Ez zen beti hola izan. Arantzazuko 1968ko biltzarrak euskarabatuaren aldeko hautua ofizialki eginda ere, zalapartak eta sabotajeak ez ziren berehalakoan isildu eta artean haren defentsan atera behar izaten zuten tarteka-marteka, aurka zeudenek, eta bereziki Arantzazun esku hartu ez zuten batzuek, ezin etsi zutelako. Batasunaren atzean hizkuntzaren aberastasunaren galera ikusten zuten kasurik onenean, edo “txikitandik jasotakoa baztertu eta besteena hartu beharra”, garai hartako euskaltzainburu Manuel Lekuonaren hitzetan. Kasurik txarrenean, berriz, esperanto edo “euskeranto” moduko bat ez ote zen sortuko, alegia, “mami gabeko gainazal hotz eta hila”, Zeruko Argia astekariak Gaztañaga izenpean argitaratu zuena aintzat hartuta. Gogorrenek, berriz, ideologia jakin baten mamua irudikatzen zuten euskara estandarizatzeko saioaren atzean.
Alde ala kontra, ezin uka denen xedea berdina zenik: euskara bizirik atera zedila. Izan ere, benetan apokaliptikoa zen egoera. Arantzazuko Biltzarra egin baino hiruzpalau hilabete lehenago Ermuko Zina izenpetu zuten idazleek zioten gisan, “Gure hizkuntzak, gaurko munduan, eskolarik gabe, unibertsitaterik gabe, jabetasunik gabe, ez irrati, ez egunkari, ez zinema, ez telebista… eta beste hizkuntza indartsuagoak azpijanean ari direla”, ez zuen bizitza luzerik. Idazleok, molde estandarraren gabezia beren egunerokoan pairatu behar izaten zuten horiek alegia, beldurrik gutxi zioten batasunak eragin zezakeenari: “Euskararen enborretiko adarrak dira euskalkiak, eta adarrak sano izango baditu, enbor sendoa eta osasuntsua behar du. Euskara Batuaren sendotasunak hobeto gordeko ditu euskalkiak ere”.
Juan San Martinen ekimenez osaturiko talde hark eskaera zehatzik ere egin zuen, euskara literarioak bidea errazago urra zezan: besteak beste, Euskaltzaindiak aditzaren batasuna lantzeko batzordea osa zezala, bere erabakien berri ahalik eta agudoen eman zezala eta Euskal Herrianargitara ematen ziren egunkariek euskarazko sail bat sor zezatela.
Batua, jakina, ez zuten nonahi eta noiznahi erabiltzeko behar,ezta ahozko moldeen ordezko jotzen ere. “Zenbait izkribu mota arautzeko eta haur eta gazte guztiei batera edo bateratsu irakasteko” tresna gisa ikusten zuten, irakaskuntzan heda zedin, edozein arlotan balio zezan eta, bidenabar, “han-hemengo euskaldunok elkarrekin hizketan hasten garenean ez dezagun berehala jo, maizegi gertatu ohi denez, erdara batura”, Koldo Mitxelenak Jaioko dira berriakartikuluan (Deia, 1977) ongi adierazi zuenez.
Gazteak giltzarri
Baina besterik ere erakutsi zuen batasunaren aferak. Euskararen geroa ulertzeko ikuspegien konponezina, liskar eternoa, belaunaldien arteko talka bihurtu zen 50eko hamarkadak aurrera egin ahala; batua vs euskalkiak izan ordez, zaharren eta gazteen arteko tenka zen horrenbestez, eta gazteak orobat batasunaren aldekoak izaki, “arrazoi biologikoek” ebatzi zuten Euskaltzaindiaren historia osoan ebatzi ez zena. Zehazki, gazteek, “beste arrazoirik ez badute ere, gainontzeko guztiak menderatzen dituen arrazoi biologikoa” bazutela argudiatu zuen Mitxelenak.
