-
1918-01-12
Euskararen Akademia sortzeko proposamena aurkeztu zuten, euskaraz, Felix Landaburu eta Cosme Elgezabal diputatu jeltzaleek Bizkaiko Aldundian.
-
1918-01-25
Bizkaiko Diputazioak onartzen du Kosme Elgezabal eta Felix Landaburu diputatuek aurkeztutako mozioa, zeinetan eskatzen den Bizkaiko Diputazioak, gainetiko hiruekin batera, euskararen akademia [“Bazkunde”] bat sortzea eta sostengatzea erabaki dezaten.
-
1918-09-05
Oñati, Unibertsitatearen erakina. Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuak [Hizkuntza sailak, zehazki] erabakitzen du aho batez, Txomin Agirre Hizkuntza Sailaren buruaren eskariz, euskararen akademia sortzea eta, orobat, batzorde bat izendatzen da hamabost eguneko epean akademiaren araudia lantzeko: Urreta, Elgezabal, Agirre, Azkue, Olabide, Eleizalde eta Biziola (Olabide izango da, praktikan, lehen proposamena landuko duena). Gainera, une zehazgabe batean, lehenengo lau euskaltzainak izendatzen ditu: Azkue, Campion, Eleizalde eta Urkixo.
-
1918-10-17
Bilbo, Aldundiaren Jauregia. Goian aipatutako batzordea (Elgezabal, Azkue, Olabide, Eleizalde eta Biziola; Urreta eta Agirre ez ziren egon) biltzen da, Olabideren proposamena aztertu eta ontzat ematen du eta prentsaren bidez zabaltzea erabakitzen du, aldeko eta kontrako iritziak entzuteko.
-
1918-11-17
Bilbo, Aldundiaren Jauregia. Batzorde bera ( Urreta, Agirre, Azkue, Olabide, Eleizalde eta Biziola; Elgezabal ez zen egon) biltzen da eta araudiaren azken proposamena onartzen du.
-
1919-03-03
Eusko Ikaskuntzak erabakitzen du araudi-proposamen hori lau diputazioetara aurkeztea, onar dezaten.
-
1919-04-11
Gipuzkoako Diputazioak proposamena onartzen du.
-
1919-05-05
Bizkaiko Diputazioak proposamena onartzen du.
-
1919-09-02
Arabako Diputazioak proposamena onartzen du.
-
1919-09-03
Nafarroako Diputazioak proposamena onartzen du.
-
1919-09-21
Donostia, Aldundiaren Jauregia. Biltzen dira Oñatin izendatuak izan diren lau euskaltzainak (Azkue, Campion, Eleizalde eta Urkixo) eta euskal aldizkarien ordezkariak (K. Etxegarai, RIEV; P. Broussain, Eskualduna; Domingo Agirre, Euskal Esnalea; Damaso Intza, Irugarrengo Prantziskotarra; Cirilo Arzubiaga, Jaungoiko Zale eta Jesusen Biotzaren Deya; Toribio Altzaga, Euskal-Erria; eta Gregorio Muxika, Euskalerriaren alde), eta beraiekin batera Julian Elortza (Eusko Ikaskuntzaren burua) eta Angel Apraiz (Eusko Ikaskuntzaren idazkaria). Gainetiko zortzi euskaltzainak hautatzen dira, guztiak bozketaz eta guztiak aho batez: Agirre, Broussain, Adema, Intzagarai, Agerre, Eguzkitza, Olabide eta Lhande.
-
1919-09-28
Blas Ademak gutun baten bidez izendapena ez du onartzen. Gainetiko guztiek onartzen dute.
-
1919-10-07
Donostia, Aldundiaren Jauregia. Euskaltzaindiaren lehen bilkura. Ademaren ukoaren ondorioz falta den euskaltzaina izendatzen da, bozketaz, aho batez: Martin Landerretxe. Orobat lehen karguak izendatzen dira, bozketaz (eta jada ez aho batez): buru, Azkue (7 boto); diruzain, Agerre (4 boto); liburuzain, Urkixo (8 boto); zadorlari [idazkari], Eleizalde (9 boto). Orobat batzorde bat izendatzen da barne-erregelak lantzeko (Azkue, Eleizalde eta Olabide). Aipagarria da bilera honetan mahaiburua oraindik Julian Elortza izan zela (Gipuzkoako Diputazioko buru eta Eusko Ikaskuntzako buru) eta idazkaria Angel Apraiz (Eusko Ikaskuntzako idazkari) baina biek ez zutela parte hartu bozketetan.
-
1919-10-19
Resurreccion Maria Azkuek, Raimundo Olabidek eta Luis Eleizaldek barne araudia idazteko osatutako batzordea bildu zen, Bilbon.
-
1919-10-26
Donostia, Aldundiaren Jauregia. Euskaltzaindiaren lehen bilera “arrunta”, alegia, euskaltzainak baino ez ziren bildu (Agerre falta da) eta Azkue izan zen mahaiburu. Orobat, lehen ohorezkoak eta urgazleak izendatu ziren.