Instituzioetako ordezkarien diosalen ostean, “Euskaltzaindia lanera dator” esanez ekin zion Andres Urrutia euskaltzainburuak bere hitzaldiari. Berrogeita hamar urteotan gertatu diren aldaketen gaineko printza batzuk aipatu zituen lehenik, gaiari ikuspegi zabalagotik heltzeko zedarri batzuk besterik ez, eta euskararen batasuna bultzatzeko, Euskaltzaindiak ezinbesteko ikusten dituen ardatz estrategikoak zerrendatu zituen gero. Hasteko eta behin, lurraldetasuna arreta bereziz lantzea, euskararen lurralde bakoitzeko eragileekin elkarlanean arituz, hitzarmenak lortuz eta Euskaltzaindiaren presentzia areagotuz. Beste bost ardatz aipatu zituen gero. Hurrenez hurren: euskararen inguruan dauden premiei erantzutea; Akademiaren erreferentzialtasuna bermatzea, erabiltzaileak erakarriz edota irakasle, hizkuntza teknikari nahiz gainerako bitartekari linguistikoekin lan eginez; erakundearen ikusgarritasuna areagotzea; berme zientifikoa eskaintzea; eta, azkenik, Euskaltzaindiaren osaerari eta araugintzari buruzko gogoeta sakona hastea, mendeurrenaren karietara.
Goizak, bestalde, errepasoak ekarri zituen, bai Akademia sortu zeneko ikuspegi sozial eta historikoarena, bai eta arlo linguistikoan leudekeen erronkena ere, Mikel Zalbide, Miren Azkarate, Miren Urkia, Patxi Salaberri eta Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain osoak hizlari izanik.
Aipamen berezia merezi luke Miren Azkarateren hitzaldiko amaiera aldeak, “hemendik aurrera zer?” galderari erantzuten saiatu zenez: “Arau gehiago eman behar ditugu ala aholkuak emateari heldu behar zaio? Gramatikarekin jarraitu ala zabalkundean jarri indarra?”. Haren ustez “beharrezkoena”, euskara batuaren, euskalkien eta tokian tokiko aldaeren plangintza egitea izango litzateke, eta hor “muga iragangaitzik” ez dagoela zehaztu zuen. Horrez gain, euskara batuarekiko jarrerak ere kontuan hartzekoak direla nabarmendu zuen, eta ezinbesteko jo zuen ahozkoa bereziki lantzea. Besteak beste, erregistro informaletan erdarara jotzen delako, eta ikus-entzunezko medioetan, EiTBn, kasurako, “gazteei erakargarriago egiteko-edo, tokian tokiko hizkerei bultzada garbia ematen zaielako”. Funtsean, bide-orria denon artean erabaki eta plangintza “behetik gora” egin beharra azpimarratu zuen Azkaratek, horrela egiten asmatuko ez balitz, Arantzazura “alferrik” etorri ginela gaineratuz.
Inguruko beste hizkuntza batzuen estandarizazio prozesuei erreparatu zitzaien bazkalostean, zehatzago esanda, galegoak, katalanak eta frisierak egin duten bideari, eta haien osteko hitzaldi motzek bizitu zuten arratsaldea. Asier Larrinagak, EiTBren izenean, ikus-entzunezko lan bat aurkeztu zuen jendaurrean, telebistako eta irratiko aurkezleen hitzez eta iritziez osatua. Praktikatik heldu zioten denek gaiari, albistegi nahiz kirol transmisioetatik hasi, kaleko lekukotzak bildu eta arlo guztietan sortzen diren ertzak erakutsi nahiz. Sarri, pedagogia egin behar izan dutela nabarmendu zuten, bidea urratzea eta ohiturak sortzea ere egokitu zaiela, esate baterako, eguraldiari buruzko saioetan edo kirol gaietan.
Eskatzen hasita, “urratsak ematerakoan, intonazio irizpideak ematea” eskatu zion Euskaltzaindiari Arritxu Iribar kazetariak. Gehienen ahotan, berriz, norberak beretik, hizkera naturala sartzeko bidea erraztea.