Euskara batuak bere alde zituen horiek, gazteak ez ezik, prestuak, presatuak, konprometituak eta praktikoak ere baziren. Txillardegi zuten kemen horren paradigmarik argiena. Hizkuntzaren gainbeheraz eta ahozkoaren ahuleziaz kezkatuta, 1956ko irailean gutun irekia igorri zuen Euskaltzaindiaren itzalpean eginiko Euskaltzaleen Bilkurara, Arantzazura. Halaxe zioen: “Osakuntza handia behar du euskarak gaurko bizieran gai izateko. Egia esan, eta euskararen atzizkiei eskerrak, berritze ederra egin daiteke euskara beretik atera gabe, eta hori egin behar da ahal denetan. Baina asmakari eta kontzeptu berri ugari ekarri dizkigu zibilizazioak, oso hitz berezi, eta euskara “garbia” egiteko asmoa txatxukeria hutsa da, hizkuntza batek ere egin ez duena, eta gure hizkuntzan gertatuko ez den gauza”.
Txillardegik aholkuak baino elementu are hobeak ere eman zituen gerora. 1958an, esate baterako, deklinabiderako, joskerarako eta hitz berriak osatzeko nahiz maileguetarako proposamen zehatzak egin zituen Batasunaren bidea izenburupean, eta 1963an, batasunaren gaiak Euskaltzaindian aurrerabiderik ez zuela ikusirik, batzorde praktiko bat osatu zuen bere kabuz, Baionan. Zortzi hilabetezastean behin bilduz, nagusiki ortografia, deklinabidea eta Izan eta Ukan aditz laguntzaileen formak landu zituzten, baita H-z idatzi beharreko hitzen lehen zerrenda bat osatu ere, hastapen hartan lagungarri izango zelakoan.
Batzorde praktiko hark ondutako lanaren emaitza osoa 1964ko agorrilaren azken asteburuan aurkeztu zuten, Bidasoaz bi aldeetako berrogei idazle eta irakasleren aurrean. Baionako orduko auzapezak ere, Jean Grenetek, harrera instituzionala eskaini zien Herriko Etxean, eta euskal letretako eragile esanguratsu ugari bildu zitzaizkien zeremoniara. Besteak beste, Gabriel Aresti, Rikardo Arregi, Joseba Intxausti edota Mixel Labeguerie ageri dira argazkietan, ardo-kopa eskuan, batzordeko kide TelesforoMonzon, Eneko Irigarai, Pierre Lafitte, Jesus Solaun, Txillardegi, Roger Idiart edota Andiazabal aitaren alboan. Zortzi hilabeteko prozesuan inoiz kale egin ez zuen taldekide batek, berriz, huts egin behar izan zuen ezinbestean. Jean-Louis Davantek, aitzinsolasa irakurri eta ziztu bizian alde egin zuen, haren emaztea lehen haurraz erditzen hasia zelako.
Hitz gogoangarriak utzi zituen Davantek, nolanahi dela ere: “Batasuna, oroz gainetik eta lehendabizikorik, gure mintzaira maitean finkatu behar dugun oinarria… Batasuna izan dadila,gaur eta gero ere, gure grina, gure kezka, gure arrangura lehena. Batasunari esker, agian luzaz biziko dira gure populua, gure Herria, gure Aberria, beste populu, Herri eta Aberri ororen artean”.
[kronika zehatzagoa, “Batasuna oroz gainetik” artikuluan]
Baionako Biltzarrean osatutako txostenak Euskaltzaindirainoko bidea egin zuen Pierre Lafitteren eskutik, eta Arantzazun eztabaidatuko zenaren oinarria ez ezik, prozesu osoaren ernamuina ere izan zen, idazleek Baionan harturiko erabakiak aplikatzeari ekin baitzioten jarraian, esate baterako, Jakin aldizkarian. Eta idazleez arigarela, horietarik batzuk, Telesforo Monzon eta Gabriel Aresti kasu, literatur lanetan beren gisako euskara batua egiten hasiak ziren ordurako. Azkena izan zen, hain zuzen ere, Euskaltzaindia, bere urrezko ezteien karira, batasunaren gaiari heltzera akuilatu zuena.
