindiak bere ibilbidean hartu dituen ardurak, alegia “normatibizazioa eta normalizazioa”, berretsi direlako “pozik” agertu da euskaltzainburua, eta elkarrekin jarduteko aldarrikapena egin du behin eta berriz, “guztion artean egin behar dugulako etorkizuneko euskara batua”. Zentzu horretan, Biltzarra “Euskararen munduarekin gogoeta ontzeko” abagune jo du, eta, bide batez, “euskara batuaren nondik norakoak zabal-zabalik aztertzeko eta zedarritzeko” hitzordu garrantzitsu, horretan dagoelako neurri handi batean, euskararen etorkizuna.
Euskararen batasuna bultzatzeko ezinbesteko ikusten dituen “ardatz estrategikoak” zehaztu ditu ondoren. Hasteko eta behin, lurraldetasuna arreta bereziz lantzea, euskararen lurralde bakoitzeko eragileekin elkarlanean arituz, hitzarmenak lortuz eta Euskaltzaindiaren presentzia areagotuz. Beste bost ardatz aipatu ditu gero. Hurrenez hurren, euskararen inguruan dauden premiei erantzutea; Akademiaren erreferentzialtasuna bermatzea, erabiltzaileak erakarriz edota irakasle, hizkuntza teknikari nahiz gainerako bitartekari linguistikoekin lan eginez; erakundearen ikusgarritasuna areagotzea; berme zientifikoak eskaintzea; eta, azkenik, Euskaltzaindiaren osaerari eta araugintzari buruzko gogoeta sakona hastea, mendeurrenaren karietara.
“Gurea filma da”, nabarmendu du Urrutiak, “tai gabe mugitzen dena”, eta horri segida ematea “egungo errealitateak markatzen dituen premia eta beharrak aintzat hartzea” da. Gaurko erronka, duela 50 urtekoa ez bezala, “ez baita soil-soilean euskara batua / euskalkiak bikotea, ezpada hizkera arrunta / hizkera bereziak bitasuna”.
Ikuspegi sozial eta historikoei eta linguistikari loturiko hitzaldiak heldu dira Urrutiarenaren ostean, Euskaltzaindiaren sorrera eta euskara batuaren egitasmoa testuinguruan jartzera heldu dena batetik, eta bestetik, berriz, onomastiken eta hiztegigintzaren gainekoak.
Miren Azkarate euskaltzaina, esate baterako, “hemendik aurrera zer?” galderari erantzuten saiatu da, “arau gehiago eman behar ditugu, ala aholkuak emateari heldu behar zaio?”. Haren ustez “beharrezkoena”, euskara batuaren, euskalkien eta tokian tokikoen plangintza egitea izango da, “eta hor ez dago muga iragangaitzik”. Adibideak jarrita, tokian tokiko aldizkarietan nola idatzi behar ote den jarri du mahai gainean, “Zuazok dioen gisan, tokiko batuak behar ditugu?”. Bestalde, euskara batuaren gaineko jarrerak ere kontuan hartzekoak direla nabarmendu, eta ezinbesteko jo du ahozkoa lantzea. Besteak beste, erregistro informaletan erdarara jotzen delako, eta ikus-entzunezko medioetan, ETBn kasura, “gazteei erakargarriago egiteko-edo, tokian tokiko hizkerei bultzada garbia ematen zaielako”. Funtsean bide-orria denon artean erabaki behar dela eta plangintza “behetik gora egiten asmatzen ez bada, alferrik etorri garela” azpimarratu du Azkaratek.
Euskaltzaindiaren leloak laburbildu du hobekien, aurrera begira aurreikusten dena: lehendabizi ekin eta ondoren jarraitu beharra, ezinbestean.