Sarrera
- 1918an hasi eta 1919 urtean amaitu zen Euskaltzaindiaren sorrera-prozesua. Informazio gehiago Euskaltzaindiaren sorrera eta Euskaltzaindiaren historia ataletan.
- Euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da Euskaltzaindia. Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du xedetzat, eta Euskaltzaindiak ematen ditu hizkuntzaren normalizaziorako arauak.
- Beraz, hasiera-hasieratik, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere. Hortaz, hasieratik hona bi Sail izan ditu Euskaltzaindiak (Iker eta Jagon Saila), bere jardueraren baitan.
- 2018-2019 urteetan mendeurrena beteko du Euskaltzaindiak eta abagune hori baliatu nahi luke, euskal gizartearekin batera, urte horietan guztietan egindakoari buruz hausnartzeko eta aurrera begirako erronkak eta egitekoak finkatzeko.
Helburuak
Euskaltzaindiaren Mendeurrenak hiru helburu nagusi ditu:
- Batetik, Euskaltzaindiak mende honetan egin duen lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea, eta, autojustifikazioan eta autokonplazentzian erori gabe, ondo egindakoak azalduz eta eginkizun daudenak edota gaizki egindakoak onartuz.
- Bestetik, Mendeurrena baliatzea Euskaltzaindiak, Iker eta Jagon Sailetan, etorkizunerako dituen asmoak (hiztun eta erabiltzaileek dituzten beharrak) eta ildo estrategikoak gizarteratzeko.
- Euskaltzaindiaren aitzindaritza tarteko dela, euskara eta euskal kulturaren inguruan, gizarte zibila egituratzen saiatzea, pentsamolde desberdinen gainetik. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea, datozen bi hamarkadetarako.
Ekimenak
Euskaltzaindiak, 2018ko iraila eta 2019ko urria bitartean, gai ezberdinei buruzko jardunaldi eta argitalpen akademikoak, ekitaldi artistiko-kulturalak, bilkura instituzionalak eta bestelako hainbat ekimen antolatuko ditu euskararen lurralde guztietan (ahal dela beste erakunde publiko, pribatu eta sozialekin elkarlanean).
Ekimen hauei buruzko informazio zehatza Egitaraua atalean.