Ebakuntzaren metafora
Baionako Biltzarra ez bezala, liskartsua gertatu zenArantzazukoa. Bestela ere mikaztuta argituko zuen egunak, ETAk abuztuan Meliton Manzanas brigada buruzagia hil zuenetik salbuespen egoerapean baitzegoen Gipuzkoa. Batzuek, prozesuan garrantzi handikoak izanagatik ere, huts egin behar izan zuten ezinbestean. Xabier Kintana, esate baterako, soldadutzan zen Burgosen, eta kuarteletik irteteko baimenik ez zioten eman. Txillardegik, berriz, urteak zeramatzan Iparraldean.
Esanguratsua eta giroaren adierazgarri da Manuel Lekuona euskaltzainburuak, Arantzazuko biltzarraren atarikoan, euskara batua ebakuntzarekin alderatu izana. Alegia, atal gaitzitua gorputzetik bereizi beharrarekin. Koldo Mitxelenak ere metafora horri heldu zion Zeruko Argia aldizkariko kronikan: “Operazioa zer den badakit neronek ere, pasanuelako orain berriro. Operazio batean, diotenez, arrisku pixkaren bat badago, baina askotan, gehienetan, medikuek behar adinako kontzientzia dutenetan behintzat, operazioa ez dute agintzen ezinbestean baizik; eta nik uste dut horretan garela. Arriskua dugu operazioan, baina arriskua dugu, eta, nire ustez, askoz ere arrisku gehiago, operazioa ez egitean”.
Batzorde teknikoaren programari jarraiki, ortografiaz,deklinabideaz eta lexikoaz aritu baziren ere, gauza jakina da H hizkiaren gaineko proposamenak harrotu zituela hautsak. Orduko hartan, eta atzetik jarraian helduko ziren kalapitetan ere beste horrenbeste, ez ziren epelkeriatan ibili eta salaketa antologikoak entzun behar izan zituzten batzuek eta besteek. Zenbait adibide.
“Gaur euskaldunak seitik bost H gabe. Gehienen kalterako dena ezin daiteke euskararen onerako izan”, esan zuen aita Mujikak, eta gaineratu: “Jaun-andreak, ez dezagun indioarena egin! H letrak ez du garrantzirik batasunerako”. Piarres Xarritonek, berriz: “Euskara Batua bezala gipuzkera eskatzen dutenei galdetuko nieke ea gipuzkera horretan inperialismoa H-rekin edo H gabe idazten den”.
Luis Villasantek, gerora, H letraren iskanbila Arantzazuko Biltzarrean deituriko artikuluan kontatu zuenez, Pierre Lafitteren ekarpena erabakigarria izan zen auzia baretzeko. Hark hitza hartu orduko isildu egin omen ziren denak, “Iparraldeko euskal letren patriarka beneragarria entzuteko. Eta, mamiz, hauxe esan zuen. Iparraldekoek, alegia, segituko zutela H erabiltzen, zeren eta haientzat utzi ezinezkoa baitzen. Hemengoei, aldiz, berak eskatzen zien ez zezatela letra hori har, horrenbeste istilu eta eragozpen sortzen zienez geroz”.
Zeruko Argia astekariak hitzez hitz jaso zuen Lafitteren esana: “Nik ez nuke H-rik erabiliko, gure aldean hemendik lasterra ez baita H-rekin idatziko, zeren eta euskara gero eta gutxiago idatziko da Ipar Euskal Herrian; ez gaitezen lotu galtzera doan ontziari”.