Irene Arraratsek, informazio orokorreko egunkari nazionalaren zuzentzaile den aldetik, gaurko generoen hibridazioa hartu zuen ahotan. Konparaziorako Koldo Mitxelena hartuz, komunikabideak haren garaitik hona aldatu eta elkartu egin direla nabarmendu zuen: “Gaur ez da informazioa bakarrik ematen, fikzioa ere ematen da, eta emozioak ere azaldu behar izaten dira”. Ahozkoa eta idatzia gurutzatzen diren bezala, beste premia batzuk ere gurutzatzen direla esan zuen, gaur egunkariek webguneetarako ikus-entzunezkoak eta bestelako baliabideak ere kudeatu behar izaten dituztenez, jardun arruntean.
“Euskaldunok baliabide linguistikoak ukatzeko eta kentzeko dugun joera” ere nabarmendu zuen Arraratsek: “Ez da posible aktore bat bere euskalkian bakarrik izatea gai”, eta profesionalei eskatzen zaien bezala, “hartzaileei ere eskatu egin behar zaiela” aldarrikatu zuen. Haren aburuz, euskarak ez du sortzeko gaitasuna galdu, “baina sortzeko hutsunea dago”, eta “gauzak modu naturalean transmititzeko” indarrik ez dagoela esan zuen: “Batuari artifizial izatea egozten zaio, baina gaurko egoeran, naturala, frantsesa eta gaztelania dira”.
Jone Guenetxea Tokikomeko ordezkariak ere eguneroko praktikak, ezinak eta tokian tokiko erabakiak izan zituen mintzagai, alboko aretoan ingurune digitaleko etorkizuneko erronkak identifikatzeko ahaleginetan ari ziren bitartean.
Euskara batua eta euskalkiak agora digital berrian: aldaketa ideologiko baten zantzuakhitzaldian, “nazio identitateak ahuldu eta identitate berriak sortzen ari diren honetan, dialektoek hartu duten garrantzia” azpimarratu nahi izan zuen Agurtzane Elorduik. Tokian tokiko hizkerei, sare sozialetan bederen, benetakoaren ideologia lotu zaiela azaldu zuen. Iñigo Martinez futbol jokalariaren adibidea hartuta, euskalkiak eta aldaerak “identitatearen ikur gisa” ikusi beharko liratekeela azpimarratu zuen. Eskatu zuen, gainera, aurreko hamarkadetan ezarritako parametroak berrikustea, hain zuzen, “eredu formal guztiak berdinak al dira?” galderari taxuz erantzun ahal izateko.
Arratsaldeko beste hausnarketa interesgarrietako bat Maider Bedaxagarren ahotik iritsi zen, Euskaldun bat bi euskaraizenburupean, hizkuntza bereko elebitasuna eta zehazkiago zuberotarren errealitateaz mintzatu zenean. Etxean eta kalean egiten dena nahiz euskaltegian erakusten dena zuberera izanagatik, batuak ere tokirik baduela azaldu zuen, adibidez, Xiberoko Boza irratiak euskal irratiekin bat egiten duenean edo EiTBri begira jartzen direnean.
Baina batuaren bidea batik bat ikastolan hasten dela nabarmendu zuen, haurrek hamar-hamaika urte bete eta Erdozaintzi-Etxart ikastetxera doazelarik, Iparraldeko euskara batuan emango zaizkielako ikasgaiak eta sortuko zaizkien harreman berrietan ez dutelako zuberera egokiturik egingo. “Hiztegia ez ezik, aditz paradigma guztiak aldatuko dituzte, baina batez ere aldaketa fonologikoa eginen dute, azentu paroxitonoa, alegia, azken aurreko silabakoa, isilduko dute, hasperena edota ü soinuarekin batera”. Bedaxagarrek azaldu zuenez, eleaniztasunaren testuinguruan kokatzen da zuberotarrentzat euskara batua ere ikastea, eta bi hizkeren hartu-eman horretan gertatzen den desoreka ere nabarmendu zuen, “xiberotarrak batua hartzen duelako, baina batuak ez duelako xiberera hartzen”. Azkenik, euskararen elebidun horiek nola deitzen ote diren galdetu zuen: “Iraun behar badute, izena behar dute”.
Pastelari ginga Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak jarri zioten, Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelanirakurraldiari esker.