Bazen, bestalde, irizpide linguistikoetatik harago jotzen zuenik ere, argudioen bila. Josu Arenazaren aburuz, esate baterako, H letra “sinbolo politikoa” zen, “igitaia eta mailua, svastika edo biak batera bezain politikoa”. Halako susmoak zituztenentzat, batasuna kristautasunari gorrotoa, komunismoa, marxismoa, ateismoa eta beste ezartzeko bidea besterik ez zen.
Ipar Euskal Herrian, berriz, “H-z itota ginen, eta haiek murrizteko eta kontsonanteen ondotik ezabatzeko proposamena egin zuten Baionan”, azaldu zuen Janbattitt Dirassar idazle eta kazetariak, eta gaineratu: “Hegoaldean liskarra H-ak sortu bazuen, Iparraldean X-k eman zituen lanak. Gero eta gehiago aipatzen genuen euskara batuaren beharra geure artean, baina denak ez ziren X-ren aldekoak. Irakurleak galtzeko beldur ziren”.
1968ko urriko biltzar hartan, iritzi, purrustada, salaketa eta gainerakoak entzun ostean, batasunaren alde egiteko deliberoa hartu zuten euskaltzainek. H-aren edo X-ren erabilerak bezala, apurka eta gradualki urratu zuen bidea euskara batuak, bereziki, Luis Villasantek Manuel Lekuonaren aulkia hartu zuenetik aurrera.
Batasuna, ordea, ez zuen Euskaltzaindiak bakarrik egiten ahal. “Ez dut nik gutxietsiko idazleen indarra, baina, batasuna ametsen erresumatik gure lurrera jaitsiko baldin bada, ikastolen laguntza nahitaezkoa dugu”, aipatu zuen Koldo Mitxelenak, “Aditz Batuaz” txostenean, 1972an. Eta ikastolek edo irakaskuntzak ez ezik, bereziki komunikabideek eman diote gerora, ahotsa eta gorputza ofizialki duela mende erdi abiatu zenari.
Jerardo Elortza idazle eta irakasle oñatiarra lekuko izan zenArantzazuko bileran, baita Bergarako Biltzarrean ere, 1977an, batasunaren bidean egindakoa berrikusi eta aurrera jarraitzeko asmoa berretsi zeneko hartan, hain zuzen. UNEDeko irakasle zen orduan, euskara sailean. Bere ustez, gorabehera asko izan ditu euskara batuak, zenbait gauza pobretu egin dira, eta bere gusturako “giputzegia geratu da, batez ere komunikabideetan”. Desorekaren errua, ordea, ez dago euskara batuan, “euskara batua egiten dutenen erabileran baizik”. Adibidez, “gerturatu esaten da denetarako, hurbildu ere bai tarteka, baina batez ere gerturatu, baina hurreratu zen klasikoa, ez Bizkaian bakarrik, baita Gipuzkoan ere, eta orain ez du inork ere esaten. Erabileraren puruz, hura nagusitu da”.
Jerardo Elortzaren ustez, “kazetari asko, bai Euskadi Irratian, baita ETBn ere, Beterri eta Goierri aldekoak dira”, eta komunikabideetan dagoen desorekak aztergai beharko luke berrogeita hamargarren urteurreneko ekitaldian. Baina zer da euskara batua, etengabean eta denon artean egiten dugun prozesu bizia ez bada. Horren ilustragarri, balio beza Pierre Lafitteren azalpenak: “Konparazione bat eginen dut: maionesa badakizue nola egiten den. Ezartzen da ontzi batean gatza eta piper beltza, eta ezartzen da arrautza bat ere; eta horiek oro behar dira jo eta jo, baina gero olioa isurtzen da tantaka; sobera ezartzen baldin baduzu, huts egiten duzu zure maionesa. Eta, ene ustez, behar dugu holako gauza bat egin euskararekin, behar dugu denen maionesa erreusitu, horretan da guzia”.
Testua: Garbiñe Ubeda